Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Politikariak bertsolari

2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Bihar, finala. Final handia BECn. Handia da Aitor Arregi eta Jon Garañoren azken filmaren izena ere. Pantailako erraldoia are eta erraldoiago bihurtzeko bidean da. Barakaldoko oholtza gainean nahiz filmaren istorioan emozioak dira nagusi. Emozioak eta gako-hitzak. Katalunian ere beste final bat bizitzen ari dira. Han ere emozioak ardatz dira.

Hunkitzeko artean bertsolariak maisu-maistrak dira. Adibide zenbait. Maialen Lujanbio, 2009ko finalean. Gako-hitza: sua. Bertsoaren akabera, memorian zizelkatuta geratu zaigu: «Hura asmakizuna/ homo habilisena/ bazun intentzioa/ bazuen sena/ bi harrik elkar jota/ txispa bat aurrena/ asmakizun haundina/ mendetan barrena/ sua da problema/ zenbait basorena / edo jaki dena/ berotzen duena/ eta bi begiradek /sortzen dutena». Txinpartak atera ziren. BEC bera, sutan. Esku zartakoen oihartzunak dardarka utzi zuten hainbaten tinpanoa. Antzeko dardarizoa lortu zuen Maialenek berak aurten, Irunen izandako finalaurrekoan. Kartzelako gaia, hauxe: Dena ondo zihoan, argia piztu den arte. Bertsoaren errematea, zoragarria. «Nire gerripeko zintzilikako/ desira ari da puzten/ itzali ezazu argia eta/ utzi azalari ikusten». Behar den unean behar den tekla eta behar den intentsitatez eta dotoreziaz ukitzea. Hori da gakoa. Momentuak aparteko garrantzia du, baita berritzaile izatea ere. Finalaurreko berberean, agurreko bertsoan, Maddalen Arzallusek ezin hobeki interpretatu zuen eguneko egoera. Carles Puigdemont Bruselako erbestera joan berria zen. Ausart heldu zion gaiari, eta nola, gainera, Doraemon-en doinua erabiliz: «Katalunian egunon eta Belgikan gabon/ Bruselako leihoan bost mamu eta Puigdemont/ Zer pozik bizi diren amets batetik bestera/ ezker eta eskuinekoekin batera Carles Puigdemont/ Magoa ere bada... Bai, egia da hori! Pron pon pon, gora eta gora beti Carles Puigdemont». Pentsa, A3en ere bertsoaren berri eman zuten.

Gako-hitzak eta emozioak. Eduard Punsetek honela azpimarratu du: «Gako-hitzek irudiak sorrarazi eta eremu kontzeptualak berresten dituzte. Gako-hitzak emozioen atariko dira. Eta emozioak ulerkuntza bera dira». Hitz guztiek ez dute berdin funtzionatzen. Faktore asko sartzen dira tartean. Sarritan, kontua ez da norberak esan duena baizik eta jendeak ulertu duena.

Kataluniara bueltatuz, oraingo kanpainak ez du parekorik, guztiz apartekoa da denok ezagutzen ditugun arrazoiak direla medio. Kanpaina inoiz baino mediatikoagoa da. Lehia horretan okerren dagoena Oriol Junqueras da zalantzarik gabe, Estremeratik bidaltzen dituen gutunek pantailaren falta dute. Eta pantailak dira, gaur egun, euskarri nagusia. Sakelakoan nahiz tabletean, telebistan edo ordenagailuan pantaila dugu tarteko. Manuel Castellesek aipatu duen bezala, «komunikabideak ez dira gaur egun laugarren boterea, boterea sortzen den eremua baizik».

Nabarmena da Kataluniako alderdiek kanpaina arraro honetan jendea hunkitzeko egin duten saiakera. Bakoitzak bere audientzia du, baita bere leloa ere: JxCat, «Puigdemont, el nostre president»; ERC, «La democràcia sempre guanya»; Cs, «Ara sí, votarem»; PSC, «Solucions ara, Iceta!»; En Comú Podem, «Tenim molt en comú»; CUP, «21D Dempeus! (zutik!) Ens sobren 155 raons» eta PP, «Espanya és la solució». Nik esango nuke JxCat eta Cs alderdiek zuzenean bihotz edo erraietara jo dutela, gako-hitzak erabiliz, jendea hunkitzeko helburuz. Besteen leloak nahiko geza, iragarriegi edota txinpartarik gabeak iruditu zaizkit.

Komunikazioaren mundua izugarrizko abiadan doa. Egoera horretan komunikazioaren hunkitze-prozesua azkartu egin da. Emozioak ezin ditugu ukatu edo baztertu. Ongi kudeatu behar dira. Artegintza horretan bertsolariak oso trebeak dira. Politikariak, ez hainbeste. Agian, politikariak bertsolari bihurtzea da kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.