Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

'Araba', 'alaba', 'aldaba'

2017ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Udara honetan Urbiako zelaietan izandako elkarrizketa: -Ta, ... nongoak esan dezu zaretela?

- Gasteizkoak.

-Hara! Euskaldunak eta Bitorixakuak e! Hori bai meritua!

Horra hor, oraindik ere, gasteiztar euskaldunok kanpoan gaudenean, gure jatorriaz galdetuta, maiz entzuten dugun iruzkina. Normalean, adineko jendea izaten da. Baina ez beti. Harriduraz, kasik miresmenaz, begiratzen dizute (barrutik joño, joño! ateratzen zaie). Duela ez hainbeste, Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat euskaldunentzat Gasteiz Burgoserako bidean, Espainia aldean, zegoen herri bat baino ez zen; arerioaren lurraldean paratutako toki hitsa, hotza, arrotza, metalikoa. Oraindik ere askok antzera pentsatzen dute. Inoiz pasatu dira (egon ez) Gasteiztik, «vasquitos y neskitas» erostera. Akaso noizbait hurbildu dira Arabako Errioxara gure ardoen mehetasun zerutiarra dastatzera. Segituan dira etxerako bueltan. Egun Araban 324.126 pertsona bizi gara (2016, Eustat). Horietatik %76,45 Gasteizen bizi gara (247.820). Azken Inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskaldunak %20 inguru gara. Ia euskaldunak, beste %18. Beraz, hamar arabarretatik ia lau euskaraz ulertu edota hitz egiteko gai gara. Zifra hauek ez dute zerikusirik duela hiru hamarkada zegoen errealitatearekin. Jauzi itzela egin da. Gauza jakina da ezagutza eta erabilera ez doazela batera. Baina 1991tik hona kale erabilera Araban %0,5etik %5,6ra pasatu da. Zenbaki xumeak dira; bai, baina Gasteiz izan da kale erabileran zertxobait gora egin duen leku bakarrenetakoa (1989an %3,9tik %4,6ra pasatu baita 2016an).

Araban eta Gasteizen giro euskalduna gero eta zabalago, anitzago eta ugariagoa da. Mikroklima euskaldun ugari sortu dira. Aiaraldea.com komunikabidea, Alea astekaria, Hala Bedi Irratia bi, Oihaneder euskararen etxea, eta abar. Euskara inoiz baino gehiago entzuten da Gasteizko Alde Zaharrean (ez soilik ostegunetako ikasle euskaldunen parranda mitikoetan, baita gainerako egunetan ere) edo Salburua eta Zabalgana bezalako auzo gazteetan. Euskara bizirik dago, hiri eta lurraldea bera bizirik daudelako. Erresistentzia komunala obratzen duten esperientzia sinboliko garrantzitsuak daude (Gaztetxeak 30 urte beteko ditu, Hala Bedi Irratiak 35), baita hiriburuaren memoria obreroa ahazten ez duten sintomak. Duela aste batzuk Martxoaren 3ko filma grabatu da Zaramaga auzoan, eta hiri osoak eman dio babes beroa, erraiak ukitzen dituen proiektua delako.

Gasteiz eta Araba sormen aldetik ere gorabidean datozen eremuak dira. Artista gazte eta euskaldunen kolektibo ugari sortu dira, baita aginteari planto egin eta alternatiba autogestionatu eta solidarioa egunez egun errealitate bihurtzen duten kolektibo zabalak ere (Errekaleor, kasu).

Kultura-aniztasunean sinesten duen hiria da Gasteiz, proportzioan migratzaile gehien duen hiria da (%12, 2017an). Zerbaitegatik izango da. Horren adierazle izan zen Gora Gasteiz mugimendua, 2015ean Javier Maroto alkate xenofoboa agintetik at botatzeko gai izan zena.

Laster 2018an sartuko gara. Bihar euskararen nazioarteko eguna ospatuko dugu; baita Gasteizen ere: harro, gustura euskara gero eta gehiago maite duen hiriburu eta herrialde honetan. Beraz, pasadaz herrialde hau ezagutzen duzuenoi eskaria egingo nizueke: ezagut gaitzazue gehiago mesedez, maita gaitzazue gehiago, eta utz ezazue faborez alde batera 60ko hamarkadako apaiz, moja, soldadu eta frankistaz betetako hiri estereotipatu haren irudia. Hiri hura desagertu zen. Sei hamarkada igaro dira. Aldaketak eta mikro-aldaketak handiak izan dira. Onerako eta txarrerako. Oraindik ere soziologikoki, pentsamoldez eta formetan frankista ugari dago Gasteizen. Egia da hori, baina ez pentsa Iruñean edo Bilbon gutxiago dagoenik.

Araba, zazpigarren alaba izateari utzi, eta oihartzun handiko aldaba izateko bidea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.