garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Igogailuetako hizketak

2016ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Aldizkari estilotsu horietariko batean irakurri berri dudanez, gero eta gehiago omen dira munduan, pisuzko gaiei, baita polemikoenei ere, beldurrik gabe heltzeko gonbita egitera datozen ekimenak. Horietariko batzuk demokrazia parte-hartzaileari keinu egin nahi dioten ordezko edulkoratuak lirateke, zirrikitu modukoak, norberaren iritzia jendaurrean entzun dadin, nolabaiteko aldaketa bideratzeko akuiluarena egin dezan, gaurko demokrazia modernoetan halakorik ahalbidetzen ez denez. Beste zenbaitzuk Frantziako tradizioari erreparatzen omen diote —beharbada nostalgia hutsez edo mitifikazioagatik—, Iraultza garaian intelektualak plaza publikoan aritzen zirelako politikaz eztabaidan, eta berdin 68ko Maiatzaren ingurumarian ere —azkenok, plazan beharrean kafetegietan, Jean Paul Sartre eta konpainia, buru—.

Badira, bestalde, bizimodu zurrunak ezartzen dituen manera errepikakorretatik ihesi, elkarrizketa bizi eta konprometituetara jotzen dutenak, kitzikatuko dituen elementuaren bila. Lyne Ismail eta Farah Bushnaq-ek, Arabiako Emirerrietan sortu eta goi mailako ikasketak Kanadan burututako bi emakume, sakon jarduteko deia egiten dute tarteka-marteka Abu Dhabin, horretarako espresuki sortu zuten elkartearen bidez. Begi-bistako datu fisikoez gain (sexua, adina, itxura...), inguruak eta heziketak definitzen dute norbanakoa —alegia, nongoa zaren edo nazionalitatea, eta zertan diharduzun— eta aipatu emakumeoi aspergarriegi iruditzen zitzaien pertsonari hori besterik ez hartzea kontuan, unibertsoaren misterioak edo bizitzaren zentzua eztabaidatzeko aukeraren aldean.

Beste batzuek, arrunt eta praktikoago, politeziazko azalkeriak ekiditea dute helburu: egunean hainbat bider suertatuko zaizkigun elkarrizketa funsgabe eta merkeei aurre egitea eta horretara behartzen gaituzten konbentzio sozialak indargabetzea. Adibiderik argigarriena igogailuan sortu ohi den egoerak emango liguke; ezezagunen batekin edo ezeroso sentiarazten gaituen auzokidearekin gaudela, eta lau pareta estuetan harrapatuta emango dugun tartea luze baino luzeagoa egiten ari bazaigu, azken gorabehera meteorologikoak aipatzeko behar gorria pizten zaigunean.

Igogailuetako adibide horri berari heldu zioten, hain zuzen, Irrational Labs irabazi asmorik gabeko fundazioko kideek ere —nagusiki, giza jokamoldea ikertzen duten psikologoak dira—, konbentzio sozialok zoritxarreko egiten gaituztela sinetsirik, eta aldamenekoa ezagutzea edo harreman estuak sortzea galarazten digutela argudiaturik, igogailuen bueltan arratsalde-pasa atipiko baterako deia egin zutenean. Bi arau zehaztu zituzten aurrez. Lehenengo eta behin, hitzordura garaiz heltzea eta denbora errespetatzea. Berandu iritsitakoei, minutu eskas bategatik izanik ere, ez zitzaien emango parte hartzeko aukerarik. Bigarrenik, guztiz debekatu zituzten axaleko solasak, eta inspiraziorik gabe heldu zirenei gai korapilatsuak proposatu zitzaizkien. Esate baterako, suizidioa edo organo-ematea. Pozik irten omen zuten denek. Berriro saiatzeko gogoz.

Esperimentu bitxi horren berri jakiteak arrunki baliatzen ditudan igogailuetan bizi izan ditudan une asko eta asko ekarri dizkidate gogora. Izan Tolosan, Hendaian, Bilbon edo Iruñean, topikorik handienetik abiatuta ere, sekula ez dira azalekoak izan, gutxitan hutsalak, eta inoiz ez banalak; izatekotan laburregiak, tripetan nahasten zaiguna adierazi ahal izateko, edo luzeegiak, erremediorik ez eta isilik eusteko: «Â¿Usted señora, a qué piso va?», «Vous êtes espagnole?», «Kaixo aspaldiko, zer moduzko bizimodua Frantzia alde horretan?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.