ARKUPEAN

Santuak eta testamentuak

Xabier Mendiguren Elizegi -

2018ko urtarrilak 24
Irakurleak ez du jakingo: Xabier Letek, alargun eta ondorengorik gabe, Joxan Artze izendatu zuen testamentuan bere idazlanen oinordeko. Artzek ez dakit zer aginduko zuen bere azken-nahi gisa, hilondokoa axola handia zitzaion gaia izaki.

Testamentuak testamentu, euskaldun gehienok sentitzen ditugu geure, haien ondarea eta emaitzak. Idurre Eskisabelek aurreko batean zioen moduan, 60ko Ez Dok Amairu izan da euskal jendeak kolektiboki bizi izan duen azken esperientzia kulturala; agian 80ko rock radikala ere bai; geroztik, ekarpen interesgarri pila egin den arren (musikan, literaturan, zineman...), kontsumo pribatuaren mailan geratu da haien eragina.

Hortaz, ulertzekoa da santoral moduko batean edukitzea Lete, Laboa, Artze, Lurdes Iriondo... Santuen izaera problematikoa da ordea: perfektuak dira definizioz, ez zaie onartzen makurrik, eta baten batek halakoen berri baldin badu, isiltzea tokatzen da. Horrek azaltzen du, adibidez, Leteren plagioen berri inork eman ez izana, askorentzat kontu ezaguna izan arren, Izagirrek pausoa eman duen arte. Eta, beste guztion isiltasuna salatu ordez, egia esan duenari aurpegiratu diote batzuek...

Isiltasunak, baina, ahaztura dakar luzera, eta ezezagutza. Eta, nire ustez, hainbeste eman diguten sortzaileei egin diezaiekegun omenaldirik zinezkoena haiek entzuten eta irakurtzen jarraitzea da, bere argi-ilun guztiekin; esate baterako, Joxan Artzeren heriotza dela-eta, askotan aipatu eta errepikatu dira haren ausardia, errebeldia, berrikuntza, abangoardia-zaletasuna, esperimentatu nahia... Egia dira horiek denak. Baina egia da, halaber, haren bizitzaren erdia hartzen dutela ezaugarri horiek. 80ko hamarkadan bira bat egin zuen Artzeren pentsaerak, eta, harrezkeroztik, beste jite bat hartu zuten beregan gizakiaren duintasunaren defentsak eta gizarte alienatuaren salaketak; espiritualago bihurtu zela esanda laburbildu daiteke aldaketa hori; kontserbadore bihurtu zela esatea ere ez litzateke gezurra.

Esate baterako, nork ez du gogoan Ama hil zait poema durduzagarria? «Ama hil zait / lanak itota / lanaren amoreagatik hil zait / zertarako den bizitza / jakitera iritsi gabe...». Aldiz, seguru asko oso irakurle gutxik daki (eta dakitenen artean gehinek nahiago dute ahaztu, edo ez behintzat inori gogorarazi), urte batzuen buruan poema horren jarraipen-berregite-ukapen moduko bat idatzi zuela. Poema ezagunaren hasiera hori kopiatu eta gero, halaxe zioen: «honela nioen orain 25 urte, ausarkeria handiz. Barkatu. Orain besterik diot: Ez ote zekien / gure amak / zertan ari zen? / Ez ote, / beti bizi behar balu bezala / bazuen lan egiten, / eta egun berean hil behar balu bezala / bazen bizitzen».

Poemak luzeago jarraitzen du, gurasoen bizimodu sakrifikatua eta jainkoaganako fede zalantzarik gabea goraipatuz (Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat bilduman, 1998). Gaur egungo talaiatik, tradizionalismoaren apologia muturrekoa iruditzen zaigu, gizarte gisa konpartitzen ditugun konsensu inplizitu nahiz esplizituetatik (BECen finkatu omen diren horiek) oso urrun dagoena.

Artze, lehen aurrerakoi bezain atzerakoia izan zen gerora, baina beti ibili zen bere kasa, inoren aginduetara eta ezein modatara makurtu gabe. Esaten zuen horretan sinesten zuen eta eder esaten zuen, entzun nahi zuten lekuetan, komunikabideetako presentziarik bilatu gabe. Haren iritzi gehienen guztiz kontra nago, baina, akritikoki goraturiko santurik nahi ez nukeen bezala, ezta halakoak isilaraztea ere. Etikoki gaitzesgarriak iruditzen zaizkigun sortze-lanak baztertzeko joera indarra hartzen dabilen sasoiotan, gogoratu beharra dago adierazpen askatasunak, hain zuzen, gureak ez diren ideien joan-etorri librea esan nahi duela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna