ARKUPEAN

Betaurreko gabe, begiak itxita

Mikel Elorza -

2016ko martxoak 1
Bafta eta Urrezko Globoa irabaziak zeuzkan, gure zinema adituek gogorarazi bezala, eta atzokoan behar zuen, atzo ezin zion ihes egin Leonardo di Capriori estatuilla-k. Eta lortu zuen, lortu zuenez. Biba gu eta di capriotarrak. Erdietsi zuen berak eta baita filmaren zuzendariak ere, Gonzalez IƱarrituk. IƱarritu!, gutarra hau ere, zeren zain daude euskal abizen eta genealogien arakatzaileak zuzendari oscaraniztunaren asabak gureganatzeko? Tira, ariko dira, seguru ariko direla, ez alferrik dauzkagu historialariak paleta eta eskuaretxoa arkeologoei utzi eta desagertutako gorpuen ordez ezkutuko arbasoen bila. Klimaren aurka egin du diskurtsoan Di Capriok, lastima errefuxiatuak ez aipatu izana. Une historikoa biribiltzeko bikaina izango zen. Zeren eta une historikoa da, bai horixe; ez Pedro Sanchezi Moncloara iristeko babesa ukatzen badiote Podemosekoek zapuztuko dutena bezain historikoa, unea, baina oso historikoa hala ere. Lastima, halaber, sari emanaldia zuzenean ezin ikusia, lana, lan madarikatua, bestela goizaldera arte telebistaren aurrean geundekeen, baina begirada kritikoz, hori bai, oso kritikoz, zinema independente eta alternatiboan zailduak gara gu, aspaldidanik Zabaltegiren jarraitzaile sutsuak, zuzendari irandarren zerrenda Realeko 80etako ligetako hamaikakoa bezain ongi dakigunak, ez gara zabor-irensle koittaduak. Kritikoak, baina gure garaien seme-alaba ere bagara, aingura ideologikoak erantzitakoak, 140 karakterreko pentsamenduen arora moldatu garenak eta beraz, guztiok ematen dizkiogu arintasun-uneak arimari, ez da kontua eguneko 24 orduak serio eta sakon izatea. Youtubek eta bestelakoek aukera ematen digute and the Oscar goes to ikusi eta entzuteko eta Di Caprioren poz eutsi horretaz nahi adina aldiz gozatzeko, baina zuzenekoa beste kontu bat da. Eta gainera sare sozial eta errepikapenek unerik onenak bai, baina dena ez dute ematen, eta beraz aurkezlearen txiste eta keinu guztiak ezin dituzu dastatu —afroamerikarren aldekoa ondo; emakumezkoen ingurukoa txarra, politikoki ez polita, munduko kritiko guztiok bat gatoz—. Donostia 2016 ez omen zen gala osoan aipatu. Arraroa da: izan ere, lan gaitza egiten ari gara mundu osora hedatzeko ebentoa, haiek emanaldia egiten duten hizkuntza berean gainera, baina tira, egia ere bada usatar hauek oso berekoiak direla, eta kultura alorrean eurena bakarrik interesatzen zaiela. Ez guri bezala, guk haiena ere maite dugu, maite dugu eta ondo ezagutzen dugu, oso ondo, maiz hemengoa...

Eta orain serioago hitz eginda: egia da sakontasun exigentzia ez dela eguneroko bizimodurako lagun komenigarria, ultzerak eta antsietateak eragiten baititu. Jendeak futbola eta zinema-izarren paseoa bere errealitateari uko egin gabe bizi ditu, jakinik biharamunak bezperaren moduan argituko duela gureek gola sartu edo ez, Di Capriok Oscarra irabazi edo ez, eta hain zuzen ere behar gorrian dagoenak ezin diolako errealitateari ihes egin —benetan ihes egin ahal izatea klase-pribilegioa da—, ametsak eta poz kolektiboak eraikitzen ditugu. Guztiok, baita Zizeken obra osoa irakurri duten kritikoenek ere. Ez da txarra. Eta futbola ez bezala, zinemak gainera salaketa soziala ere izan dezake, negozioaren azpian artea ere egon daiteke, diruaren atzean kultura.

Baina ez da egia txikiagoa amu batzuei kosk egin bakarrik ez, pita eta guzti irensten ditugula kanabera muturreraino. Neurrigabeko traszendentzia ez da ona, baina akritizismo erabatekoa ere ez. Betaurrekoak behar dira zenbait gauzari begiratzeko, betaurreko kritikoak, betaurreko moreak... Baina betaurrekoak eranzten ere jakin behar da, begiak itxita edukitzen, distirak ez gaituela itsutuko seguru egon arren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna