Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Autobusa

2017ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Imajinatu autobus bat, demagun, garraio publikokoa edo haurrak eskolara eramaten dituzten horietako bat. Zu zeuk, irakurle, eta neuk kanpotik begiratzen diogu autobusari, barrura sartzea ez baitzaigu emana. Kristalaren bestaldetik ikusiko dugu hiruzpalau eserleku baino ez daudela libre autobus horretan, eta, zenbatuko bagenitu, 62 bidaiari daudela ikusiko genuke. (53 gizon eta 9 emakume dira guztira, proportzioa interesatzen bazaizu). Joan den urtean bost gehiago ziren. Bada, irudikatu duzun autobus horren barruan pilatzen da mundu osoko herritarron aberastasunaren erdia. Elitea esaten omen zaio.

Oxfam erakundeak urtero argitaratzen du munduko desberdintasun ekonomikoen inguruko txostena, eta Davos gailurraren ingurumarian ezagutzera ematen ditu ondorioak. «Populazioaren %1aren zerbitzuko ekonomia» jarri dio aurten izenburu. Urtero, bada, gobernuz kanpoko erakundeak neurtu egiten du desberdintasunaren jarioa eta, aitor dezagun, modu deigarri batez zabaltzen ditu, maiz sentsazionalismoaren alanbrearen gainean irrist egiteko arrisku handiz.

Aurten ere, urtero bezala, eztabaida antzuan galdu dira auzi honen inguruan iritzia ematera irten direnetatik asko. Txostena bera bezain ohiturazkoa bilakatu zaigu ika-mika: txostenaren azalari erreparatu zaio, mamiari ez heltzeko aitzakia primerakoa ahalbidetuz.

Askok diote Oxfam-en txostenak zientifikoki hutsune nabarmenak dituela, eta aldez aurretik erdietsi nahi duen ondoriora iristeko datuak baino ez dituela kontuan hartzen, eta testuingurutik aterata azpimarratzen dituela irakurketa sinpleegiak eginaraziz. Baliteke hala izatea, zer dakit nik.

Zalantzak sortzen dizkit pobreziaren eta desberdintasunaren rankinga egiteko Oxfam-ek darabilen modu honek, kritika egiten duten erakundeetako askoren ranking eta irizpideek adina, behintzat. Edonola ere, kezka metodologiko hau txikia da hau fondoko itsasoan gertatzen denak eragiten didan ezinegonarekin konparatzen badut. Urtez urteko datuek, fidagarritasuna gorabehera, sekuentzia bat osatzen dutelako, eta sekuentzia horrek joera nagusia: desberdintasunak handitzen ari dira etengabe, arrakala gero eta sakonagoa da, laburrago izan ordez.

Historian zehar, geure kontroletik erabat kanpo zeuden arriskuei aurre egin behar izan die gizadiak iraupena ziurtatzeko. Jainkoen esku jarritako patuaren araberakoa zen geure arbasoen bizi-itxaropena, eta gutxi edo ia batere egin zezaketen destino petralak ekarritako ausazko kalteen aurrean. Lehorte batek herria suntsituko zuen, edo uholde batek; izurriak herri osoak desagerraraziko zituen bat-batean, milaka herritar hil eta gainerakoak lazeriarik mingarrienera zigortu, gaitza gehiago ez hedatzen saiatzea izan zitekeelarik, gehienez ere, beren esku ahulduetan zegoen eginkizun bakarra. «Jakingo bagenu zer egin baba beltzok sendatzeko» pentsatuko zuten geure arbasoek; «jakingo bagenu ura mendean hartzen», esango zuten.

Bada, orain badakigu. Gizakiak borrokatu egin zion patu horri, eta neurri handi baten, irabazi egin zuen partida: aldeak alde, lortu dugu jainkoen ausazko zigorren eta gaitzaren arbitrariotasunari aurre egitea. Zertarako, ordea?

Paradoxa handia da. Hizki larriz idazten den Historiari begiratuz gero, egokitu zaigun garai hau bezalakorik ez da izan: mendean hartu ditugu mundua mundu denez geroztik biziraupena eragozten jarri izan duten faktore nagusiak, baina orain geu gara geure iraupenarentzat arrisku nagusia. Ezagutzarena omen den garai honek zerbait hobea eman zezakeen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.