Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Min sorrak

2015eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Nire adiskide medikuak kontatu dit paziente bat joan zitzaiola joan den astean, bere ezkerreko besoa «sentitzen» zuela eta, kezkati. Minik ote zuen galdetu zion hark, eta nolakoa mina, baina pazienteak ez zuen esaten asmatzen. Mina baino gehiago, zerbait arraro, desberdin zela zioen, «sentitu» egiten zuen hark ezkerreko besoa, eskumako hanka, hatz txikiko atzazala ez bezala, besoa bertan zuela nabaritzen zuela berak. Beso bat bertan duzula sentitzea ez dela gaixotasun bat esan zion nire lagunak, apur bat harrituta; ez ezkerrekoa, ezta eskumakoa ere, gaineratuko zuen hain segur. Pazientea, ordea, ezetz eta ezetz ari zen, temati. Berak ba omen zekien zerbait gertatzen zitzaiola, ondoezen bat bazuen, eta bere ezkerreko besoa deika ari ei zitzaion horretaz ohartarazteko. «Ez al zarete medikuak gorputzaren mintzoa itzultzeaz arduratzen diren bitartekariak?», esan omen zion pazienteak. Entzuteko, beraz, eta zuzen itzultzeko eskatu zion, bere ezkerreko besoak zer zioen ulergarri jartzeko.

Erokeria iruditu zitzaidan hasieran elkarrizketa, baina zer pentsa eman zidan ondoren. Ez dakit zertan geratu zen kontua; ez dakit nire adiskide medikuak espezialistarengana bidali ote zuen pazientea edo metafisiko samarra iruditu zitzaidan elkarrizketan jarraitu ote zuten luze. Edozelan ere, adiskidearekiko errukia baino gehiago, pazientearekiko sinpatia sortu zidan kontu hori entzuteak, nik neuk ere askotan entzuten baititut berez ezeren agerbide edo kausa ez diren seinale-alarmak. Beraz, bat egin nuen nik pazienteak azaltzen zuen dena delako artegatasun horrekin, askotan sentitzen baitut neronek ere zerbait gertatzen zaigula, zer den zehazki esaterik ez dakidan arren.

Seinale bat da, sentsazioa nahiago baduzue. Zerbait gertatzen zaigula iradokitzen dit, adibidez, hauteskunde-kanpaina honetan, salbuespenak salbuespen (eta urriak izan dira benetan) nabaritu dudan anbizio gutxiko giroak. Ausardiarik eza esan nezakeen, edo arriskuak hartzeko gaitasun-falta, baina hori beharbada askotxo litzateke. Jokatzen dena horren garrantzitsua izanik, espero zitezkeenetik jo dute guztiek, aurrez esateko moduko hika-mikak, mezu, proposamenak, isekak eta losintxak baino ez dizkigute eskaini. Normaltasuna deitzen diote horri adituek: eferbeszentziarik gabeko garai atono honetan, txinpartarik gabekoa behar omen du, diotenez. Nire aburuz, alta, zerbaiten seinale ere bada, aukera edo proiekturik ezarena.

Supermerkatuetan produktu zahar eta eskasak daudenean, behera egin ohi du kontsumoak. Irispide laburreko agintarigaiak ditugu edo eskakizun-maila baxuko agintegaiak? Gutxi ematen dute alderdi politikoek, edo gutxi eskatzen du gizarteak? Bietarik izango duela esango nuke. Nire adiskidearen pazienteari ezkerreko besoak hitz egiten dion hizkuntza berberaz ari zait niri politikaren gaineko lardaskeria hau: ahopeka, mezu garbirik eman gabe, baina zerbait gertatzen zaigula iradokiz. Larria da? Batek daki. Zerbaiten sintoma dela esatera ausart naiteke gehienez ere; nire ezkerreko besoa deika ari zait, baina ez dakit zer esan nahi duen.

Alerta gorri handia pizten zait argumentu zahar eta higatu errazak baino hoberik topatzen ez duten ahoberoen ateraldiekin. Koloreak eurak ere gorritu egiten zaizkit, esate baterako, Nafarroako gotorlekutik baskoen inbasioa iragartzen duten Apokalipsiaren tronpetak entzuten ditudanean. Adibide bat da, eta ez, tamalez, bakarra. Hor dago, aurrekoaren zur bereko ezpala, Partidu Popularreko zenbait hautagaik diru-sarreren bermea izatea helburu duen laguntzaren inguruan antolatu duten sasi-diskurtso muturrekoa, zeinak boto-emaileen ehiza merkean inpultsurik zekenenak bilatu egiten baititu. Nola liteke gaur egun ere zabarkeria horrek balekoa dela uste izatea? UPN-k eta PP-k neurtu al dute zer etor daitekeen bide horretatik aurrera eginez gero? Ba ote dakite noraino tenkatu daitekeen bizikidetzaren soka erabateko haustura eragin baino lehen? Botoak ematen dituela argudiatu dezakete, eta, zoritxarrez, horrelaxe dela erakutsi dute urtez urte, hauteskundez hauteskunde. Den-denak balio du helburu merke horretara iristeko? Ezezkoan nago. Behin askatu eta hauspotu eta gero, nork lotuko du kate motzaz populismoaren zakur goseti eta asegaitza?.

Zer gertatzen zaio horrelako argumentuak, oka egin gabe, irensteko eta saritzeko gauza den gizarteari? Ez dakit zein den gaitza, baina argi eta garbi dakit gizarte osasuntsu bati buruz nik espero dezakedanetik oso urruti kokatzen gaituela honek.

Gaurkoa egun egokia zatekeen horretaz gogoeta egiteko, boto-erabakia ez ezik, bototik harago doan erantzukizun indibidual eta kolektiboaz ere hausnartzeko. Txanpon guztiek baitute, berez, aurria eta binperra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.