mikel elorza
ARKUPEAN

Ez dezagun burua gal

2014ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Zinez gordina da norbait lepo egiten ikustea, zuzenean: belaunikatuta, kamera aurrean, eskuak bizkarrean lotuta, fundamentalista hiltzaile batek aiztoa erabilita. Biktima edonor dela gogorra, are gogorragoa da biktima kazetari zuri mendebaldar bat denean. Berez are gogorragoa ez, ezpada oihartzunduagoa. Lepo egindakoa James Foley edo Steven Sotloff izan beharrean beste edozein koitadu izan balitz ere, autoktonoa eta ez kazetaria, berdin estutuko litzaiguke barrena. Pantaila bidez ikusi dugunoi. Hori ere onar dezagun. Zuzenean lepo egite bera da latza.

Besterik da, ordea, biktima beste bat izatera, gure gizartea astindu ez zela astinduko, medioek ez ziotela astindu dadin aginduko, ez zela ohartu ere egingo. Sarean hainbat dira argazkiak, zintzur ebaki izugarri gore-ak, albistegietan haizatu ez zaizkigunak (Mexikokoak anitz).

Baina gehienon urdailak berdin zimurtuko badira ere, Mendebaldeko agintarien barrenak ez. Horiek bereziki aztoratu dira eta gainera gizartearen sentimendua ordezkatu nahi izan dute ekintza basatiaren arbuioa egin dutenean, terroristaz gain borreroari harakin deitu diotenean. Ordezkatu nahi izan dute.

(Gure gizartea asaldatuta ez dut sumatu, medioek diote asaldatu dela; eta irudien gogorraz… susmoa dut, susmoa baino ez da, milaka lagun ibili dela sarean hedabideek osorik eman ez duten bideoaren bila).

Baina Hollande Cameron Obama bai.

Sakon aztoratu da Britainia Handiko gizartea, Downing Streeteko 10.etik hala aginduta, ohartu direnean aiztoaren jabeak azentu britainiarra zuela, jihada egitera joandakoa baina haien arteko bat dela ohartu direnean. «Ez da posible, hori britainiar batek egitea!» oihukatzen imajinatu ditut (gogorarazi dit euskal herritar batek ezin zuela hil solemneki adierazi zuen lehendakariaz, atentatu batzuez «no son vascos quienes cometen esas atrocidades»; eta ez ziren, baina hori beste upel bateko sagardoa da).

Britainiarrei zimikoa egin omen die urdailean eta… kontzientzian? Ezetz esanen nuke, kontzientziak bostetan tea eta zazpietan pintak lasai hartzen segitu duela, ez baititut sekula sumatu Irak gainera botatako milaka bonbaren azentu oxfordtarra deitoratzen. Ekialde Hurbila Erdi Arora daraman bidea urratzen hasi zirenean ez zuten azentuari buruzko kezka handirik orain aiztoaren basakeria salatzen dutenek; eta «harakin» tipoko kalifikatibo gutxi ibili dute azken hamar urteetan Iraken burua besoak zangoak bizia eta are inoiz berriro bizi ahal izatekoitxaropena ere galdu duten milaka pertsona horien borreroei buruz.

Ez dizkigutela zuzenean erakutsi, hori ere hala da. Ez dago odol mantxarik play station bitartez lepo egiten duenarentzat. Lepo egindakoa zirtzilatuta geratzen bada ere, horrek ez ditu Europa eta Amerikaren bihotzak urratzen, kazetari koitaduen buruek bai.

Hainbat aldiz esanagatik, eta salaketa sinplea dirudien arren, hala da, eta behin eta berriro esan behar da, jihadisten bideoak haiek eta haien adierazpenek gu nahasi nahi gaituzten aldiro: Irak egungo egoerara AEBetako industria politiko-militarrak eraman du, inoiz botere izateari uzteko asmorik ez duen botere ekonomikoak, eta horrek azaltzen ditu Iraken, Sirian, Libian, Yemenen eta beste hainbat herritan gertatzen diren basakeriak. Lehendik gasolina zegoen tokietan —eremuok ez baitziren lasaiak—, su azkarrago hartu du, jakina, eta kalifatoa bezalako etorkizun historikoetarantz bizkorrago jo.

Munstroak behar dituztenean, munstroak eratu eta antolatzen dituztela esan izan dugu, eta maiz munstro horiek haien aurka bihurtzen direla. Bai. Baina munstrorik handienak eurak dira. Munstroagoa da distantziatik, eta itzaletik, telekomandoz dozenaka lagun zapartatzen dituena kamera aurrean propio landutako parafernalia batekin pertsona bat aiztoz hiltzen duena baino. Ez gehiago, akaso, baina gutxiago ere ez. Momentuan urdailak gehiago estutuagatik ere. Azentua edozein duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.