ARKUPEAN

Ezpata eta haztaga

Mikel Elorza -

2014ko ekainak 21
Ikuspuntu etiko batetik begiratuta egin dutena ez da onargarria, ikuspuntu politiko batetik ere ez akaso, baina ez omen da delitu eta ez dituzte epaituko. Yolanda Barcina eta Lourdes Goikoetxea.

Ikuspuntu etiko eta politiko batetik egin dutena zuzena izan da, ustez kaltea jasandakoek ere kalterik ez dietela eragin esan dute, baina hala eta guztiz ere epaiketa izan dadin egoskortuta dago fiskala. Eta beraz amesgaiztoa ez da amaitu eta Damoklesena ez baizik eta Auzitegi Nazionalaren ezpata garondoaren kontra dute oraindik ere. Egunkaria auziko lagunek.

Baina nola Justizia itsua den eta Espainian espero ez duenari ere gainera etor dakiokeen aho oso zorrotzeko ezpata hori —Espainiako erregearen koinatu eta arreba horren erakusle goren—, badaezpada Juan Carlos Borboikoa ere forudun egin dute, Justiziak bere aurka egin ahal izan ez dezan. Edo, zehatzagoa izanda eta tranparik gabe, egingo balu, langa eta ataka handiak pasatuta. 10.000tik gora dira Espainian forudunak: alegia, beren karguarengatik pribilegio berezia dutenak eta beraz justizia arruntaren atzaparrek harrapatzen ez dituztenak. Justizia gorenak baino ez ditu atzematen ahal.

Justizia itsua delako, baina ergela ez.

Eta horregatik ere Espainiak EAEn duen errege-ordeak, Carlos Urquijo jaunak, hitzarmen kolektibo kaxkarrenaren gainetik egiten du lan, esan nahi baita gau eta egun lanean dituela bere menpekoak —poliziak, gehienak—, eta erne eta azti dago EAEn gerta daitekeen administrazioaren edozein desbideratze anti-espainolista Justiziaren eskuetan jartzeko. Eta Justiziaren eskuetan zer dagoen denok dakigu: ezpata, zorrotza, aho bikoa. Eta gehienetan Urquijorena ez den aldera egiten du... ezpatak kolpea.

Justiziak eskuetan badu balantza edo haztaga ere, baina trepeta hori iruditeria oso zehatz batekin lotzen dut nik, urrearekin eta agintariei bere pisuaren arabera eman beharreko aberastasunekin… Boterearekin. Justizia azken batean boterearen adierazpen bat da, botere bat da bere baitan, eta Botereak, kontrakoa frogatzen ez den heinean, boteretsuaren mesedetan jarduten du.

Jakina, bizitzaren hainbat alor arautu eta haietan sortzen diren arazoak ebazteko darabilgun sistema bat ere bada, eta gutxi asko ibili badabil, baina bere ibilbideak gizarteak berak ezarria duen balio sistemari erantzuten dio eta beraz jabego pribatua, familia eta halakoak ditu iturburu.

Ez da iazko haizea, nolanahi dela, justiziaren gaia. Arazoen ebazte bidezkoa, justua izatea, justizia... Geure egunerokoan egiazta dezakegu zein zaila den bi pertsonaren artekoak, etxepeko arazoak, lagunartekoak, oro har harremanetan sortzen diren tirabirak kudeatzea; arazoak maiz sortzen dira, eta ez da erraza izaten adostasunak aurkitzen, konponbideak lotzen. Sentimenduek, gainera, erraz hartzen diote gain ustez arrazoimenak erakusten duen ildoko jokabideari. Krimenen aurrean izan ohi dugun jarrera da esanguratsuena: justizia eskatzen du jendeak, baina nahi duena mendekua da. Eta hain zuzen ere Justiziak emandako ebazpena ez du onartzen, ez du justutzat hartzen, berak eskatzen duena betetzen ez bada.

Justizia itsuaren sinboloak badu bere esanahia, denok ulertzen duguna, nori ezartzen dion ikusi gabe jarduten duenarena, baina erraz uzten du sinboloari ere buelta ematen: justizia ezarri beharrekoetan zein erraz itsutzen garen guztiok ere.

Hori bai: ezpata ia beti alde berera erortzen da. Eta bestera egiten duenean, askotan izaten da abiada hartzeko egiten duela, kolpe handiagoa emateko bulkadatzat baliatzen duela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna