Amaia Espinosa.
ARKUPEAN

Euskaldunberriak go!

2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Hainbeste itxaron ondoren, heldu zaigu kurtso bukaera eta berarekin azken hilabeteko urduritasunaren artean, nire ustez beharrezkoak izan ez arren, gupidagabe agertzen zaizkigun azterketa madarikatuak ere bai. Zenbat dakiten frogatu behar omen dute; egunero frogatuko ez balute legez! Baina hori denez araua edo protokoloa, bete beharra dago. Halere, aitortu behar dut, gauza horiek guztien gainetik, urteak emandako fruituak, ia beti, benetan gozoak izaten direla. Hasiera gogorra izaten da, klaseko isiluneak luzeak bezain trinkoak izaten dira eta elkarren ezezagutza mugatzat, lehenengo egunak «aurrerantz begira» ematen dituzte ikasleek. Gero, apurka-apurka, elkarren berri izaten hasten gara eta errepikapenaren poderioz, bakoitzaren istoriotxoak klaseko ardatz bihurtzen hasten dira; hori bai, euskara hedabide dugularik. Horrela jarraitzen dugu ekainera arte. Hilabeteetan egindako lanaren ondoren, euskara lehengaia izateari utzi eta gure harremanetarako tresna baliagarria bihurtzea lortzen dugunean, zoragarria izaten da! Euskara dugu azkenik komunikabide bakarra, baita, zelan ez! sortutako whatsapp taldean ere. Euskaldunberriak deitu diote taldeari, harrotasunez! Berriarena, ordea, sobera dagoelakoan nago; nire ustez, pedigriaren gorabehera, euskalduna euskaraz egiten duena baita, eta kito. Eta egite hori ekintzailea denean are gehiago. Benjamin Franklinek esaten zuen: «Esadazu eta ahaztu egiten dut, irakats iezadazu eta gogoratuko dut, sar nazazu tartean eta ikasi egingo dut».

Egia biribila, lasai asko esan badezaket nire ikasleek benetan parte hartu, tartean sartu eta ikasiegin dutela. Beraz, zorionak denoi! Zorionak euskararekin konpromisoa hartzen dutenei, eta teoriatik praktikara saltoegiten ausartzen direnei.Ohituta gaudelako euskararen gainean berba asko egiten, eta ez beti euskaraz, zoritxarrez. Berba, teoria eta hainbat hausnarketa izanda, hiru urterik behin, iaz azkena, egiten den egoera soziolinguistikoaren gaineko azterketari errepasoa eman diot eta aipatzen diren zenbait esparruei nire ikasleekiko lotura topatu nahi izan diet. Hasteko, gaitasuna aipatzen da, eta aurrerapausoa nabaria dela esaten digute, 1,9 puntu igo ei da 2011tik, neure ikasleak barne, zeren gaitasuna behintzat, ondo erakutsi baitute; euskaran murgiltzeko gaitasuna, lotsak, beldurrak eta aurreiritziak baztertzeko gaitasuna eta denon helburuak burutu arren, ikaskidea laguntzeko gaitasuna ere bai. Transmisioa da bigarren aztergaia. Nire ikasle asko gurasoak dira, eta euren seme-alabekiko komunikazioa euskaraz egitea dute helburu nagusitzat. Batzuek badakite, seme-alaben adina dela eta, zailagoa egingo zaiela ohiturak aldatzea, baina ez dute amorerik ematen. Beste batzuek ordea, lehentasunezko helburutzat jarri dute euren seme-alabekin euskaraz bizitzea, eta bidea egoki jorratzen ari direla esango nuke. Erabilera; gorantz doala diote, eta etxea dela horretan giltzarri. Igoeratxoa ageri omen da, baina kontsolidatzen den ikusi behar. Espero dut ikasleek marka ematea eta ezagututa, seguru nago kontsolidazioaren eragile aktiboak izango direla. Aztertutako azken aldagaia jarrera izan da. Aztertutakoa euskara sustatzearen aldeko herritarren jarrera izan da, eta eboluzioa hoberakoa dela diote; hoberakoa? Primerakoa esango nuke. Jarrera behar delako lana, familia, zaletasunak eta askotan atsedenaren aurretik bi ordu eta erdiko saioan sartu, murgildu eta dena emateko.

Ahalegin eta lanaren ondoren berriz, heldu zaigu fruituak batu eta, aurtengoz jakina, agur esan eta merezitako atsedena hartzeko ordua. Jarraituko dutela esan didate denek, gustura egon direla, eta sinesten diet. Ikasi ere, asko ikasi dutela. Aizue! Baita nik ere; bakoitzetik eta bakoitzarekin, zeren egia berdaderorik badago, Zizeronek esandakoa baita; benetan ikasi nahi baduzu, irakatsi! Disfrutatu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.