ARKUPEAN

Mendekuaren usain zera hori

Mikel Elorza -

2016ko irailak 21
Suziriak botatzen zituzten, bigantxak ere egoten zirela esango nuke, jai eguna zen: liberazio eguna. Atzokoa, irailaren 20a, gure herrian, eta inguruko hainbat herritan, Gipuzkoan. Donostia askatu eta gero, mendebalderantz egin zuten Francoren tropek, Eibar, Ondarroa eta bestera iritsi arte, eta negu osorako egonkortu zen fronte-lerrora iritsi bitartean hainbat herri liberatu zituzten. Hurrengo urtean Bizkaikoak erori ziren; Araba eta Nafarroako gehienak lehendik ziren libre. Nazionalek gure herri batzuk etsai gorrien eskuetatik libre utzi zituzteneko egunak dira, orain 80 urte. Festa-egun izateari utzi zion aspaldi, nahiz eta Franco hil eta urte askotara nostalgikoren batek oraindik ere botatzen zuen itxaferoren bat gurean. Seguruenera ez zen hala izango, baina polita da imajinatzea iraganaren mira duen morroia, falangearen traje urdin eleganteaz jantzita, edo txapel gorriarekin, erdi ezkutuan, ziriari su ematen.

Ez da hain polita, ordea, pertsona bera imajinatzea, gure herrietako batean, beste zenbait su pizten, harro, ezkutuan bizi zirenak beste batzuk zirenean. Berrogeitaka urtez beste batzuk bizi izan baitziren gordean, eta isilik, jasanarazi zietena ostentzen, kontatu ezinean, salatu ezinean. Zeren eta latza baldin bada norberak egin duen ekintza gogorren bat gordean, bizkarrean garraiatu behar izatea, inori kontatzeko gogorik gabe, edo kontatu ezinik, ahaztu nahian maiz, hori latza baldin bada, zer izango da zuri jasanarazi dizutena gorde behar izatea? Zu izan zara baztertua, zerbitzatu behar izan dituzu zure senideen hiltzaileak, bortxatu zaituzte, umiliatu, pentsioa kobratu ahal izatearen truke zure senarra «marxismoaren aurkako gerraren karietara hil zela» deklaratu behar izan duzu —desagerrarazi zuten berberak izanik heriotza-agirian lekuko—, ilea arras moztu dizute, errizino-olioa eman beherako latzarekin kalean ibil zaitezen... eta isilik egon behar. Emakumezkoei gertatu zitzaien batez ere, askatu zituzten herrietan gertatu zen hori.

Suziriak botatzen zituzten nostalgiko horiexek eraginda. Lotsarik gabe orduan, udaleko, zezen-plazako eta edozein toki publikotako palkotik, eserleku nagusitik. Eta toki pribatuetako makurkeriatik.

Dena den, eta efemerideak argia piztuta, maiz pentsatzen dut memoriaren kontu honetan gu geu ere nostalgiko kuadrilla bat garela, Molaren kriptan mezatarako biltzen ziren haiek bezala. Hobien inguruan, oroitarriak inauguratzen, Sartagudako elkarretaratzeetan. Utopia inoiz baino hurbilago izan zuten anarkisten ondorengoak, nagusi zirenekoak; 80etan iraultza egiterik ez eta demokrazia burges honetan erretiro aroko ihes-tutu bakartzat gurasoen aldarrikapena duten troskista eta bestelako —ista batzuk, aitona-amonen kontakizunek eta batez ere kontatu gabeek liluratutako biloba inkieto zenbait... Kuadrilla ez handiegi bat. Ahanzturaren putzutik, hezurren putzuetatik, haiek denak atera beharra dagoela pentsatzen dut, jakina, baina inoizka inpresioa ere bai historiako liburuak ditugula bidaide bakar. Zoritxarrez denborak itxiko dituela zauriak, justiziak bainoago.

Nolanahi den, eta denborak irabaziko badu ere, kitatu gabe gauza asko geratu dira, eta ahal den gehienak kitatzen saiatu behar dugu, gutxi batzuen interesekoa izanda ere. Plaza erdi hutsik egonda ere. Gerra irabazi zuten, baina bakea ere ez dezatela irabazi. Ez behintzat tantorik hartu gabe. Mendeku usaina du eta ez da batere politikoki zuzena bizikidetza balio ia absolutu erabaki duen gizarte honetan, eta kontra ere etor dakizuke boomerang baten gisa (atzo artikulu bikaina egin zuen Elixabete Gamendiak, kasu), baina batzuetan, barka, zein usain ona mendekuarena, zauririk eragiten ez duten mendeku txiki horiena... Botako nituzkeela nik ere itxafero nostalgiko batzuk, alegia, ezkutuan izan behar badu ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna