ARKUPEAN

Pobreziaren geografia

Mikel Elorza -

2014ko irailak 20
Jared Diamond-en Su-armak, germenak eta altzairua liburua, mardula bezain interesgarria da, ezagutzaz betea. Zibilizazio teknologikoki garatuena, mundu osoa konkistatzeko gai izan dena zergatik Europan eta ez beste inon eman den galderari erantzuteko egina da liburua —laburrean esanda—, eta horren zioen bila eta miaketan, antropologia, historia, teknologia eta beste hainbat jakintza-eremu aztertzen ditu, eta erantzunak bilatu eta aurkitzen.

Galdera horixe egiten diote beren buruari milaka lagunek gaur egun, liburua ezagutzen ez dutenak, libururik ezagutzen ez dutenak asko, baina ez Diamonden jakintza asmoz. Madarikazioz egiten dute galdera, zer arraiogatik aberats eta boteretsuak europarrak dira, eta ez haiek. Zergatik miseria han da, miseriak, bat eta bestea. Garatu izateaz, eta batez ere aberats izateaz, idatz liteke, esan liteke berez oso pobreak garela gu, dirua besterik ez daukagula, eta garapena zeri deitzen zaion zalantzan jar liteke, kantuak dioen bezala barizeen kontrako borroka estetikoan aurrera egiteak zenbateraino egiten gaituen garatu. Zalantzan jar daiteke, bai, baina hori dute desio munduaren zati handi batean. Hori ere kaskoratu diegu. Dirua besterik ez daukaten pobreak izatea; edo izateko aukera edukitzea, gutxienez.

Horixe nahi dute batzuek eta gehienek hori baino zerbait oinarrizkoagoa: bizitzeko aukera izatera. Barizeen kontrako ebakuntzak ez, ebolaren aurkako sendabidea nahiko lukete; dengearen aurkakoa... Hori lortzeko teknologia izatea, hemen garatuko ez dena dozena bi mediku eta kooperante mendebaldar hiltzen ez den bitartean. Gogorra da esatea, baina New York, Paris edo Londresko erdigunean ebola kolpe batek jotzeak lagunduko lioke garapen teknologikoari. Ez zarete akordatzen Tamiflu izeneko botika baten zenbat milioi dosi erosi genuen? Haiek gordetzeko biltegien alokairuan soilik milaka euro gastatua da Eusko Jaurlaritza! Ebolak nekez joko du, ordea.

Tropikoetako gaitza delako? Ez, hori ez da arrazoi nagusia (eta berdin dit zientzialariek kontra egingo balidate!). Ez du latz joko, ebolak pobreak hiltzen dituelako baizik. Hiesak jende asko hil zuen Mendebaldean, badakit, gure ingurua ere erasan zuen bortitz, baina beste era batera esango dut: ziurtasunik izan bagenu Afrikako mugak ez zituela gaindituko, San Franciscon gorpuztu ez balitz, sendabiderik nekez izango zukeen.

Zorrotzagoa izanda, esan daitekeena da pobrezia dela ebolarentzat mintegi oso oparo bat, baina batez ere ebolaren hilgarritasunari. Ebolak hiltzen baitu, bai, baina batez ere pobreziak eta miseriak hiltzen dute. Hori da gaur egun, ofiziala ez bada ere, munduko faktore heriotza eragile nagusia: pobrezia.

Eta miseriak ito zaitzake zure likido guztiak jariarazten dituen sukar latz batekin; edo ur gaziak itota. Mediterraneoan. XXI. mendeko holokaustoa bilakatzekotan den itsaso zorigaiztokoan. Planetaren erdigunea Europan jarri duen geografia gorrotagarri horri ihesi, isilean ere orroka ditugu urok. Bare egon edo nahasi, ispilua da. Hondoan dautzan gorpuak gure erreflexua dira.

Mare nostrum? Gezurra. Nostrum aberastasunak dira, haiei uzten ez dizkiegunak. Itsasoa haiena da, haien hilerria, cemeterium nostrum, edo suum, edo ez dakit nola den latinez. Gainera, kolonizatzaile ikuspegia zer den, jakin beharko genuke fulaz, joruberaz, woloferaz, hausaz… nola esaten zaion. Nola madarikatzen den.

Ipar Europa eta AEBetako hondartzak bustitzen dituzten ozeanoen aldean, handiagoa da Mediterraneoaren gatz maila. Ebaporazioagatik dela esango dute zientzialariek. Izerdia eta malkoak ahanzten zaizkie. Pobreziaren geografia madarikatzen dutenen amorrua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna