Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Ohikotasuna

2016ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Gure etxeko hozkailuak soinu arraroak egiten ditu gauean. Ez da zaharra delako, berri-berria ez bada ere. Etxean sartu zen une beretik hasi zen kolpe lehorrak egiten bere sabel izoztutik, «krak» eta «krak», zerbait adierazi nahian bezala. Konpontzera etorri izan diren guztiek esan digute hori ez dela normala, baina larria ez denez gero, lasai egoteko aholkatu digute. Izan ere, txikikeria bat da deserosotasun hori, ez du ematen berehala horregatik apurtuko denik, eta egia da hori, etxeak eta hozkailuak, akats txikia gorabehera, funtzionatu egiten baitute. Ohitzeko esan digute arazoa konpondu beharko luketenek, guretzako erremedioa emanez, hozkailuarentzakoa ez baitute, antza, aurkitzen. Etxekook, bada, ohitu egin gara, eta zerbait erakutsi ditu honek guztiak: denborarekin edozertara ohitzen da bat, bereziki egoera ez-normaletara. Gu ez gara asaldatzen gauaren erdian «krak» entzuten dugunean, baina noizbait lagunen bat edo senitartekoren bat etxean geratzen bada, biharamuneko gosari-orduan beti aipatzen da hozkailuaren berba egiteko modu xelebrea.

Ohikotasuna salbuespenen gainean eraikitzen dugu. Gauza txikiekin, errepikatzearen errepikatzez balizko normaltasunaren paisaian desitxuratu egiten diren egoera ez-normalen segida isilarekin osatzen da. Zenbaitetan, ordea, agerian uzten du horrek barruan daramatzan akats txiki edo handi horiek, apur bat azalera uzten dituenean. Joan den asteartean, adibidez. Arnaldo Otegi kartzelatik ateratzen ikusi dugu aste honetan bertan, eta jabetu egin gara sei urte eman dituela kartzelan jardun politiko hutsa egiteagatik. Irudiok ikusten ari nintzelarik, bat-batean geure hozkailuaren «krak» horietako bat ozen aditu nuen, sukaldetik baino gehiago, barru-barrutik zetorkidana. Horra, ohitzeraino barneratu dugun normaltasunik ezaren adibide garbi bat, denboraren joanean irentsi, hausnartu eta ia barneratu ere egin ditugun hamaika adibideetako beste bat. Oraingo honetan zartakoak oihartzun handia eragin du, egoeraren neurrikoa, baina ezinbestean pentsatu dut zenbat halako ez ote dugun ia oharkabean pasa egiten, errepikatzearen errepikatzez, zenbat egoera ez-normal hartzeraino iritsi garen.

Otegi Logroñotik ateratzean «krak» entzun nuen, normaltasunaren harresian pitzadura txiki bat sortu izan balitz bezala. Jardun politikoaren defentsa hutsarengatik norbait kartzelara zigortzea ez da normala, baina geurean ohikotasunaren muga beti lausoetan txertatuta egon da. Jardun politikoaren defentsan hurkoa akabatzea ez da normala, baina neurri baten bederen, onartu egin genuen; zorionez, iraganeko aditzaren forma erabiltzen dut oraingoan horren mingarri eta kaltegarri suertatu zen normaltasunik ez hori izendatzeko.

Belarriak adi jarriko bagenitu, zartako horiek guztiek jasanezin bihurtuko lukete eskuarki bare eta lasaia iruditzen zaiguna. Datorren asteartean Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu, eta horren kariaz berriro emango dizkigute egoera erabat ez-normala agerian uzten duten datuak; pitzadura horrek ere «krak» egingo du, zartako ozena, eta puska baten deseroso sentiaraztea lortuko badu ere, gutxi iraungo du. Makina bat adibide bururatzen zaizkit, zuei bezainbeste seguru.

Egoera anormaletara apurka-apurka ohitu egiten da bat; sistema kolapsoraino eramango luke gertakari solte horietako bakoitzak, baina askoren baturak eragin anestesikoa sortzen du, ondorioak lausotuz, egoeraren larria ezkutatuz. Sistemak funtzionatuko badu, antigorputzak garatu egin behar ditu gaitzari aurre egiteko, eta txertoen funtzionatzeko modu berbera erabiltzen du, eraginkortasun handiz: dosi txikietara ohitu egin da gure gizartea, dosi etengabeetara, eta ohartzerako, erresistentzia garatu dugu gaitzaren aurrean, injustizien aurrean, egoera anormalen aurrean. Sistemak funtzionatuko badu, orobat disonantziak integratzeko gaitasuna garatuko duelako izango da eta horretarako, denbora eta errepikapenak bidea errazteko tresna oso egokiak dira.

Normal bizi gaitezke egoera salbuespenezkoek inguratuta, gehiegi asaldatu gabe; gauean lo lasai egiten dugu etxean, lantzean behin sukaldetik datorren zarata horrek apur bat deseroso uzten gaituen arren. Loa eragozteraino ez bada zabaltzen, lasai.

Jakin nahi nuke zein den geure muga, noraino edo noiz arte jarrai dezakegu normaltasunik ezaren dosi txiki horiek hartzen. Noiz arte jarrai dezakegun, alegia, geure burua immunoterapiaren gurpil zoro honen barruan itsu-itsuan elikatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.