ARKUPEAN

Porrot kolektiboa

Mikel Elorza -

2017ko urriak 11
Abian omen da pisu turistikoen aurkako brigada Donostian. Bost lagunek jardungo dute peskizan, bulego alorreko lana egiten, eta beste bostek —udaltzain gisa— landa-lana egingo dute. Filmeko Eliot Nessen ukiezinak bailiran irudikatuz, brigada eratu berriak liluratu nau, pisu turistikoen xerka Donostian, susmatuz ez dituztela pisuak atxilotuko, baina poliziak hautetsontziak esku-lotuta eramaten ikusi eta gero, dena dela posible pentsatzen hasia nago.

Dena ez. Dena ez dut imajinatzen ahal. Zail egiten zait pentsatzea eratuko dutenik brigada bat pisu hutsak atzemateko —hiru edo laugarren etxebizitza direnak, bigarren etxebizitza edukitzea gure gizarteko elementu progreen artean ere ontzat eman behar den fenomenoa dela kontuan hartuta—. Zail egiten zait pentsatzea pisu hutsak atzeman, konfiskatu eta merkatuan jarriko dituztela, brigada desjabetzaile lorios bat eratuko dutela. Edo, konfiskatu gabe ere —nola egingo diogu eraso jabego pribatuari, gizarte honen oinarrian dagoen balio nagusi eta gorenari?—, lege-neurri fiskal eta administratiboak hartuko direla jabeak merkaturatze horretara behartzeko. Merkaturatu, herritar soilenak ere horietara iristeko moduko neurrietan. Oinarrizkoa den eskubidea bete dadin, bizitzeko toki bat edukitzeko eskubidea. Bizitzeko toki duin bat: etxe bat.

Hauxe baita gure gizartearen porrot kolektiborik handienetako bat, etxebizitzarena. Gure hainbat herritan, jendeak bizi nahi duen herritan, hangoa delako, bertan lagunak dituelako, lana egiten duelako edo, bertzerik gabe, sudurraren puntan jarri zaiolako, milaka laguni ezinezkoa zaio etxebizitza bat izatea. Ez da zail egiten zaiela, ezinezkoa baizik. Ezinezkoa erosketa, bizitza osoan lana eginagatik ere, prezioak iraingarri garestiak direlako, bizitza osorako finantza erakunde baten esklabo eginda ere ezinezko, diru publikoa hartzeko arazorik ez duten erakundeok traba eta komisioa eta azkenean ezetza baizik ez baitute bezeroarekiko haien arreta pertsonalizatuetan (bati baino gehiagori akordatu zitzaion, zorrotz asko, Caixabank eta Sabadellek Katalunia uztean, naufragio kasuetan zeintzuk izaten diren ontzia uzten lehenak!).

Baina ez hori bakarrik, hainbat herritan ez dago alokairurako aukerarik, eta dagoenetan ere soldataren zati oso handi bat edo soldata osoa —mileurotar izatera ere iristen ez den asko dagoelako— eskatuko dizute, etxe arrunt baten alokairua ordaintzeko. Hori ere ezinezko bilakatuz, kasu askotan.

Turismora bideratuko ziren etxe asko, eta horrek areagotu egin du egoeraren larria, baina larria zen turismoaren leherketaren aurretik ere.

Alde batetik, soldatek ez dutelako aspaldian gora egin, eta benetako miseriazko hilekoarekin dabilela lanean jendea, baldintza penagarrietan, eskaintzen zaion lehenengo aukerari heltzen (seguruenik besterik ez delako izango). Esan gabe ez doa, behin eta berriro esan behar baita, panorama honetan emakumezkoa izateak, edo migrantea, edo emakumezko migrantea eta azala apur bat beltzarana duena, drama tragedia bilakatzen du.

Baina batez ere brigadak ez sortzeaz gain, ez delako ezer eraginkorrik egin etxebizitzen arazoari aurre egiteko. Hauteskundeak adina hauteskunde-programa ezagutu dugu, kolore anitzetakoak, eta jarraitzen dugu gazteek (eta etxerik gabeko ez gazteek) etxea erosi edo alokatu ahal izan gabe. Aukerarik ere gabe. Eta gero eta okerrago. Porrot kolektibo latza da.

Aitaren etxea defenditzera kondenatua dago euskal gazteria, gurasoena, baina ez seguruenik Arestik nahiko lukeen motiboengatik, eurena ez dutelako izango baizik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna