mikel elorza
ARKUPEAN

Tankeak garajean

2015eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Lantzean behin halako keinuak egiteko ohitura duen patuak bat eginarazi zituen Gudari eguna eta Kataluniako hauteskundeak. Gudari eguna ez da azkenean Gerra egun bihurtu, eta lekukoek diotenez Katalunian atzo gauzak ibili bazebiltzan, normal antzean, kataklismorik gabe. Astelehen latza edukitzea tokatzen zitzaionari, hala eduki omen du eta oso latza izan bada medikuarenera joan ahal izango zuen, eskolak ireki dituzte, europarrak dira oraindik kataluniarrak eta, gutxi asko, dena bazebilen. Messiren belauna izan ezik, zerbait anormala aipatzearren —eta larria, alajaina! eta guztiok deitoratzen duguna, Messi zein den jakin gabe ere, halakorik balego mundu zabalean.

Tankeak, hortaz, garajean gelditu dira, eta Espainiak jarraitu ahal izan du armak Saudi Arabiara eta Egiptora saltzen Kataluniako balizko enfrentamendurako erreserbatu behar izan gabe. Venezuela zen lehen Espainiaren arma-erosle handi bat, eta ez dut uste alde horretatik Felipe Gonzalezek espantu handirik egiten zuenik. Kataluniatik Espainiari zetorkion hekatonbearekin oso okupatuta zegoelako izango zen, disidenteen abokatua.

(Digresio bat: hekatonbea, Grezia Zaharrean, ehun idiren sakrifizioa zen —Anjel Errok menperatzen duen eremuan sartu naiz, barka Anjel—. Espainiako gonzaleztarrek eta objektibotasunaren paradigmatzat euren burua aurkezten duten hedabideek-eta ehun idi ez, lotsarik txikienak ere sakrifikatu dituzte demokraziaren aldarean abentura soberanista eroa salatzen. Hekatonbea izan izan da, beraz; nahiz eta gu ohartu ez. Grezia Berrian, makurragotzen dut digresioa, idirik apenas izango den eta herritarrak eurak dira sakrifizio-gai; eta hala ere botoa Tsiprasi ematen diote, kataluniarrek independentistei ematen dieten legez; behin eta berriro ekibokatuz, unionismo eta demokrazia errepublikar gorenaren guru diren aditu guztien ernegurako).

Hauteskundeetan denek irabazten dutela topikoa bada, Kataluniako azken hauetan badute txanpon beraren bi aldeek aldarrikatzea garaipena, kutx zeukatenek bezala pil zeukatenek, biek altxaraztea garaikurra. Eta galdu dutenak ere badaude, nabarmen galdu dutenak.

Esan bezala, unionistak pozik, ufff oso luze bat botata, botoetan ez delako %50a lortu, eta plebiszitu izaera ukatu dutenek horri heldu diote tinko, plebiszitua galdu dutela independentistek aldarrika. Hauek, berriz, zilegitasun osoz esan ahalko dute erreferenduma ukatu zietenei hauteskundeetako emaitzekin erantzun dietela, gehiengo nagusia lortuz.

Denetarik dago analisietan, eta analisi asko, baina amorragarriena da ikustea zein lotsa gutxirekin erabiltzen dituzten orain boto-portzentaia eta kopuruak bestelako egoera batean holako gehiengo bat zilegitasun demokratiko absolututzat joko luketenek, jo izan dutenek.

Prozesu soberanistarekin aurrera egiteko zilegitasun osoa badutenek, eserlekuen eta boto kopuruen arteko ika-mikan endredatu gabe, %50a ez dela lortu onartuta, lanean segi eta itxaropena kontrarioengan jarri ahalko dute. Kanpainan bezala, hauteskunde ondorengo lehen erreakzioei erreparatzea besterik ez dago ohartzeko independentistagile handiena izaten jarraitzen duela Espainiako estatuak.

Estatu horren adierazle esanguratsuena den bat hartu nahi dut ahotan, amaitzeko: Espainiako Armada. Iraken atxilotuak jo eta torturatzeagatiko auzia artxibatu egin dute auzitegiek, kolpeen bideoa egon badagoen arren, bideoan ezin omen delako inor identifikatu. Soldaduek bideoa ikusi eta ez dute noski euren burua ezagutu, eta ez beste inorena. Normala da, oso zaila da zure lagun bat ezagutzea bizkarka baldin badago. Bizkarka eta atxilotu bat kolpatzen. Hemen poliziei ere maiz gertatzen zaie. Delitua egin den egun eta ordu horretan beste nonbait dagoen gaztea identifikatzeko ezinago gai eta espezialista diren horiexei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.