Miren Aranguren Etxarte.
ARKUPEAN

Animaliak gara

2016ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Asaldatu naiz, ustezko ongizatearen Europan, Europar Batasuna eta Turkiaren artean azken egunotan adostutako neurriarekin: Greziara iritsiko diren errefuxiatuak kanporatu egingo dituzte, Turkiara bidalita ia-ia iritsi bezain pronto. Angela Dorothea Merkelen hitz koipeztuak entzutean, oraindik eta gehiago asaldatu naiz: Europara iristeko bizitza arriskuan ez jartzeko eskatu die Siriako gerra eta miseriatik ihesean datozenei. Bai, denok dakigu, Merkel andrea, gerrak bizitza bermatzen duela eta zuri bereziki gu guztion bizitzek axola dizutela. Lotsagabea halakoa! Asaldatu naiz, baina baita haserretu, arduratu, izutu, tristatu ere. Ez baitut nahi hau nire izenean egiterik. Ez baitut nahi hau gure territorioetan gertatzerik.

Ahotan darabiltzagu krisia, humanitatea, hesiak eta lokatza. ziurgabetasunean murgildu gara, ur handietan sartu, beste asko lokatzetan hesitu ditugun bitartean. Eta ez humanotzat jo dugu errefuxiatuekin egiten ari garena, animaltasunetik ihesean beste behin ERE, oihanetan gertatzen dena bortitzagoa, arduragabeagoa eta zentzugabeagoa bailitzan. Eta konturatu naiz zoritxarrez ez direla Idomenikoak hesietara eta miseriara kondenatu ditugun bakarrak. Bizitza aspaldi mailakatu dugula, eta bizidun bakoitzak zeinen eta zeren mesedera egon behar duen ere zehaztu dugula.

Europako proiektu ilustratuak bitan banatu zigun begirada. Aljebrako binomioak jarri zizkigun bizitzako esparru guztietan, eta txar/on, emakume/gizon, pribatu/publiko, natura/kultura , etab. banatu zituen. Eta bakoitzari balio ezberdina eman zion, positiboaren marka JARRI ZIGUN batzuei eta negatiboarena besteoi. Eta horrela iritsi gara XXI. mende honetara, zentroan gizona, zuria, jabetzekin eta arrazoiduna daukagula. Eta periferian, eta horren mesedera, beste denok kokatu gara, kokatu gaituzte.

Zorionez, hau guztia identifikatu, begirada findu eta alternatibak artikulatzeko teoria eta praktika feministak ezagutu ditugu nonahi, asko Euskal Herrian, dudarik gabe. Androzentrismoa zalantzan jarri dugu eta zentrora ekarri ditugu, beste gai askoren artean, zaintzak, sexualitateak, aniztasuna eta bizitzak. Gure, pertsona, animalia humanoen bizitzak. Eta, zoritxarrez, horiek jarri ditugu bakarrik, animalia ez humanoenak alde batera utzita. Kultura eta naturaren arteko dibisio patriarkala kolokan jartzearekin batera onartu dugu animalien eta humanoen arteko arrakala. Antropozentrismoa onartu dugu, normaltasun bihurtu animaliak gure mesedera lanean ikustea, haiek konpultsiboki jatea, gainproduzitzeaeta merkantilizatzea. Haiekin ikerketak egitea, maskota gisa edukitzea, ehizatzea eta hiltzea. Espezismoa onartu dugu; haiek animaliak eta gu humanoak bat sortu dugu.

Egunotan, Idomeniko irudiak ikusten genituen bitartean, zenbat aldiz egingo ote genuen «animalien gisara tratatzen dituzte» salaketa. Akaso, animalia ez humanoek, humanook eskaintzen dizkiegun bizi baldintza horiek merezi dituzte? Ez al gara gure, denon ekosistemaren parte? Zergatik sentitzen dugu humanook gehiago garela, garrantzi handiagoa dugula, guk dakigula mundua nola kudeatu haien gainetik?

Patricce Jonesen hitzak nire egin nahi ditut. «Animalien askatasuna serioski defendatuz gero, animalia guztion askatasunagatik egin behar dugu lan, animalia humano eta ez humano guztien askatasunagatik. Feminismoa serioski defendatuz gero, sexismoa errefusatzen dugun bezalaxe errefusatu behar dugu espezismoa».

Eta kezkatzen naiz ez humanotzat jotzen ditugunean humanoak soilik diren jarrerak. Animalia ez humanoen artean ez baitugu holakorik aurkitzen. Egiten ditugun sarraskiak humanitatearen parte dira, ez dira beste inorenak. Anestesia musika taldeak hala abesten zuen, bere burua atxilotzen duen animalia bakarrak garela. Eta baita asmatu ere.

Natura/kultura binomioa puskatzean, sistema patriarkal kapitalistak duen beste zutabeetako bat arrakalatzen ari garela konturatu behar dugu. Eta aitortu bederen mugimendu animalista eta anti-espezistarekin ere ezinbesteko aliantza bat egin behar dugula. Jateko garaian gure plateretan zenbat begi dauden begiratzetik has gaitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.