Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Egia eta arrazoia

2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Egiak ez du inporta. Axola duena arrazoia da». Horixe da Le brio (Una razón brillante) film frantsesaren abiapuntu eta hipotesia. Eztabaida liluragarria da; izan ere, arrazoia eskuratzeko modu asko daude. Batzuk zilegi dira; beste asko ez. Euskal gatazka horren adierazle da.

Mintzakide batek audientziaren arrazoia eskura dezake, baina horrek ez du esan nahi egiaren jabe denik. Esaterako, 2003an, George Bushek mundu osora zabaldu zuen bere argudioa: «Sadam Huseinek suntsipen handiko armak ditu. Beraz, haren erregimenaren kontra ekitea zilegi da». AEB eta mundu osoko komunikabide gehienek bere egin zuten argudioa. Gerora demostratu zen gezurra zela, baina gerrak ehunka milaka pertsona hil zituen.

Katalunian Rajoyren abiapuntua hau izan da: «Katalunian estatu kolpe bat izan da; beraz, 155.a zilegi da». Espainiako komunikabide gehienek duda-mudarik gabe erosi dute kontakizuna. Baina gezur biribila da, matxinada izateko bortxakeria izatea ezinbesteko elementua baita. Europako justiziak ere ez du sinetsi eta hortik PPri arazoak gehitu zaizkio.

Orain, ETArekin beste horrenbeste gerta daiteke. Kontakizun ofizialak honela dio: «ETA odol gosez osatutako kriminal banda baino ez da izan». Bada ez. Ez da egia. ETAren jardunaren inguruan hainbat aburu egon litezke eta den-denek errespetua merezi dute. Baina ETA ez zen odol gosez sortu, baizik eta Francoren gobernuaren aurrean EAJk zuen jarrerarekin konforme egon ez eta gazte talde batek diktadurari beste borroka molde batzuekin aurre egin behar zitzaiola erabaki zuelako.

ETAren historia ezin da epaitu testuingurua kontuan hartu gabe. Izan ere, egun ETA «banda kriminal hutsa» izan dela esaten dutenen artean badira 1973an Carrero Blancoren hilketa bibaka eta jertsea goraka haizatuz («voló, voló...» kantatzen) ibili ziren batzuk, baita egun PPkoak direnen artean ere. Diktadurak marko bat ezarri zuen. Ondoren etorri zen garaiak beste bat, desberdina; eta azken hamarkada hauetan izan dugunak, beste bat.

ETAren amaiera, nire ustez, hainbat faktoreren ondorioa izan da: estrategia politiko-militarraren porrota, herriaren babes falta, presio poliziala eta ezker abertzalearen buruzagitzaren erabakimena. Aldagai guztiak garrantzitsuak izanda ere, azkena funtsezkoa da; izan ere, hori kontuan hartu gabe nekez egongo ginateke gaur ETAren amaieraren atarian.

Iritsi da eguna. Beranduegi? Bai, oso. Zergatik luzatu da hainbeste? ETAren beraren egoskorkeriagatik, betidanik prozesua gidatzeko izan duen joerari azken unera arte eutsi nahi izan diolako eta, baita ere, eta hori ere ozenki esan behar da parean tokatu zaizkion gobernuek gauzak ez dizkiotelako erraztu. Munduko zein Gobernuk uko egin dio armagabetu nahi duen erakunde baten armak hartzeari?

ETAren autokritika. Epelegia? Ezinezkoa da guztiok asebeteko dituen autokritika bat adostea. Batzuei beti irudituko zaie gutxiegi eta beste batzuei gehiegi. Iritziak iritzi, nire ustez, balio handiko adierazpena da. Ongi legoke gatazkan inplikatuta egon diren alderdi guztiek antzeko autokritika-maila erakutsi izan balute. Aizue, testu hau sinatzen duenak 1982an, bi egunez, torturak jasan zituen. Ni naiz Kriminologiaren euskal Institutuak bere txosten famatuan aipatzen diren 4.113 kasu horietako bat. Kargurik gabe atera nintzen polizia-etxetik. Orduz geroztik, Espainiako poliziak ez dit ez errespeturik erakutsi, ezta barkamena eskatu ere. Bide batez esanda, Iñigo Urkullu lehendakari jauna: txosten horretan Ertzaintzari egotzitako 336 kasu daude. Non da zure autokritika? Pertsona horiek ez dute zure arreta merezi?

ETAren amaiera albiste pozgarria da, zalantzarik gabe, baina berezitu ditzagun gertaerak eta aburuak. Arrazoia eta egia ez dira beti gauza bera. Egia latza eta garratza izan daiteke, eta horrela izan da kasu honetan, baina egia beti izan da arimaren ogia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.