Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Artisauak

2017ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Aitona-amonen etxea hustu behar izan genuenean, urteetan zehar pilaturiko beren ondasunak biloben artean banatzeko esan zuen amak, bakoitzak nahi zuena hartzeko. Nik aitonak otorduetan ura zerbitzatzeko erabiltzen zuen pitxerra hartu nuen. Ezin esan nezakeen artelan bat denik, ezta gutxiagorik ere. Kalitate eskaseko buztin arruntez egina da; agerian du buztingilearen hatzek presioa egin zutela ahoari forma emateko eta, erabiliaren erabiliaz, higatuak ditu heldulekua eta hondoa. Ez da perfektua, baina esangura bat du.

Amak kontatu zigun garai batean ohikoa zela artisauak herriz herri joatea, etxerako behar ziren gauzak enkarguz eginda eskaintzeko. Belaunez belaun pasatzen ziren gauza horiek, edo hala esan zigun amak, historiaren pisua geure gainera botaz: haren amari haren amak emango zizkiola, ulertzen kosta izan zitzaidan katea osatuz bezala. Balio ekonomikorik batere ez zuten pieza horiek, eskuz eginak geure familiarentzat; ez ziren, ez dira, bereziki ederrak, ez baitziren helburu horrekin sortu. Baina esanguraz beterik daude.

Garai batean, estimu txikiko langintza zen artisten zeregina, osperik batere ematen ez zuena, artea berbak ofizioa esan nahi baitzuen, bestelako ñabardurarik gabe. Artista eta artisauak gauza bera ziren, eta, ondorioz, maila bertsuan kontsideratzen ziren, adibidez, gazteluko nagusiaren zamaltzainak, txerri-kortetako garbitzaileak, otorduak entretenitzea helburu zuten juglarrak edota baselizetako hormak apaintzen zituzten eskultoreak. Gauzak errotik aldatu ziren balio estetikoak salgaien artean gora egiten hasi zirenean, Berpizkundean, eta une horrez geroztik, elite berria sortu zen: horiei artista esaten zaie ordutik hona, artisauengandik bereizteko.

Kalifikazioak zalantza sortzen du askotan, baina badago bi kategoriak erraz bereizteko modu sinple bat: artistak ez bezala, artisauek anonimoak izaten jarraitzen dute, langile hutsak. Salbuespenak salbuespen, esan beharko nuke.

Artisauak mugan bizi dira, lan artistikoa eta lan praktikoaren arteko bidegurutzean, beharbada bi kontzeptuak bereizi aurreko garaietatik datozelako. Eskuz egiten dute lan eta neurrirakoa da beren egiteko modua, propioa eta transferiezina. Halakoxea da, ondorioz, sortzen dutena: bakarra.

Gauzak iragarri bezala badoaz, apirilaren 8an ETAren armagabetzea bururaino gauzatuta egongo da. Ez dakigu non gertatuko den hori, nola egiaztatuko den, nork hartuko dion txanda pauso honekin ireki den egoera berriari. Batzuek jakingo dute, prozesuaren tolesetan eskuak zikindu behar izan dituzten artisauek jakingo dute, baina ez da guregana iritsi, eta baliteke ez iristea. Transferiezina baita artisauen lana.

Lan anonimoa izan da, garai bateko buztingileena bezalakoa: tailer txikien iluntasunean egindakoa, artistek atseginago duten Gorteetako handikerietatik urruti, bozgorailurik gabe eta ahapeka. Ez da izen-deiturarik gogoratuko pasarte honetazhitz egingo denean etorkizunean.

Egunotan askotan gogoratu naiz aitona-amonen etxetik neurera ekarri nuen pitxer zaharrarekin, eta ohartu naiz bakea, eguneroko bizitzarako nahitaezko diren ondasun ia guztiak bezalaxe, eskuz egiten dela, neurrira. Bakea, artisau-lana denean, ez dela lortzen prozesu mekaniko eta errepikakorrez, alez ale baizik, emaitza begien jo puntuan duzularik, horra iristeko bideari atentzio handia jarriz.

Luzea da artisauaren lana; askok ikusiko ez dutena, zoritxarrez. Akastuna izango da lortuko dena, ez perfektua, baino iraun egingo du esanguraz janzteko gauza baldin bagara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.