Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Xabierraldi kanadarra

2018ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Xabierko San Frantziskorena ei den beso ustelgabea Victorian eta Montrealen dabilela badiot, baten batek pentsatuko du toponimook gazteleraz jarri ditudala, eta egiazki Gasteizi eta Elori buruz ari naizela. Oker lebilke, ordea: Nafarroako kopatroiaren besoa ei dena Erromako Gesu elizan egon ohi da, baina egunotan Kanadan dabil, otsailaren bira arte iraunen duen bidaian, Ottawako Catholic Outrech unibertsitate ikasleen elkartearen eskutik.

Goio Aranaren hatzek jarri ninduten bidaia honen jakinaren gainean, teklatuan nire izena zeraman txio bat sakatuz, eta sekula ez diet aski eskertuko, haiek seinalaturiko bideari jarraiki iritsi bainintzen, erromesaldi digitalean, gurtza merezi duen CBC telebista katearen erreportaje ikusgarri batera.

Zorioneko ikus-entzunezko horretan, kazetariak besoz beso elkarrizketatzen du Xabierko sainduaren erlikia Ipar Amerikan zehar hiririk hiri eramaten ari den unibertsitate ikaslea. Angele Reigner du grazia, eta emakumea pozez zoratzen azaltzen da bideoan, zenbaitetan esamoldearen zentzu literaletik hurbil lirudikeen maneran.

«Badakit hezurrak direla, baina nik Xabierko San Frantziskorekin harreman bizia daukadala sentitzen dut, eta ziur naiz bidaiak iraun bitartean oso elkarrizketa interesgarriak izanen ditugula», esplikatu du Regnierrek.

Jarraian, segur aski erlikia gazte unibertsitarioei gertuagokoa sentiarazte aldera, Frantzisko Jatsu Azpilkueta High School Musical pelikulako protagonista bailitzan deskribatu du, itxura batean The Walking Dead telesailerako aproposagoa zatekeen arren: «1525ean Parisko Unibertsitatean ikasi zuen, eta oso popularra izan zen, oso kirolaria zelako, eta seguru asko denbora gehiago ematen zuelako parrandan etxerako lanak egiten baino». Beldur naiz, ez ote duten beso ustelgabea unibertsitario festa batera eramanen, eta katxiei eusteko baliatuko.

Nolanahi ere, Regnierren lekukotzarik zirraragarriena irakurtzeko duzue oraindik. Bidaia Air Canada konpainiarekin egiten ari dira. Eta, Regnierren hitzetan, «100.000tik gora pertsona bataiatu dituen besoa ezin maleten zintan utzi». Gauzak horrela, erlikiarentzat txartel propioa erostea ebatzi zuten. Alta, «zaila izan zen konpainiari telefonoz azaltzea aulkian joanen zena ez zela pertsona bat izanen, baina bai pertsona baten zati bat». Horrexegatik, Regnierrek nabarmendu zuelarik erlikia «first class»-ekoa zela, duda egin nuen, besoaz beraz ari zen, ala hegazkin txartelen kategoriaz.

Beso ustelgabeak Regnier nola txoratzen naute ni istorio navarrista kitschek. Esan gabe doa bideoa bistaratu bezain fite, Euskalerria Irratian aipatu nuela, pasarte baten audioa eta guzti, eta jarraian irratiko webgunera igo nituela bideoa eta istorioaren laburpena, idatziz, artikulu honek daraman izenburu berarekin: Xabierraldi kanadarra.

Atzo, bilaketa batean, duela egun batzuk izkiriaturiko webguneko pieza horrekin egin nuen topo. Eta jabetu nintzen kronika adeigabea zela, bai, baina baita sinpatikoa ere. Eta, hartara, normalizatzailea, ez bainuen aipatzen xabierraldia noiz, nortzuk eta nola sortu zuten.

Egun, Xabierrerako erromesaldia ekitaldi sozial neutrotzat dute nafar askok eta askok. Hein batean erlijiosoa, baina batez ere tradizioarekin lotua. Haatik, Ricardo Feliuk Navarrismo pop liburu argitaratu berrian ederki azaltzen duenez, Xabierrera lehen erromesaldia 1940ko martxoaren hamarrean egin zuten, 36ko gerran Francoren alde arituriko gerlari ohiek, sainduak eman ei zien babesa eskertzeko. Eta xabierraldia hitza bera (zehazkiago, gaztelerazko ordaina: javierada) orduan sortu zuten.

Aurretik gai bera jorratua zuen Ivan Gimenezek, El corralito foral liburuan. Hark esana da arrainek arrainontzian ura ikusten ez duten bezala, nafarrok korralitoan ez garela jabetu izan neutrotzat aurkezten dizkiguten nafar nortasunaren elementu kohesionatzaile ugari ez direla batere neutroak. Ez ahaztea komeni. Navarrismo kitscharekin txoratzen garenok tentuz ibiltzea ere bai, navarrismo popa indartuko ez badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.