Inaki Galdos
ARKUPEAN

Epaitegietan

2017ko urriaren 31
00:00
Entzun
Espainiako Kontu Auzitegiak hala eskatu duelako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) erakunde horretako aurreko legealdiko bi arduradun nagusiak auzitara eramateko hartutako erabakiak benetan harrotu ditu hautsak. Gipuzkoako zaborren inguruan amaiezina dirudien eztabaida baten kapitulu berria, eta ez azkena. Jende askorentzat aspalditxo neketsu bezain gogaikarri bihurtu zen gaia, nire inguruan sumatzen dudanaren arabera behintzat.

Laburbilduz, GHK-ren ustez, besteak beste Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietak errauste planta geldiarazteko hartu zuten hainbat erabaki okerrek kalte ekonomiko izugarria eragin dute eta orain auzitegia da erantzukizunak ezarri behar dituena. EH Bilduren esanetara, ordea, egin zutena zuzen egin zuten eta herritarren agindua jarraitu zuten, gainera, gauzak horrela egiteko. Ez naiz hemen sartuko batzuen eta besteen arrazoietan, baina onar dezadan Foru Aldundia zein GHK hondakinen kudeaketan egiten ari diren lanarekin ados banago ere, ez daukadala oso garbi auzitara jotzeko bide hau egokiena izan den, besteak beste ez dudalako ondo ulertzen auzitaratzea arrazoitzeko erabili dituzten hitz batzuen erabilera, normalean beste kutsu batekin erabiltzen baitira: diruaren desbideratzea.

Sakonean, horra hor berriz ere azaleratuak, alderdi politikoek beste alderdien kontra epaitegietara jotzeko duten joeraren inguruko zalantza eta galderak. Erantzunak ere beti antzerakoak izaten dira: guk egiten dugunean erabat arrazoitua dago; guri egiten digutenean jazarpena eta mendeku egarria da. Nahiz eta sarri kasu ia berdinak izan.

Ez naiz ni alderdi eta erakundeak epaitegietara jotzearen kontrakoa, ezta euren arteko kalapitetan ere. Alderantziz, ikusitakoa ikusita, iruditzen zait askoz ere kasu gehiagok bukatu behar zuketela epaitegietan eta askoz ere politiko gehiagok zigortuta. Baina, horrekin batera, susmoa dut sarriegi hartu dutela bide hori argazki pare bat eta hedabideetan izenburu deigarri batzuk lortzeko helburu bakarrarekin. Beste batzuetan pertsonak birrintzeko helburuarekin ere bai, esan dezagun dena.

Susmoa baino gehiago, ezagutza ere badut. Ezagutu ditut politiko eta alkate ohiak eta euren familiak lur jota, bat etxea enbargatuta ere bai, epaileek arrazoia eman dieten arte, baina betirako arrastoa utziko dien kupidarik gabeko jazarpenaren biktima. Ezagutu dut abokaturen bat ere epaiketa galdu ondoren onartu duena berak abisatu zuela ez zegoela kasurik, baina erantzuna jaso zuena erabaki politikoa zela aurrera egitearena. Eta jazarpenaren lehen lerroan, orain GHK-k auzipetutakoak mendeku politikoaren biktima direla salatzen ari diren asko. Eskubide osoa dute horrela pentsatzeko eta horrela adierazteko, baina urte luzez arerio politikoarekin ibili den bezala ibili denari ezin diot zilegitasun handirik onartu.

Ez da hau gure arteko gaitza soilik, baina iruditzen zait, beste gai askotan bezala, abertzalegoan hegemoniaren bila dagoen borrokarekin gaiztotuago ageri zaigula, behar ez lukeen dimentsioarekin. Nik hala bizi izan dut behintzat. Dozenaka xextra eta epaiketa inolako emaitza juridiko gabe, baina sekulako zauri politiko eta pertsonalekin. Jo bezate epaitegietara benetan, zintzo, pentsatzen dutenek hori dela bidea, erantzukizunak argitzeko, justizia egiteko, erreparazioa gauzatzeko. Baina ez epe motzeko etekina lortzeko ustean edota mendeku bila dabiltzanek. Zoritxarrez, jende gehiegitxok ez du ondo bereizten justiziaren eta mendekuaren arteko marra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.