Zehaztua dauka bide orria

Euskaltel-Euskadik hilaren 18an ekingo dio berriz lehiari, Portugalen. 23 probatan ariko da, ia hiru hilabetean; gehienak, Frantzian eta Italian. Bitan soilik lehiatuko da Euskal Herrian

Euskaltel enpresako eta Euskaltel-Euskadi taldeko ordezkariak, preseski egindako zortzi elastiko laranjak erakusten, atzo, Derion. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Julen Etxeberria.
Derio
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Uztailaren 18an, Portugalen, Joaquim Agostinho sarian: egun horretan ekingo dio berriz ere lehiari Euskaltel-Euskadi taldeak. Egun horretan amaiaraziko da talde laranjarentzat koronabirusak eraginiko lau hilabete eta erdiko etenaldia. Bide orriaren lehen geltokia izango da.

Etxetik kanpo ekingo dio berriro lehiari Euskaltel-Euskadik, eta, etxetik kanpo lehiatuko da ia denboraldi osoan. Izan ere, taldeak atzo jakinarazi zuen egutegiaren arabera, 23 probatan parte hartuko du, eta horietatik bi besterik ez dira jokatuko Euskal Herrian: abuztuaren 2an, Getxoko Zirkuitua (Bizkaia); eta, urriaren 12an, Ordiziako Klasikoa (Gipuzkoa). Hain zuzen, lasterketa horretan lehiatuko dira azkenekoz Euskaltel-Euskadiko ziklistak, ia hiru hilabeteko sasoia osatu eta gero. Frantzian eta Italian ariko dira batez ere. Beste lau herrialdetan ere ibiliko dira: Portugalen, Espainian, Belgikan eta Kroazian.

Jesus Ezkurdia Euskaltel-Euskadiko managerra eta Jorge Azanza taldeko zuzendariak aitortu zuten «pena handia» izan dela Euskal Herriko Itzulia bertan behera geratu izana, proba hori baitzen denboraldiko lasterketa nagusia. Penatuta azaldu ziren Donostiako Klasikoa bertan behera geratu delako ere. «Faena handia da. Taldea ondo ari zen, eta ilusio handia genuen jarria Itzulian. Baina hau dena pasatu da. Zorionez, aurrera egin dugu, eta prest gaude berriro lehiari ekiteko. Txirrindulariak ondo aritu dira lanean», esan zuen Azanzak. Nahiz eta Espainiako Vuelta Euskal Herrian hasi, eta bertan bi etapa eta erdi jokatu, antolatzaileek ez dute gonbidatu Euskaltel. Baina baikor dago Ezkurdia. «Talde hau eta euskal ziklismoa lotuta daude Vueltara. Elkarren beharra dugu».

'Marea laranja' piztu nahian

Egutegiaz gain, elastiko laranja aurkeztu zuten. Zortzi ezberdin daude, eta bakoitzak hitz bat du: bihotz, sorgina, musu-truk, ortzadar, bizilagun, maiteminduta, ilargi eta galtzerdi. «Ez da elastiko soil bat; sentimendu bat, giza marearen ilusioa, islatu nahi du», esan zuen Koldo Unanue Euskalteleko marketin zuzendariak. Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak, berriz, euskararekin duten «konpromiso sendoa» azpimarratu zuen. Guztiek desio bat plazaratu nahi izan zuten: «Marea laranja berriro martxan jartzea». Horretarako, 50.000 elastiko banatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.