Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Tabuak, dirua

2017ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Politikoki zuzenak hesitutako eremuan ibili beharrarekin itota sentitzen dela adierazten sumatu dut azken boladan jende franko, baita gainerakoan lubaki politiko kontrajarrietan gotortutakoak ere —egiaren alde, gizonezkoak gehientsuenak—. Diote onberatasun xuri batek janda gauzkala, eta, horrenbestez, giza abereon senezko izatearen ukatze irentzailean zurrunbilatu garela. Deabrutu egin omen ditugu berezko behar, nahi, desira, iritzi eta jarreren agerpenak; are, deabrutu egin omen dugu errealitatea bera den bezala izendatzea. Adibidez, gorputz ederreko emakumea gorputz ederra dela esatea edo beltzari beltza—zuriari zuri bezala—. Askatasun eremuak ireki ordez, tabu berriak ari ei gara eraikitzen, kate berriak sortzen. Eta, begira, ez zait ohar txarra iruditzen, ziurtasun eta arauen etengabeko berrikuspena—hau da, zalantza— iruditzen baitzait askatasuna eta erabakimena zabaltzeko bide seguru bakarra. Hori bai, berrikuspenarekin batera eskatuko nieke kontuan hartzeko egun eta hemen, oraindik, zeinen hurbil dagoen gorputz izatea gorpu izatetik, eta zeinen urrun zuria beltzetik.

Eta zer diren gauzak, esango nuke politikoki zuzenak debekatutako izendaezin horien zerrenda egiten denean guztien artean gaurko eta hemengo tabuena ahazten dela: dirua. Izan ere, irudika daitekeenik-eta gauzarik zatarrenetakoa da inori bere diru kontuei buruzko azalpenik eskatzea: zenbat irabazten duen, zenbat jaso duen oinordekotzan, zenbat gastatzen duen honetan edo bestean, zenbat duen metatua. Aspaldikoa eta mugikaitza da urrezko araua: bakoitzak nahi duena egiten du norberaren diruarekin, baita ipurdia garbitzeko edo sutarako erabili ere. «Berea da», defendatuko dugu; edo, zehatzago, «nirea da». Besterik da, noski, nola eta zergatik egiten den bere edo nire, zeren kontura, noren lepotik... Horra tabuaren parterik gotorrena: diruaren ibilbidea, zeinak beti izaten duen injustiziaren orbaina, jatorrizko bekatuaren itzala. Nolanahi ere, «nirea da» aldarrikatzen dugu, eta printzipio horren gainean eraiki gainerako guztiak, gure aterpe etiko moral osoa.

Printzipio makurra. Besteak beste, posible ez ezik zilegi eta onargarri egiten duelako agintari batek esatea (zentzurik performatiboenean) hilean 650 euroko diru-sarrerekin gaur eta hemen pertsona bat duin bizitzea bermatuta dagoela. Ezinezko ez ezik zital eta itsusia egiten duelako agintari berari galdetzea hilabetean hurkoari opa diona adinako dirutza ez ote daraman une horretan bertan soinean jantzi, erloju, bitxi eta gainerakohornigarrien forman. Zenbat otordu egin daitezkeen (egiten dituzten) diru horrekin gure enbaxadore pribilegiatu izendatu dituzten sukaldarien jatetxeetan. Zenbat kanape banatzen diren ekitaldi ofizialetan.

Printzipio makurra da daukana egiten duelako ukiezin ez ezik, esku hutsik dabilenaren erabakimenaren —beraz, askatasunaren— jabe. Erabaki dezakeelako beste horrentzako bizitza duina dela koipe eta azukre kaltegarriz gainezkako elikagai merkeenekin berdintzea gosea; hotza pasatzea argindar gastuak murrizteko; galarazia izatea zinemara, antzerkira, kontzertuetara joatea, ordenagailu, smartphone, tablet, halako eta besteko ikastaro, ikastetxe jakin eta astialdiko aukerak bezala. Eta hori ez da luxua ukatzea —ez ote den luxua gaur eta hemen kapital ekonomikoaz gain, soziala, kulturala eta sinbolikoametatzeko eta betikotzeko lanabes zorrotzena—, baizik eta osasuna, kultura, hezkuntza, formakuntza galaraztea. Finean, hurkoari eragoztea nor izatearen eraikuntzan, erabakimenean, sakontzeko tresnak eskuratzea. Hurkoari hurko izatea ukatzea.

Makurra da agintari batek gaur eta hemen hori esateak ez duelako botorik kentzen. Oso makurra: ziur aski, botoak eman egiten dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.