'Su hotza', 'Print!' eta 'Raval' serie proiektuak aukeratu ditu 2deo-k

Angel Aldarondoren, Paloma Moraren, eta Victor Alonso-Berbel eta Jan Matheuren egitasmoak hautatu dituzte aurkeztutako 130en artean

Su hotza proiektuaren kartela. 2DEO.
Erredakzioa
Donostia
2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Angel Aldarondoren Su hotza, Paloma Moraren Print! eta Victor Alonso-Berbel & Jan Matheuren Raval proiektuak aukeratu dituzte Donostiako Tabakalerak sustatutako 2deo Seriak deialdiaren barruan. 130 proiektu aurkeztu dira deialdira, tokikoak zein nazioartekoak, eta horien artean aipatutako hirurak hautatu ditu Aitor Gabilondo fikziozko ikus-entzunezkoen sortzaileak, Xabier Berzosa ekoizleak eta Donostiako Zinemaldiko, EITBko nahiz Tabakalerako ordezkariek osatutako balorazio batzordeak. Batzordeak aurkeztutako proiektuen kalitatea eta sormena azpimarratu du, eta baita proposamen askoren izaera berritzailea ere.

Su hotza Angel Aldarondoren proiektua «intrigaz betetako» lau ataleko serie bat da, Tabakalerak ohar bidez jakinarazi duenez. Kazetari gazte bat da protagonista nagusia, kanpoan denboraldi bat pasatu ondoren,Donostiara itzuli eta higiezinekin lotutako trama batean nahastuko dena.

Print! da Paloma Morak aurkeztu duen serie proposamena. Hamar atal dramedia izango da, Martinez familiaren bizipenak kontatuko dituena. Zailtasun ekonomikoek behartuta, dirua faltsifikatzen hasiko dira.

Raval, Victor Alonso-Berbelek eta Jan Matheuk sortu eta idatzitako zortzi ataleko seriea thriller soziala da. Sofia protagonistak bere mutil lagunaren identitatea ordezkatuko du hura hil ostean, eta bizikletako banatzaile gisa hasiko da lanean Bartzelonan.

Hautatutako hiru proiektuek 6.000 euroko laguntza jasoko dute garapenerako, eta, gainera, mentoriak eta banakako aholkularitza izango dituzte. Apiriletik irailera bitartean, talde bakoitzak gidoiaren analisia eta berridazketa, proiektu bakoitzaren ekoizpen eta banaketa estrategia eta eszenaratzea landuko ditu. Gainera, ekainetik uztailera bitartean, proiektuen egileak eta deialdiaren mentoreak hiru egunez elkartuko dira Tabakaleran.

Azkenik, irailean, Donostiako Zinemaldian, profesionaleei zuzendutako topaketetak egingo dira. Bertan, taldeek beren proiektuak sektoreko eragileei aurkezteko aukera izango dute (ekoizleak, banatzaileak, inbertitzailak, plataformak, telebista kateak...), telesaila ekoizteko aukerak lortze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.