ARKUPEAN

Hitzaren gastronomia

Mikel Elorza -

2018ko urtarrilak 17
Mundu zabalean eta unibertso estuan gu ezagun egiten ari diren gastronomiaren lorpenak zer diren, euskaldunok hitzak ere jan egiten ditugu. Damuaren parrillan erreta, lotsaren ozpin-olioa erantsita irensten genituen behiala hitzak; gaur egun, fusio garai sofistikatu hauetan, ahanzturaren tenperatura baxuan luzaz erreta, progresoaren espeziaz lagunduta, pragmatismoaren erredukzio batek azken ukitua jota zerbitzatzen da, zapore, kolore eta testuren leherketan inork igar ez dezan zinez zer jan behar duena: hitza.

Politikari eta batik bat agintarien jardunaz ari naiz, hemeroteka edonoren eskura dagoela jakinagatik ere, hitzen oturuntzan sartzeko erreparorik ez dutenez. Egindako promesak ez dituztela hausten esango dizute, agindutakoak ez betetzea izan daitekeela inoiz, baina haien borondatetik kanpo egoten dela beti horren arrazoia, eta hortaz ez dutela hitzik jaten. Letra batzuk, gehienera ere.

Baina irensten dituzte, irensten dituztenez. Eta ez nabil guztioi gerta dakigukeen iritzi aldaketaz, edo beroaldi batean botatako ahoberokeriaz. Erabat debalde hitz egin ahal izatearen profesionalizazioaz baizik. Zeren eta jaten ez dituztenetan, murtxikatu eta ahoan ibiltzen dituzte, bola elkor irentsezin bat bihurtu arte zukutzen, hitza utzi arte garai batean izan zenaren traza hartuko dionik ez dagoela. Eta jan ere bai, baina digestioa ez zaiela amiñi bat ere astunduko jakitun, hitz-jale adituon urdailak horretarako azidoak garatuak dauzka-eta.

Kamioiak erabat atera behar zituen AHTak gure errepideetatik. Joseba Egibarri entzun nion nik neronek, ene belarri motzokin, aspaldi xamar. AHTarekin Euskal Herrian hitza ez, baina letra bat egin behar zela konbentziarazi nahi gintuenean: y-a beharrezkoa zen, Euskal Herria egituratzeko. Baina kamioiz hustuko balitz gure errepideen mapa —zeina ez den gertatuko—, alfer samarrekoa izango litzateke Gipuzkoan estreinatu berri duten bide-saria, eta beraz Markel Olanok esan diguna, horri esker batuko dugula euro parrastada bat... Bietako batek afaltzeko hitza izango du luze gabe (kamioi-olioaz gozatutakoa). Edo biek.

Trena Donostian hartu, Bilbora lanera joan, eta gauean AHTari esker seme-alabak kulunkatzera iristeko moduan egongo omen zen Josu Jon Imaz. Sic. Honek ere ez du hitza jango, ez trena baliatuko ez duelako, baizik eta martxan hasterako seme-alabek seguruenik kulunka behar handirik ez dutelako izango (bueno, behar hori denok daukagu agian, hazita ere, baina hori beste upel bateko ozpina da).

Eta orain Donostiatik Iruñera joateko Gasteiztik pasatu behar. Behi-buztan batek egindako mapa bat ematen badu ere ibilbideak, zer arraio, horrek ere balio dezala Euskal Herria egituratzeko! Nahiz eta arrazoi nagusia izan Espainiako Gobernuak hala erabaki duela (merkantziak Burgosera ez dituela gure errepideak kamioiz hustu behar dituen tren horrek garraiatuko, hori ere erran du ministroak, gure agintariak ahoa bete hortz eta hitz utziz).

Eta ez dakit zer den okerragoa, pentsatzea ergeltzat gauzkatela herritarrok, edo bost axola zaiela otordua. Espainiako Estatuan abiadura handiko trenekin gertatu dena ikusita, garraiobide gisa tren ahalik eta azkarrenak defenditzen dituztenentzat ere, eguzkitan utzitako astebeteko antxoa pintxoari baino kirats handiagoa dario aferari. Dirutza gastatuko dute, beste hainbat azpiegitura-munstrotan gastatu duten bezala. Baina berdin dio, hitzak haizeak eramaten ditu, edo bestela komun-zuloak.

Esperimentazio-bide alternatiboen garaiotan, politikagintzaren jangeletara ere eskertuko litzateke beganismo eta praktika garun-osasungarriak iritsiko balira, hainbestek hitza ez jateko, hitzak hainbeste ez jateko. Utz diezazkigutela ohitura kardio-kaltegarriak herritar ergeloi, zerbaitean bederen buruaski izan gaitezen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna