mikel elorza
ARKUPEAN

Mantetatik edredoietara

2015eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Hego-haizeak garbitzen dituen zeruetan pasatzen dira, guk haiek garbitzen ez baditugu behintzat, egunotan, antzara eta ahateak, ube bat eginez, hegoaldeko lurralde epelen bila. Gure bizimoduetako isila haien zalapartarekin zulatuz, egunsenti edo gauetan, gure bizimoduari isilik egoten lagatzen diogun garai bakan horietako batean. Egunez pasatzen atrebitzen diren ez dakit, beste hegazti batzuk ere ibiltzen dira, jakinda edo jakin gabe —biologoek esango dute hori— epelerako bidean gure kazuelen beroa topatu ahal dutela.

Antzara eta ahateak hartuko ditut hizpide, ordea, gure labeen beroa nozitzeaz gain, guri beroa emateko ere baliatzen ditugu-eta. Hizkuntzari kasu eginda izena Eider familiako hegaztiei kenduta, orain sintetikoak dudarik gabe, luma eta lumatxez betetako edredoiek estaltzen dituzte gure oheak. Etxe gehienetan izango dira, Barakaldotik hasi eta Baionako barraraino itsasoa laño baitago, eta etxeak Ikea, eta beraz (ia) denen eskura daude. Edredoiak.

Eta hortaz, zenbait etxetan armairuren batean izango badira ere, gero eta gutxiago ditugu garai bateko mantak, tapakiak.

Izan ere, gaur egun zerbaiten sinboloa baldin bada manta, tapakia, errefuxiatuarena da (kalean dvd-ak saltzen ibiltzen direnena ere, erantsi behar dut). Koittaduen bizkarretan ikusten ditugu, gris edo marroiak —garai batean poliziak bezala!—, hondamendietako irudietan ohikoen, baina baita errefuxiatu politiko eta sozialengan ere, eta egunotan Balkan inguruetatik datozkigu manta irudiak. Ez dauka zaila performancea egin nahi duen artistak, tapaki gris triste horiek baliatuta. Oinak lokatzetan, manta goibela bizkarrean, kanpamendura iritsi eta salda edo kafe katilukadak osatzen du argazkia. Letoizkoa katilu edo burruntzalia, jakina.

Saharako kanpamendu lehorretan euriarena, eta tapakiena da uholdea egunotan Serbian, Eslovenian, han nonbait.

Irudia ni neu egiten ari naiz, badakit, topikorik topikoenei heldu eta jezten ditut gure zain sentiberenak ukitu arte. Hala da. Badakit, adibidez, tapakiak maiz ez direla grisak izaten, metalikoak diruditen plastikozkoak jartzen dizkiegula uretan edo hondartzan erreskatatzen ditugunei; metalezkoak diruditen horiek, hildakoak estaltzeko ezagutu izan ditugunak. Premonitorioa ez ote manta bizkarrean jartzeko ekintza bera, dela artilezkoa dela plastikozko isotermikoa? «Tapakia jarriko dizuegu bizkar gainean gaur, leporaino; berandu baino lehen lepotik gora luzatzeko, erabat estali arte».

Nondarrak dira ahateak, batetik bestera dabiltzanak? Jaiotzen diren tokikoak izango dira hauek ere. Edo akaso lumatzen ditugun lurraldekoak, sagar eta aranez beteta labeetan hilobiratzen ditugunekoak. Ala neguan epelera joaten diren lur horretakoak, batzuk azkenean bertakotzen direla gure aitona-amonak Benidormen bezala?

Galdera ergela da, irudi topikoa bezainbat: ez dira inongoak.

Siria, Irak eta Afganistandik irten dutenak bai: haiek badira nonbaitekoak, baina seguruenik ez dute hori orain kezkarik handiena haien epelerako bidaian. Bestelako bat izango dute ardura nagusi: mantak kendu eta edredoiak jantzi ahal izatea.

Hala ikusten dut nik azken asteotan mundua, edredoia ere armairuan gordetzera eramango nauen berogailu zentraletik idazten ari naizela. Berogailuaren aldamenetik erraza baita argazki eta kameren fokua mantetara eramatea. Kentzea adina. Aspaldi esana baitago: fokua jartzea, argazkia enkoadratzea, jende eta objektuak foku edo koadrotik kanpo uztea baino ez da.

Eta tapakiak, berotzeaz gain, zer egiten du? Tapatu, estali, ezkutatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.