ARKUPEAN

Ezpata ez itsuarenak

Mikel Elorza -

2018ko ekainak 6
Inbidia onik ez dagoela pentsatzen dutenetakoa naiz, denak direla gaiztoak. Inbidiak normalean erre egiten du eta min motelak eta biziak eragiten ditu, baina batzuetan kalterik ez egiteaz gain, on ere egin diezaguke. Modu homeopatiko batean, inbidia eragin digun horren aurka ekiteko balio dezake, eta berau bidegabea bada, bada hainbestean. Gauza bat behintzat klaru daukat: fama ona duen beste horren aldean, honek bai mundua mugiarazten duela. Konparaziotik etortzen da, maiz. Eta gorrotoarekiko muga ez da askotan zehazten batere erraza, amorru eragile latza baita.

Gutako askoren bizitzak —eta gure bizitza soziala— epaitegiek noizbait markatuta izan dira, zoritxarrez politikagintza eta jarduera soziala epaitegietan gehiegi gauzatzen den jendarte honetan. Ezpatadun itsuaren ardurapean afera gehiegi utzia dugu, eta hortik nekez atarramentu onik. Askoren bizitzak ukitzen ditu ezpata puntak, eta eremu latz horretan alderaketak beti kalterako dira. Normalean beti egoten delako gurearen aldean onik edo ez hain kaltetua atera den beste norbait, goi klasekoa, ugazaba, diruduna, agintedunen sokakoa.

Espainian ustelkeriagatik zigortutako Gürtel auzikoek jaso duten tratua, epaia irmoa izan bitartean espetxeratu edo ez trantze horretan, mingarria izan daiteke askorentzat. 483,50 euro ez ordaintzeagatik kopla handirik gabe kartzelatutako gaztearen amak esan zidan joan den astean, intziri artean, ea zer arraio gertatzen ari zen, berak semea giltzapean eduki eta 15 urteko zigorra eta ez dakit zenbat eurotako zuloa eragindakoa, berriz, etxera lasai joaten ikusten zuela. Txirritaren lapur txikiena mingaineratu zitzaidan, ezinbestean.

Guk konparaziorako baliatzen ditugunak, beti irabazten ateratzen diren horiek —inbidia bainoago, gorrotoa diegun horiek—, dena dute alde. Sistema haiek haientzat eraikia da eta, beraz, bidegabekeria sistemaren zutabeetako bat da. Tarteka haietako bati egokitzen zaio pagaburu izatea, bai, baina hori gurpilak aurrera egin dezan behar den koipea da.

Eta hala eta guztiz ere, kalterako dira konparazioak. Inoiz bueltan etor dakizkigukeelako, alde batetik, gatazka politiko armatu bat bizi izan dugunez ezinbestean dauzkagulako ebakiko gaituzten ertzak; eta bestela ere sistema sozial honetan beti topatzen ahal dugulako gu baino azpirago dagoenik. Guri inbidiaz, eta gorrotoz, begiratuko digunik.

Hari bederatzi urte izugarrikeria bategatik eta gureari hamabi ezer ez egiteagatik... Hala da. Koadroak egin genitzake, infamiaren historiarako ongi ematen duten koadroak eta salaketak. Baina utzi beharko genituzke konparazioak, alor honetan bederen. Eta zigorrak bere horretan baloratu. 10 urteko kartzela zigorra handia da, ene uste harroan, edozein kasutan da handia. Jakina, kasu batzuetan handiagoa, askoz handiagoa; baina handia da. Eta hiltzaile-bortxatzailea kalean dabilela jakin eta beste batzuk kalte laurdena eraginda edo kalterik eragin gabe gaztaroa lau horma artean bota behar dutela pentsatzeak arrazionalena ere sutu egiten du. Baina kontua da asmatzea su hori bideratzen horri buelta emango dion mugimendu eta sistemetara. Eta Justizia deritzon alor horretan bada zereginik, jendartea eraikitzea ez baita soilik errepideak eta ekitaldiak egitea izango: zigorraren kontzeptua birdefinitu, kartzelaren balioa, auzitegien osaketa eta eskumenak, gizarte-arazoak ebazteko bide berriak... Lehenago ere esan nuen, ez da justizia eskatu behar duguna, Justiziaren goitik beherako iraulketa baizik. Hori bai, zenbaitetan, Altsasuko gazteen auzian kasu, epaia gehi atxiloketak ikusita, eta nahiz arestian esandakoa berretsi, barneak erretzen dizkidan su hori hartu eta bueltan erabiltzeko gogoa ernatzen zaidala ezin ukatuko dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna