Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Euskaldun berrien kuota

2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
300 baino gehiago omen dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek dituzten aholku batzorde, koordinazio-lantalde eta gisakoak. 300 gune baino gehiago, non, ñabardurak ñabardura, gai jakin baten inguruko agintariak eta adituak elkartzen diren erakunde edo programa baten jarraipena egiteko. Horrela, martxan jarri beharreko politikak sektoreko adituekin eta interesdunekin kontrastatu daitezke aldez aurretik, eta gizartearen balizko kontrakotasunak gutxitzeko aukera izaten du aldian-aldiko agintariak. Batzorde bakoitzaren konfigurazioa arloaren araberakoa izaten da: Emakunden emakumeak, Kulturan kulturgileak eta Euskararen Aholku Batzordean, euskaldunak. Euskaldun mota guztiak? Maurizia Aldeiturriaga pandero-jole ezagunari irratiko elkarrizketa batean galdetu zioten ea zer zuten Fasiok, Leonek, Basiliok eta berak, hainbesteko oihartzuna izateko garaiko soinulari eta albokarien artean. «Berezkotasuna» erantzun zuen: berez ikasi zuten fandangoak eta porrusaldak jotzen, txoriak habia egiten bezalaxe. Ordurako musikari gehienak eskoletan hazitakoak ziren, eta pandero-joleak upel berekotzat jotzen zituen guztiak, etxean egindako eskailerapeko txakolinaren berezitasunik gabeak. Eta herriko musika-tresnen lekuan hizkuntza jarriko bagenu? Euskara eskoletako arbelen aurrean ikasitako horien aldean, hizkuntza etxean jasotakoek ez ote dute beste aireko musika egiten?

Bost urtean behin egiten den Inkesta Soziolinguistikoak Euskal Herriko euskaldun berri eta euskaldun zaharren ehunekoak ematen jarraitzen du XXI. mendearen bukaeran. Oraindik ere inkestatuek etxeko hizkuntza («ama hizkuntza» esateari aspaldi utzi zitzaion) zein duten galdetuta ondorioztatzen omen da pertsona hori «protohiztuna» edo «neohiztuna» den. Zorionez goranzko joera izan dute biek mende osoan zehar, bigarrena nabarmen gehiago hazi bada ere. Inkesta Soziolinguistikoak ez du generoaren araberako daturik ematen; gaur-gaurkoz ez dakigu gizonak edo emakumeak diren euskara gehien erabiltzen dutenak. Euskararen Aholku Batzordea osatzeko, aldiz, generoen parekidetasunaren irizpidea kontuan hartzen da (behar bezala, noski), ez ordea euskaldun berrien eta zaharren arteko oreka; ikerketetan bereizten baldin baditugu, zergatik ez gizarte ordezkaritzarako aholku gunean?

Aurreko hiru paragrafoetako gogoeten gisakoak egingo zituzten XXI. mende bukaerako Eusko Jaurlaritzan, halaxe erabaki baitzuten euskarari zuzenean eragingo zioten aholku zein erabaki guneetan euskaldun berrien gutxieneko kuota ezartzea. Azken batean, euskaraz bizitzeko hautu kontzientea egin zutenek, esaera zaharrak liburutik burura ikasi zituztenek, euskaldun zaharren ohiko bidearen kontrakoa eginik, iritzia ere kontrakoa edo bestelakoa izateko joera gero handiagoa zutelako zenbait gauzatan, eta euskaldun zaharrek hitz egiten zieten moduak askotan gurasokeria puntua iradokitzen zien. Zorionez, hainbeste egina zuenez hobera euskararen irakaskuntzak ezinezkoa zen kasu askotan hiztuna berria edo zaharra zen hautematea pertsonaren hizketari erreparatuta: hitzen azentuera edo txistukarien ahoskera okerrak ez ziren euskara etxetik kanpo ikasitakoen ezaugarriak. Neohiztunak bereizten zituzten euskaraz egiteko motibazioek edo euskaldun sentitzeko zilegitasunaren zalantzek, besteak beste. Kuota aholku batzorde eta hedabideetako iritzi emaileen artean aplikatu zen, eta genero parekidetasunerako irizpideak mendearen hasieran eragindako erreakzioen antzekoak ekarri zituen, baina hain zen agerikoa generoarekiko simetria non esperientziak iritzi bakoitza erraz interpretatzeko aukera eman zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.