Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Txaleta

2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Ezeren gainetik esker ona adierazi nahi diet Pablo Iglesias eta Irene Monterori, Espainiako Podemos alderdiko buruzagiei.Esker ona agertu nahi diet pudorez mozorrotutako autodebekua hautsarazi, eta dugun eta taburik handienaren gainean jarri gaituztelako hizketan: diruaz. Zehatzago, diru jabetzari buruz: izateaz edo ez izateaz, zenbatekoez, zertarakoez, zergatiez. Jarri gaituztelako hizketan diruari buruz bizipenetatik abiatuta, gutako bakoitzaren egoera eta esperientzietatik, eta, ondorioz, ideietatik harago, sentipenek mugituta.

Pentsatzen jarrita, logikoa da Iglesiasek eta Monterok tabua hautsi eta diruaren gaineko eztabaida sustatu nahi izatea, sakona. Izan ere, bokazio jakin batekin lur gaineratu zen Podemos: justizia soziala eduki osoz indarrean jartzea Espainiako Erresumaren menpeko eremu geografikoan. Eta justizia soziala esanahi betez gauzatuko bada, ezinbestekoa da diruari buruzko debatea, jabetzaren eta banaketaren gainekoa, abstrakzio ekonomikoetatik aparte, jendeen bizipen eta bizi ezinetan gorpuztua.

Baina zer diren kontuak, Iglesiasek eta Monterok nahi gabe —areago, beren borondatearen kontra— piztu dutela eztabaida: elkarren bikotekide direnez, elkarrekin erosi duten txaletaren harira. Horrek piztu du debate suharra Bidasoaz hegoalderako sukalde, hedabide, taberna, Twitterreko denbora-lerro, bulego, Facebook-eko horma, parke eta, batik bat, Whatsapp taldeetan. 600.000 euroko etxea erosi baitute Madrilgo landa eremuan: 300 metro karratu, 2.000 metrotik gora lur, igerilekua eta gonbidatuentzako etxetxoa.

Asko dira sumindu direnak, baina bi noranzko kontrajarri hartu ditu erneguak: alde batean daude diruaren bestelako banaketa eta bizipenaren eredutzat zituztelako dezepzioaren amorrua sentitu dutenak —haietako zenbatek ez ote dituzte eredu ez ezik eguneroko bizi zailtasunei aurre egiteko pizgarri ere?—. Bestean, orain arte beren jabetza eredua, eta, batik bat, jabetzen gainean Iglesias, Montero eta enparauen begirada gaitzeslea nabaritu dutenen haserrea.

Baina ez ditzagun geure buruak engaina, bigarren taldekoen sumindurak baduelako bozkariotik, eta ezbaian jarria izan eta gero arrazoiaren jabe sentitzeak ematen duen barne asetasunetik. Honelaxe ari baitira, abentura eraldatzaileen arriskuari zentzua jartzen dion establishment-aren ahotsetik: «Ikusi, ikusi, nola azkenean hori den desiragarria, nola hondo-hondoan denok berdinak garen...».

Eta ez ditzagun geure buruak engaina, zeren eta alde baten eta bestearen arteko hesia ez baitute ideologia —eta are eta gutxiago, alderdi eta sindikatu— atxikimenduek ezarri; ez behintzat, erabat, ez arazki. Eztabaida honetan aditu baititut oso joera iraultzaileko lagunak aldarrikatzen ezkerraren ikusmolde erlijioso gaizki ulertu batek garamatzala Iglesias eta Monteroren erosketa arbuiatzera. Edo okerrago, inbidia soziala dagoela ernegu horren oinarrian, ahazturik, aberats eta boteretsuenestrategia eternala dela injustizia dagoen lekuan azpiratuen inbidia makurra ikusaraztea.

Azken batean, Iglesiasek eta Monterok ere beren hautuari halako desiragarritasun zentzuzko, saihetsezin eta aldaezinaren kutsua eman diote azalpenak emanez plazaratu duten oharrean: jakin ba omen dakite latz lan egin arren egun herritar gehienen aukeratik kanpo dagoela halako erosketa bat, baina euren borrokaren xedea omen denentzako soldata duinak lortzea. Esaten ez badute ere, denek halako txaletak erosteko aukera izan dezagun dela ulertzen da, hori desio dutela/digutela. Justizia sozialaren mundua txaleten mundu bat balitz bezala; okerrago, jakinik, halako eredu bat eutsiezina denez, helburuaren adierazpena falazia bat dela.

Baina, batez ere, ez dezadan neure burua engaina, badakit-eta neure barne eztabaidan nola daukadan bihotza zatituta: nolako liskarrean dabiltzan neure nahi eta ezinek sortutako ernegua, hurkoenganako senezko enpatia, justiziari eta elkarbizitzari buruz eraikitako pentsamendu arrazionala, eta nahi ez dudala ere ongizatea eta asetasuna ematen didaten desirak. Alegia, desiratutako txaleta, zeinetan etorkizuneko maiatz batean, gereziondo baten azpian, 68ko Maiatz urrun hartan fabrikatutako utopiez irakurri eta gogoetatuko dudan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.