Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Erdi ustel

2015eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Bagenekien eskuinarena; hots, ñabardurak ñarbardura eta hobetzekoak hobetzeko, egungo sistema mendebaldar orohartzailean jendeon antolaketa egokiak, zibilizazioak, goia jo duela aldarrikatzen dutenena —izan eskuin aitortu, izan zentro-ezker zuri, izan apolitisizmo probetxuzko—. Bagenekien feminismoa arbuiatzen duela, jendarteren antolaketan, indar harremanetan eta ondasunen zein botereen partekatzean hondo-hondoko eraldaketa proposatzen duen heinean. Bagenekien aldaketan sustraitu beharrean, forman, intentzio onetan, eta indibiduo bakoitzaren ahalmenetan ainguratutako berdintasun diskurtsoa dela harena.

Alegia, joko-eremua eta joko-arauak errotik baldintzatzen dituzten faktore sozioekonomiko, politiko eta kulturalak aldatu gabe gizon eta emakumeen arteko berdintasuna dekretatu duela, eta, esaterako, etxe barruko langile zein ama besteei emanena eta etxe kanpoko profesionalik lehiakorrena gorputz berean batzea eskatzen digula andrazkooi. Eta, gainera, maskulinitate eredu nagusiaren sexu desiren hornitzaile gogotsu izatea ez ezik, haren begiradaren araberako edertasuna iristea. Horra hor, arimaraino kateatu zaigun hirutasun santu berria: ama eskuzabala, profesional handia eta standing altuko sexu-langilea gogo-gorputz bakarrean gatzatzea. Eta tripolaritate ariketa horretan ezinak jota gaudenean, agintzen zaigu ondoeza gaixotasun indibidual gisa bideratzeko, eta babesteko psikofarmakologian, psikoterapian, autolaguntzan eta coach-etan; ezikusiarena egiteko sakoneko dimentsio sozialari eta oinarrizko desigualdade eta botere harreman bidegabeei.

Hori, bagenekien.

Uste genuen, ordea, ezkerrarena besterik zela. Hau da, botereen zein ondasunen banaketa justuago baten alde sakoneko eraldaketa proposatzen dutenek ezinbesteko bidaikide zituztela mugimendu feminista, haren ideia eta ezagutzen corpus-a, eta haren praktika. Baina, nago, ustea erdi ustel gertatu zaigula, azken boladan, gurean bederen, alde horretatik etorri direlako epaitze bidegabeenak. Izan ere, autodefentsaren ekite ildoa aitzakia hartuta, gure ezkerraren sektore batek egotzi dio alferrikako jolas bazter-nahastaileetan eta gizonenganako (hots, pertsona zehatzenganako) gorrotoz aritzea. Finean, amorru itsuz burua galdutako ume (eurek) tutelatu beharrekoak izatea. Beste sektore batek, berriz, andrazkook etxetik kanporako lan produktibora egindako urratsaren aitzakian —zeina ideala izatetik urrun egon arren oinarrizko morrontzetatik askatzeko bide izan den—, kapitalismoaren armarik sofistikatu eta indartsuena izatea leporatu diote feminismoari. Are, gizon ona berreskuratzeko ametsean behinolako jendarte ustez zoriontsu eta naturaletara itzultzeko deia egin dute, zeintzuetan jainkotutako naturaren menpe gizonak ehiztari diren zakilak gidatzen dituelako eta emakumeak zaintzaile diren umetokia dutelako sen.

Funtsean, zenbat ekibokazio eta ezezagutza: ez ohartzea —eta onartzea— boterea partekatu eta demokratizatzeko ezinbestekoa dela gizonek pauso bat atzera egitea, eta, noski, hainbeste mendetako azturengatiko tutelatze tentazioei uko egitea. Bestalde, ez jakin nahi izatea feminismoaren proposamena jendarte antolaketa guztiaren muinean bizitza jartzea dela: hau da, haur, gazte, heldu, zahar, zuri, beltz, gorri, emakume, gizon, emakume-gizon, gizon-emakume, sasoiko zein gaixoak ondo bizitzea bermatuko duen antolaketa;adibidez, etxeko lana eta zaintza jarriz ekonomiaren zein politikaren abiaburuetan, emakumeentzat bezala gizonentzat.

Nolanahi ere, honetan guztian amaitzen ari den ezker paradigma baten —kanpoan, baina bereziki gurean— zakilpausia sumatu nahi dut; ziklo bukaerek eragiten duten desorientazio ezinbestekoa. Bestela, matxismoa sumatu beharko nuke eta.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.