Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Martxoak 9

2017ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Amaitu da martxoko simulakroa eta bagoaz «dagokigun» tokira (uler bedi, arren, ironia). Bagoaz gizarte honek geuretzat propio atondu duen txokora. Amaitu da gizon eta emakumeen berdintasuna guztion ahotan dabilen urteko eguna, eta lasai egin dezakegu lo patriarkatuaren hariak etengabe harilkatzen duen sehaska goxoan: beste urte batez, gainditu egin dugu proba kalte larriegirik sortu gabe, gauzak zeuden tokian bertan utzita.

Amaitu da telebistak gizon eta emakumeen arteko soldata-arraila salatzeko saio berezia antolatzea normala gertatzen den urteko eguna, beraz, 24 ordu horietan jendartean eragiteko jorratu ez diren bidegabekeriek hurrengo urtera arte itxaron beharko dute. Ez du gehiegi axola, egia esan, hurrengo martxoaren 8an egoerak bere horretan jarraituko baitu, alde txikitxoa eginda gehienez ere. 2017. urte honetan ere 123 lanegun izango ditu emakumeon lan-urteak gizonen batezbesteko soldataren mailara iristeko. Lanaldi osorik ez duten hamar langileetatik zortzi emakume izango gara aurten ere, eta zerbitzuetan jarraituko dugu (lan-sari eskasagoa, lan-ordutegi eramanezinagoak...), hamarretik ia bederatzi baikara hor.

Amaitu da politikan eta oro har bote-postuetan emakumeek duten presentzia urria salatzeko eguna. Lasai itzul gaitezke bulegoaren epeltasunera, zeinean emakumeak ez diren heren batera ere iristen, eta urtez urte koxka txikia, ia ñimiñoa, baino ez duten aurrera egiten. Eustatek esan berri du: Europan hiru zuzendaritza-lanpostuetatik bat baino ez dago emakume baten esku, duela hamar urteko proportzio ia bertsuan.

Datuok ikusita, zertarako urgentziaz hartu adarretatik berdintasunik ezaren zezena?

Gauzak normaltasunera itzuliko dira gaurdanik gerora. Behin urtean aldarrikapenak egiteko eguna amaituta, soldata-arraila mitoa dela diotenen txanda izango da, eta urte osoa izango dute azaltzeko ez dagoela arraila deitu dugun hori funtsean soldata-aldea emakumeek egindako hautuaren ondorioa delako. Entzun nahi duenari argi eta garbi azalduko diote emakumeok, antza, zaintzaren ardura geure bizkar gainean hartzea erabakitzen dugulako gertatzen dela soldata-alde handi hori, nonbait Barne Produktu Gordinean kontabilizatzen ez diren zereginekiko kariño edo dohain bereziak ditugulako, antza.

Jakin nahi nuke zer geratu den atzo Emakumeen Nazioarteko Egunaren kariaz aldarrikapenak egitera irten zirenen agendan hurrengo egun edo egunetan eginkizun. Jakin nahi nuke zertan gauzatuko diren onartezintzat jo duten egoerari aurre egiteko neurriak, eta noiz jarriko diren martxan. Baina aitor dut jakin-min apartekoa eragiten didala ondokoak: noiz eseriko dira elkarrekin elkarlana aldarrikatu duten sektore ia guztietako arduradun horiek? Litekeena da agendan apuntatzera joandakoan egun libre bakarra topatu izana, hurrengo urteko martxoaren zortzia, menturaz.

Hala eta guztiz ere, martxoaren 8ko simulakroa beharrezkoa da, bereziki geuretzat, egoera honen pagatzaile nagusi garen emakumeentzat. Oasi txiki bat da urte osoko basamortuaren erdian, eta, hurrengo egunean ere egarri jaikiko garen arren, egun bateko ur-emariak biziberritu egiten gaitu. Utz egiguzue, beraz (zuei ari natzaizue, gizon zein emakume eszeptiko zaituztedan irakurle estimatuoi), egun bakar bat sikiera ispilura begiratu eta geure burua bakarrik ez ikusteko. Jakin ezazue on egiten digula, areago, behar-beharrezkoa zaigula arnasa hartzeko, babesgabe ez sentitzeko, egoera hauen salaketan temati ahotsa altxatzeko, ongi baitakigu urtean egun bakar batez entzun egingo dela garrasi egin nahiko lukeen ahots hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.