mikel elorza
ARKUPEAN

Zirkuitulaburren soka luzea

2017ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Denok deitoratu ditugu Zorrotzako gertakizunak, sutea eta heriotzak. Deitoratuko ez ditugu bada, halako latza izanik? Tartean haurrak, gainera. Gaitzetsiko genukeen, noski, eta penaz hartuko albistea istripua Neguriko txalet batean gertatu izan balitz ere. Batik bat tartean haurrak izanez gero. Aberatsekiko izan litekeen herra moduko hori, desgraziak gertatzen zaizkienean hainbeste ez sentitzera eramaten duena, aberastasunak desgrazia baretuko balu bezala, munta gutxiagoko galerekin gertatu ohi da. Sua piztu eta sendi oso bat kixkaltzea, hori latza da erregaia munduko egur garestienaz egindako altzaria izanda ere.

Txaletekoak baino gogorrago jo gintuen, hala ere, Zorrotzakoak. Gertakariaren ingurukoak. Albistearen osoaz jabetu eta segituan pentsatu genuen, «ezin litekeen gauza da hola bizitzea!». Eta gure arreta eginkizun inportanteagoetara eraman ez bagenu, pentsamenduak segida izan beharko zukeen eta ohartu posible dela horrela bizitzea, uste baino jende gehiago bizi dela horrela. Baldintza horietan, alegia. Bizi bakarrik ez, hil ere egiten dira.

Penaz hartu genuen tragedia, protagonistak ijitoak izanagatik ere. Susmatu genuen izan zitekeela halakorik, hainbeste jende eraikin berean, hainbeste haur eta guraso gazteak eta sendi handiak... Ez baitator bat hori D ereduko gure familia ereduarekin. Errumaniarrak, akaso hegoamerikarrak, baina seguruenik motzaileak, ijitoak. Erraiekin pentsatzera eraman ohi gaituen gaia. Zeren eta erraz egiten da haien alde trumoiak urruti jotzen duenean, aldarrikapen solidarioak aise idatz daitezke distantziatik, baina, «egin al duk hik lanik haiekin?». Galde haiei eskolak ematen dizkietenei, gizarte zerbitzuetakoei, osasun zentroetakoei, etxea okupatu dietenei, hilean hirutan lapurtzera sartu zaizkienei... Galde, galde. Erraza da urrutitik berdin-zalea izatea.

Baina lokatzetan gaudenean denok omen daukagun barreneko ni arrazista hori sortzen omen da. Nik uste dut ez dela egia denok dugunik ni arrazista bat: batzuek badute, eta beste batzuek ez. Eta batzuek oso barrenean, eta beste askok azal-mintzean. Egia da, ordea, esperientzia kaxkarrak izan dituenak, solidaritate-obligazio orokorrari ihes egiten diola. «Bai, ez dugu arrazista izan behar» esango dizu, «baina nik bizi eta ikusi izan ditudanak bizi eta gero...». Ulergarria da guztiz. Eta ene ustetan gure erronka handiena den horren muinera jotzen du, eta da hain zuzen ere erraiek agintzen digutenaren gainetik ikasi behar dugula erabakiak hartzen, bien arteko orekak bilatzen. Ijitoak, moroak, beltzak... asko dira eta, munduak darabilen jiran, askoz gehiago izango dira gure ghetto burgestxiki hauen hegietako lokatzetan pilatuko direnak. Erronka latza dugu.

Baina erne, Zorrotzan gertatutakoaren hari-mutur bat da hau eta ez da lodiena. Han hil direnak pobreak ziren, ijito edo payo. Pobre izateak ezaugarritzen ditu. Miseriazko etxeetan bizi ziren, bizi dira, eta han sua askoz errazago pizten da.

Zeren eta etxe horiek jabeak izango dituzte. Gehienak alokairua ordainduz biziko dira (edo okupa moduan —holako gehiago behar!—). Eta jabeak gutako batzuk izango dira. Ez dut uste multinazional gaizto batenak izango direnik. Gutarrak, ernegatuta Administrazioak oraindik etxeak desjabetu, eraikinak bota eta dirua ez dielako eman. Alde ederra beste nonbait ditugun soberazko etxeekin, 800 edo 1.000 euroko errentak kobra ditzakegun horiekin. Halakoetan gainera maizterrak ez dira hain gatazkatsuak izaten, eta etxea hobeto zaintzen dute! Alkate jaunak ere esan du Zorrotzakoei berriki eskaini zietela instalakuntza elektrikoa aldatu behar zela-eta tokiz aldatzea, eta ez zutela nahi izan.

Bueltan bueltan, garbi geratuko da: errua beraiena da, halako baldintzetan bizitzeagatik. Negurikoa zirkuitulaburrarena izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.