ARKUPEAN

Beste txerto bat

Iñaki Galdos Irazabal

2017ko azaroak 14
Azaroaren 5ean galdeketa labekada berri bat ospatu zen Euskal Herrian Gure Esku Dago-k antolatuta. Oraingo honetan hamahiru herritako gizon eta emakumeak izan ziren deitutakoak, batzuk hiri handiak, Getxo adibidez. Jakina da parte hartze txikia izan zela oro har, orain arteko txikiena. Aurreikuspenen kontra, Kataluniako giroa pizgarri baino gehiago uxagarri gertatu zen jende askorentzat. Kontuan hartzekoa.

Baina galdeketetan izandako parte hartze txikia baino gehiago, jende askori bereziki deigarria egin zaio datu horren aurrean antolatzaileek erakutsitako jarrera. Laburbilduz, parte hartzea ez omen da orain hain garrantzitsua, besteak beste mesfidantzak uxatu eta konplizitateak josteko balio duen erronka kualitatiboa da batez ere galdeketena, eta ikaragarria da dinamika horretan lortzen ari dena. Ez da berria pixka bat naif gisa kalifika daitekeen jarrera hau. Duela bi urte pasatxo estadioak betetzearen erronkak huts egin zuenean ere bertsua izan zen. Oro har, erakunde horretatik igortzen diren mezu guztien tonua iruditzen zait bertsua: gozoegia, romantikoegia, baikorregia.

Zalantzak sortzen dira horrelako dinamika eta ekimenei buruz zerbait esateko orduan. Sekulako lana, milaka pertsonak osatutako sare zabala eta arrakastaz burututako hainbat ekimen... Hori guztia onartuta, bidezkoa al da politikoki dinamika horrekin oro har ados dagoen batek porrot bat ikusten duenean hala ikusi duela publikoki adieraztea? Askorentzat ez da legezkoa. Askorentzat etsaiari —hori da sarri erabiltzen den hizkera— ezin zaizkio norberaren ahuldadeak bistaratu. Edo oso bistan daudenean, ezin zaizkio onartu. Beste batzuen ustez, ordea, errealitatea itxuraldatuz ez diogu geure buruari mesederik egiten.

Lizarra-Garazi ia ahaztuko garaietara eraman nau honek guztiak. Orduan ere batasunaren izenean, ilusioaren izenean, lortzear zegoen helburuaren izenean, oso zaila zen barrutik zalantzarik edota iritzi kritikorik adieraztea, nahiz eta borondate onenarekin egin. Kanpotik egurra sobera iristen denez, ez gaitezen gu ozpindu. Baina ez ziren urte asko pasatu autokritika zintzo bezain zorrotzak egin zirenerako. Hauek irakurritakoan, sarri galdetu diot neure buruari ea hain zaila zen hutsune zein hutsegite haiek prozesua indarrean zegoenean ikustea edo ikusten baziren, onartu eta neurriak hartzea.

Herenegun, arkupe honetan bertan, ospatzen ari diren galdeketa hauek sektarismoaren kontrako txertoa direla esan zigun Elixabete Garmendiak. Eta ados nago, ez dut zalantzarik berak Getxon eta beste milaka pertsonak Euskal Herrian barrena bizitakoa hala izango direla, eragin positiboa ere badutelako, berak deskribatu bezala. Baina hori ukatu gabe, zalantza handi bat daukat: Gure Esku Dago erakundeko jendeak egiten dituen balorazioak behartuak diren edo zintzoak.

Eguraldi ez hain onari jarritako aurpegi on behartuaren fruitu badira, uste dut ez dutela ondo egiten, hobe luketela gabeziak onartzen hasi euren lan txalogarria eraginkorrago bihur dadin, batez ere aurreikusiak dituzten urrats berrien aurrean. Baina zintzoak badira, esaten dutena benetan sinesten badute, nik beste txerto bat nahi eta behar dut etsipenezko egoera honetatik aterako nauena. Sekulako ahalegina eginda ere ez dut baikor egoteko arrazoi handirik ikusten. Ez hain baikor behintzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna