Miren Aranguren Etxarte.
ARKUPEAN

Pum! Bagoaz!

2016ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Goizeko zazpietan jo du gaur alarmak, goizegi akaso igande baterako. Motxila prestatu, zerbait gosaldu eta lagunekin elkartzeko irrikak zeharkatu du nire gorputza. Urduri xamar nago; gaur Lilatoia delako, eta bost kilometro egin behar ditudalako korrika, eta aspaldi korrika atera gabe nagoelako. Bestetik, zeruak laino beltz potoloak besterik ez duelako, Kantauri aldean beste egun euritsu bat izango delako, asko bustiko naizelako, bustitzera joango garelako, alegia. Baina, hala eta guztiz ere, etxetik atera eta plazara di-da abiatu naiz, gorputza esnatzeko xedearekin.

Berehala topatu ditut behar nituen aurpegi konplizeak. Urduritasunari barrezka aurre egiten diotenak, norberaren muga asko gainditzeko taldearen indarrean sinesten dutenenak. Besteen aurrean batzen gintuen zerbait partekatzen ari ginela sentitu genuen, sekretu bat, paktu ezkutu bat, delitu bat egitera zoazenean sentitzen duzun konplizitatearen antzekoa.

Lilatoia, emakumeon eskubideen aldeko lasterketa 1990ean ospatu zen lehen aldiz Donostian. Munduko beste toki batzuetako esperientzietan oinarrituta, Euskal Herrian horrelako ekintza bat behar genuela iritzi zuten orduan, eta baita asmatu ere. Borroka feministaren funtsak hartu nahi izan zituzten kontuan Mugimendu Feminista ekintza batean batzeko, eta orduan gorputza, ahalduntzea eta elkarrekintza lotuz, herri lasterketa bat otu zitzaien. Hasieran bragaton izena jarri nahi zioten askok (mundiala!), baina azkenean borroka feministaren kolore bilakatu dugun lila kolorea aukeratu zuten, dudarik sor ez dezan lasterketak zer aldarrikatu nahi duen.

Emakumeen ikusgarritasuna izan zuten helburu nagusi, emakumeak kalean kirola egitera bultzatu nahi zituzten, eta lotsak eta beldurrak alde batera uztera animatu. Adinak, alderdi fisikoak axola egin gabe. Zerbait lehiakorra nahi zuten antolatu, beste lasterketen pare jartzeko, baina parte hartze handia lortu nahi zuten, ondo pasatzeko helburua ere barnebilduz. Bi aldeak osagarriak zirelakoan, bost kilometroko lasterketa martxan jarri zuten.

Ehun bat emakumek parte hartu zuten lehen urte hartan. Aurten, 27. aldian 4.000 emakumetik gora atera gara Donostiako Bulebarretik. Askotarikoak. Emakumeon parte hartzea bermatuta, beraz; geure buruengan sinistu eta tradizio patriarkalak emakumeon gorputzei ezarritako limiteak gainditzeko hautua egin dugu askok. Emakumeok kirolean ikusgarriak egiteko helburua ere beteta, egun bakar batez bada ere, kirol berrien orrialdeak marea arrosak hartu baititu. Eta ez hori bakarrik, herri mordotan emakume talde asko sortu baitira Lilatoia aitzakia hartuta, sekulako boteretze prozesua egin eta kirol anitzetan murgildu direnak. Kirolean parekidetasuna lortzeko helburua, aldiz, oraindik egikaritzeko. Izan ere, kirola androzentrismoaren gordeleku handienetakoa da; oraindik emakumeok gaitasun motriz gutxiago dugula sinesten dute askok; ardura, erabakimen eta zuzendaritza postuetan emakumeen presentzia oso eskasa da; emakumeen kirol lorpenek ez dute aitortzarik, eta kirolean aritzen diren emakumeen baldintzak erabat prekarioak dira.

Zuen lekuetara. Kalera. Prest. Feministok prest! Pum! Bagoaz.

Hantxe atera ginen, patriarkatuak ezarritako ikusezintasuna desafiatzera. Erabat blaituta, baina ez euri eta txingorraz bakarrik, baita feminismoz, elkartasunaz eta ilusioz ere. Atzera bueltarik ez duen patriarkatuaren kontrako lasterketan aurrera. Elkarrekin eta oztopoak oztopo irribarretsu korrika. Lilatoia Donostian garraioarentzako oztopo bat izan zitekeela uste zutenei (Pilar Arana EAJko Donostiako zinegotziari bereziki) Lilatoiaren gisako ekimenek kruzada patriarkalari oztopoak jartzen dioten ekimenak direla ozen aldarrikatzera.

Arnaldo Otegiren hitzak gure egin nahi ditut; «egin irri, borroka egingo dugu eta. Eta borroka egiten badugu, irabazi egingo dugu». Feministok jakin badakigu zer den irri egitea, borrokan dantza egitea. Eta jakin badakigu borrokan irabazten ari garela, irabaziko dugula! Gora borroka feminista! Biba gu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.