Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Amen beldurrak, Pasaiatik Kataluniara

2017ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Ederki jasota geratu dira Estatu indarkeriak gurean eragindako pasarte ilunenetako baten nondik norakoak Yuri Agirrek, Erik Aznalek eta Xabier Otamendik zuzendutako Pasaiako badia dokumentalean. Hain zuzen ere, izenburuan ageri den Pasaiako badia horretan Komando Autonomo Antikapitalistetako Dioni Aizpurua, Rafael Delas, Jose Mari Izura eta Pedro Mari Isart fusilatuta hil zituen Espainiako Poliziak 1984ko martxoaren 22an, interbentzio berezietarako GEO talde bateko kideak buru zirela. Bertsio ofizialak enfrentamendua kontatu zuen; hau da, atxilotzeko asmoz alto eman zietenean tiroka erantzun zutela Komandoetako kideek, eta horrenbestez, poliziek erantzutea beste aukerarik ez zutela izan.

Filmean zehaztasunez daude jasota hilketen une beretik bertsio hori ezinezkoa zela agerian utzi zuten zantzu eta gertakariak, esaterako, lau hildakoen gorpuetan atzemandako tiro zuloen kopuru izugarria —basurdetarako erabiltzen diren postarenak barne— edota segadan giza-karnata gisa erabilitako Rosa Jimenoren legez kanpoko atxiloketa —beraz, bahiketa—. Ederki daude jasota Jimeno beraren, Delas anaien zein Joseba Merinoren tortura lekukotzak, familiek jasotako dei mendekatzaileak, Carlos Garaikoetxea garaiko Jaurlaritzako lehendakariak zein Pako Etxeberria auzi-mediku ospetsuak hasiera beretik bertsio ofizialaren kontra izan zituzten zalantzak eta fusilamenduen aldeko ziurtasunak. Ederki jasota egoteaz gain, barrua astintzen dute.

Nolanahi ere, dokumentalean zeharka bezala agertzen den zerbaitekastindu nau bereziki: segadan hil zituzten Aizpuruaren eta Delasen amen bizipenak. Bere ahoz kontatzen du lehenak, alabaren adierazpenen bidez jakiten dugu bigarrenaren berri, baina biek dituzte elkar lotzen dituzten hari sendoak. Hasteko, dudarik gabe, semearen galerak eragindako sufrimendu handia, eta, halaber, egia argitzeko eta azalarazteko ezinak horri eransten diona. Baina horrez gain sumatzen da hitz esplizituekin azaltzen ez duten zauri bat, sakonak diren pairamen gehienak bezala min sorra, baina etengabea: semeen hautua ulertzeko ezintasuna. Izan ere, lekukotzek agerian uzten dutenez, ama horiek politikatik kanpokotzat dute euren burua, etxean etaseme-alaben ongizatean kokatzen dute euren borroka lekua. Eta gauza bera desio dute beren ondorengoentzat.

Irudikatzekoa da ama horien testuingurua diktadura ilun batean amaitutako gerra-oste baten alaba diren heinean: oinarrizko baliabideen eskasia, isiltasuna eta beldurra. Horrenbestez, edozein hobekuntza personal txiki da garaipen. Edozein eraldaketa kolektibotan eragiteko hautua, aldiz, galtzeko aukera, izua. Etsia. Statu quo-ek ez dute ezer hoberik asmatu jendeok bezatzeko.

Aspaldian borondate oneko ama otzan eta apal horren pare gabiltzalakoan nago. Badugu gure buru-gorputzetan gerra-oste ilunen zantzurik: hemen, geurean, hainbeste urtean txirikordatutako biolentzia askotarikoen matazak eragin zauriak gordin daude oraindik. Mundu esaten diogun Mendebalde honetan, berriz, krisi izendatutako arpilatze orokorrak sortutako gaitzak gainditutakoaren mozorropean dauzkagu, baina metastasiak bizi-bizi. Etsiak bizi gaitu. Horregatik, edozein hobekuntza pertsonal txiki zaigu garaipen. Edozein eraldaketa kolektibotan eragiteko hautua, aldiz, galtzeko aukera.

Eta, hain justu, horrexegatik dira Kataluniako independentzia aldarrikapena edo Bizkaiko zahar-etxeetako langileen borroka luzea hainbesteko irakaspenak: zailtasunak zailtasun, kolektiboki hobekuntza irizten diogunaren desira hori errealaren eremura ekartzea posible dela erakutsi digutelako. Egunerokoan bizimodua ez ezik Bizitza ere sortzea posible dela frogatu digutelako. Arriskuak arrisku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.