Albistea entzun

ARKUPEAN

Bertsolaritza in & out

Xabier Paya Ruiz -

2017ko abenduak 19

XXI. gizaldiko azken Bertsolari Txapelketa amaitu berritan, Mintzolako ikertzaile gazte batek tesi bikaina aurkeztu zuen azken 120 urteetako bertsolari txapelketetako lau eztabaidagai nagusiak formulatzeko. Bertsolaritza in & out izena jarri zion ikerlanari, bi eztabaidagairen jatorria bertsoen mundua bera izanagatik (in), beste biena bertsolaritzaren jarraipen sistematikoa egiten ez zuen kanpoko behaketan zetzalako (out); eta ingelesaren hautuak nabarmentzen zuen ahozko tradizioen ikerketa akademikoak mundu mailako interesa erdietsi zuela, jakina.

Barrutik hasita, lehenbiziko eztabaidagaiak bertsolaritzaren muinari eragiten zion: txapelketek inprobisazio purua sustatzen zuten ala premeditaziozko inprobisazioari bide ematen zioten? Ofizioetan eta puntu erantzunetan argi samar zegoen purua lehenesten zela, baina ikertzaileak zioenez, bakarkakoetan premeditaziorako joera nabarmena zen: kantuan hasi aurreko isilunea (oilar-batailetan aritzen ziren Euskal Herriko raperoei luzeegia egiten zitzaiena) eta bertsoen egitura gero eta luzeagoa (bai puntutan, bai silabatan) adierazle garbiak ziren. Puruan esan-indarra azken puntuan biltzen zen, eta premeditaziozkoan diluitu egiten zen egitura osora. BCBL ikerguneko azterlan baten arabera, sorkuntzaren psikodinamika ez zen bera kasu bietan gainera.

Bigarren eztabaida gaiena zen, edo, zehazki, bakarkako gaien asmoarena. Ikertzaileak hiru sailetan bereizi zituen, bertsolariari iradokitzen zioten lanaren arabera: deliberatiboak, deskriptiboak eta narratiboak. Deliberatiboak tradiziozkoenak ziren, bertsolariari auzi bat ebazteko eskatzen ziotenak (Egañaren 2001eko Sentimenduen ardagai famatua adibide); deskriptiboak mende hasierako bertsogintza bisualak ekarri zituen (gogoratu Lujanbioren 2003ko Irungo itxaron-gelaren koadroa), bertsolariari ilustratzaile edo itsuaurreko lana eginaraziz; eta narratiboek kontakizun bat osarazten zioten bertsolariari (Sarriegiren 2017ko Iruñeako bakarkakoa aipagai), nahiz eta askotan lehen eta bigarren bertsoetan azken puntu erkin samarrak eragin eta azken bertsoan istorioaren bukaerak txaloaldi handiak pilatu). Zaila da esaten zein izan zen lehenengo, oiloa edo arrautza, hau da, gaigintzak ekarri zituen bertsogintza mota horiek edo alderantziz.

Kanpoko eztabaidei helduta, debateetako bat abeslari versus errezitatzaile dikotomiak sortu zuen. XXI. mende bukaeran txapelketek Europa mailako jarraipena izaten zuten (azpititulazioari esker), baina Frisia, Katalunia edo Sardiniako hedabideek arazoak zituzten zenbait bertsolariren jardunaldiak pantailaratzeko. Testua oinarri izanagatik, ezin azal zitekeen zer zen bertsolaritza «kantu» edo «kantatu» hitzak erabili gabe. Atzerriko aditu askorentzat txundigarria zen txapelketetan ateratzen zen doinu berri kopurua, oholtzaratzen zen bertsolarien gehiengoa partitura bat irakurtzeko gai ez zela kontuan hartuta.

Kanpoko ikuspegitik sortutako azken eztabaida txapelketarekin edo bertsolaritzarekin berarekin lotuta zegoen: bertsolariek beti izan behar zuten hain konprometituak kausa sozial eta politikoekin, eta bereziki euskal gatazkarekin, edo bazitekeen Euskal Herriko zenbait sektorek exijitzen zuten ekidistantzia edo neutraltasun artistikoa nagusitzea? John Foley Ahozkotasunaren maisuak, 2009ko txapelketan Anne Igartiburuk ETB2rako egindako elkarrizketan, azaldu zuen bertsolaritzaren arrakastaren gakoa euskal identitatearen adierazpide izateko funtzioan zetzala, besteak beste, baina posizionamendu politikoek bertsolariak beste edozein artisten pare jartzea zailtzen zuten zenbait kasutan.

Tesiak esaldi hau zekarren azken orrialdean: zer litzateke bertsolaritza eztabaidarik gabe?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...