ARKUPEAN

Zirt ala zart?

Xabier Mendiguren Elizegi -

2018ko maiatzak 30
Justizia sozialaren eta aberri libre baten nahia sentitzen dituenak, tarteka, ez du ondo eramaten beste pertsona batzuek bi irrika horietako baten alde egin eta bestearen kontra egotea: ezkertiar jakobinoek urduri jartzen dute; abertzale eskuindarrei betertzez begiratzen die, teorian onartzen duen arren konbinazio horiek badaudela eta bere ikuskera bezain zilegi direla. Hala ere, benetan zail egiten zaiguna da ulertzea garai batean ez zela posible aldi berean ezkertiarra eta abertzalea izatea, inori ez zitzaiola buruan kabitzen aukera hori.

Noizbait hasi baina sekula amaitzen ez diren liburu-proiektuen artean banuen bat, non imajinatzen nuen Errepublika garaiko trikitilari goierritar bat, erromeria batean harrika ematen diotena, kantuan propaganda komunista egiteagatik: «Igitaie ta maillue, igitaie ta maillue, zeuen nausi izateko besterik zer behar dezue?». Ildo beretik, Joseba Sarrionandiak ere, Narrazio guztiak bere ipuinen bilduma ixten duen narrazioan, Oroimena eta desira izenekoan, balizko idazle bat asmatzen du, Martin Lezeta, 1900ean Iurretan sortua eta Ingalaterran hazia, kultua eta herrikoia, abangoardista eta euskalduna, komunista eta abertzalea.

Gustatu, gustatuko zitzaigun Martin Lezeta hori edo harako trikitilari heterodoxo hura existitu balira, baina gure fikzioetan besterik ez zeuden halakoak. Egiazko historian, hurbilen geratzen direnak Jesus Larrañaga Txurruka bezalakoak ziren: 1901ean Urretxun jaio eta Beasainen hazi zen; EGI eta ELAko kidea egin zen gaztetan; mutil borrokalari bezain argia; Primo de Riveraren diktaduran atxilotu egin zuten aurrena, eta ondoren, Espainiatik ihesi, Baiona ondoko Bokalera joan zen, 1926an. Han, langile komunistak ezagutu zituen, haien lagun egin, eta Sabinen ordez Lenin hartu zuen gidaritzat. Euskadiko Partidu Komunistaren sortzaileetakoa izan zen, 36ko gerran Errepublikaren alde sutsuki jardun, eta, mila gorabeheraren ostean, 1942an fusilatu egin zuten Madrilen (mihi gaiztoek diotenez, PCEk sakrifikatu egin omen zuen, «abertzaleegi» izateagatik).

Halako istorioekin gogoratu naiz azken Jakin irakurriz, euskara batuari eskainitako alea, non Pruden Gartziaren artikulu bikain bat datorren, 200 urte pasatxoko gure historia intelektualari errepasoa egiten diona, besteak beste konstatatuz euskara eta euskal kultura sistematikoki eta ezinbestean eskuinari loturik egon direla, Frantziako Iraultza sortu zenetik Txillardegi iritsi arte.

Eskema hori buruan edukita errazago ulertzen da zein zaila gertatu zitzaion gerraurreko EAJ elizkoiari 1936ko uztailaren 18an erabakia hartzea: edo komentuak erretzen zituzten deabru buztangorriekin joan, edo jainkoaren izenean Espainia bakar eta uniformea inposatu nahi zutenekin. Buruzagi asko egon ziren zalantzan, lehen asteetan batez ere, eta izan ziren azkenik Francorekin bat egin zutenak ere (Joxe Artetxe euskal idazlea, esate baterako). Hala ere, esango nuke gaurko jeltzaleen artean denak egongo direla harro hartu zen erabakia hartu izanaz, nahiz eta haren ondorioz gerra galdu eta urte luzeetako erbestea edo diktadura jasan behar izan.

Orain ez gaude gerra gorrian, gatazka sozial eta nazionalak bizirik dauden arren, baina bai iruditzen zait EAJ, botere instituzionalaren eta hegemonia sozialaren aldetik bere une goxoena bizi duen arren, bidegurutze baten aurrean dagoela: Espainiako indar atzerakoienen makulu izaten segitzen badu, lasaitasuna irabaz dezake beste bolada baterako, baina agian bere proiektua guztiz urardotzea izan liteke horren ordaina, eta luzera begira diskurtsorik gabe geratzea, autonomiak uzten dituen botere eta diru apurren kudeaketaz kanpo. Zirt ala zart egin behar duela esatea askotxo esatea izango da, baina beharbada oraingoan ez da aski izango egonean egotea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna