ARKUPEAN

Historia eta oraina

Eneko Bidegain -

2015eko maiatzak 21
Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarria bizirik dago 2015ean. Bistan denez, ez da hutsetik sortu den zerbait. Herri honetako herritar anitzek independentzia nahi dute, herri hau bizirik dagoelako, orain arte bizirik iraun duelako. Hilik edo suntsituak bageunde, Frantziak eta Espainiak guztiz asimilatu bagintuzte, 2015ean ez litzateke halako proiekturik egongo. Halaber, ez genuke euskal estatu bat sortzea aldarrikatuko, lurralde honetan ez balitz sekula euskaldunik izan. Fernandoren egiak dira. Baita hau ere: estatu izaten segitu bagenu ere ez genuke halako aldarrikapen baten beharrik.

Independentzia ausikika-ausikika kendu ziguten; ausikirik handiena, baina ez azkena, 1512koa izan zen. Nafarroak bere estatua izan zuela erratea ez da XV. mendeko erregimen politikora itzuli nahi izatea, ez eta ere ondoko 500 urteetan deus ez dela gertatu erratea. Data batzuk baizik ez aipatzeagatik: 1789, 1914, 1936… Nazio orok garrantzia ematen dio bere historiari: Frantziako leku anitzek egiten diote ohore Luis XIV.ari edo beste erregeren bati, baina horrek ez du kentzen frantziarrak errotik errepublikanoak direla.

Euskal Herriko historia Nafarroako erresumaren heriotzarekin bukatu ez zen bezala, ez zen erresuma haren sorrerarekin hasi. Garai batez estatu bat eduki izanak argudio sendo bat ematen digu. Baina, Erromatarren Inperioa erori ondoan sortu ziren erresumen artetik, Nafarroak ez balu lortu estatu bihurtzea? Hain segur anitzez ahulago helduko ginen XXI. mendera, baina bizirik egonez gero, estatu bihurtzea aldarrikatzeko zilegitasuna izango genuke, herri bat garenez geroz. Gure iragana, identitatea eta lurraldea ez bagenitu izango, gaur egun ez litzateke aipatuko ez independentziarik (ez al da gutxi aipatzen?), ez erabakitzeko eskubiderik.

Nahiz eta nehork ez duen dudan ezartzen historiaren eta identitatearen funtsezkotasuna, aski berria da, ordea, bi gai horiek kutxa batean itxirik mantendu nahia. Beren burua euskaldun sentitzen ez duten horiek uxatzeko beldurrez, ez omen da komeni argudio horiek gehiegi aipatzea. Jende berria erakartzeko, erakutsi behar dugu balizko euskal estatu batean Espainian edo Frantzian baino hobeki biziko ginatekeela, sozialki, ekonomikoki... Nehor ez dugu engainatuko: mundu guztiak badaki zein den oinarrizko arrazoia.

Euskal estatu proiektua ez da bakarrik hizkuntzaren eta lurraldearen arabera pentsatu behar, bistan denez. Ekonomia, zerbitzuak, energia eta beste hainbat arlo ere sakon landu behar dira. Haatik, bizi hobearen menturarekin eta identitatearen gaia baztertuz jende gehiago konbentzituko dela pentsatzea zilegi den bezala, zilegi da kalkulu horrekiko eszeptikoa izatea ere.

Badirudi, ordea, ez dela aski babesik ikusten independentziaren alde, eta horregatik diskurtsoa aldatu behar dela. Independentzia eskura ikusten zen 70eko hamarkadan. Helburua ez zen bete, eta ez da hurbil ikusten. Zer egin da, bada, gaizki, urte horietan guztietan, independentziaren aldeko indar harremana ez handitzeko?

Iazko udatik hona, batzuek diote gehiegi aipatzen dela identitatea, euskalgintzak gauzak ez dituela ongi egi(te)n... Identitatearen gaia izan al da, ordea, herritarren arteko amildegiaren faktorea? Irakurketa hori egiten da historia gaur hasi balitz bezala, iragan hurbila eta azken hamarkadetan egindakoak aipatu eta kontuan hartu gabe. Historia —urruna eta hurbila— alfonbra azpian sartzean, batzuen eta besteen erantzukizunen bila ibiltzerik ez legoke. Baina horrek dakar gaur egungo egoeraren interpretazio okerrak eta injustuak egitea. Ez dago historiarik gabeko naziorik. Ez dago orainik, iraganik gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna