mikel elorza
ARKUPEAN

Eskola porrota

2014ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Mutil gazte batekin lan harremana izan dut berriki, arazoak zeuzkan drogekin —batez ere alkohola—, eta arazo horrek beste arazo batzuk ekarri dizkio: borrokak, eta horren ondorio juridiko-penalak. Azkeneko liskarrak espetxera eraman dezake gaztea, lehendik ere badituelako zigor batzuk, eta gau batean motiborik gabe batek muturrekoa eman zion eta berak erantzun eta handik kolpeak, mediku-parteak, epaitegiak… Ez zait inporta, artikulu honi dagokionez, berak borrokan izan zuen partehartzea kontatzen didan bezala izan zen, edo handiagoa, inporta didana da nik komentatu nionean bere burua kontrolatu behar zuela, dauzkan aurrekariekin eta zigorrekin ezin zuela hala ibili, bere aitaren komentarioa izan zela —aurrean baitzen— niri galdetzea ea zer egin behar zuen bada, «kolpeak jasotzen jarraitu?». Erantzun egin zuela, erantzun egin behar ziola erasoari, berak edo nik egingo genukeen bezala. Haserre baitzegoen aita, normala denez, semeak oso garesti ordainduko duelako emandako muturrekoa, eta kontrarioak merke. Azken honek haserretzen duela semearen zigorrak adina, esango nuke.

Gizon eta emakumeen arteko kontuak ebazteko eta konpontzeko moldeez ez dut mintzatu nahi, justizia formal eta legearen bideez badut nik ere arrangura sarritan. Baina ez dut gaurko mintzagai, mutiko honek ikusi eta ikasi duena baizik.

Hormonek duten garrantzia eztabaidaezina da, eta maiz nagusituko zaizkio pertsonaren arrazoimenari. Ados.Baina eraginik izango du pertsonak ikusi eta ikasi duenak bere erreakzioetan, hormonak kontrolatzearen edo erabat solte uztearen erabakia hartzeko unean.

Agian erabat konfundituta nago eta komentario huts batetik ondorio okerra atera dut, baina nago mutiko honek etxean jaso duenak eraginik eduki duela bera gero bilakatu den pertsonaren izaeran.

Ez da zientzia, badakit: lana ezin hobe egindako gurasoek esperientzia txarrak izango zituzten seme-alabekin, eta alderantziz, egoera ezin makurragoan haziko zen makina bat pertsona orekatu eta zentzudun. Zorionez, ez da zientzia.

Baina eragina behar du izan, derrigor. Eta handia, oso handia.

Hormona —testosterona jeneralean, hori ere ez dezagun ezkutatu— eta printzipioen arteko borroka horretan nor nagusitzen den ezin jakin, beste faktore batzuk ere egongo direlako, baina horietan ez da handiena, ene ustetan, eskola. Nahiz eta asko behin eta berriro tematzen den ardurak beti eskolara igortzen, neska-mutikoen motxiletan sartuta.

Eskola eta jasoko duen hezkuntza garrantzitsua da, noski, hark ere lagunduko baitio izango den pertsona osatzen. Etxea, bere ingurune hurbila, eta eskola. Eta beste.

Beste batzuk ditu eskolak, ardurak esan nahi dut.

Pertsona askea, menpekoa izango ez dena, arduratsua, gizarteaz etabere igualez arduratuko dena, horretan hezten lagunduko duena. Horratx eskola. Duela 105 urte fusilatu zuten Francesc Ferrer i Guardia pentsalari eta pedagogo anarkista, duela mende bat baino gehiago eskolaren oinarrizko printzipioak idatzi zituena. Mendea pasatu eta ez dakit haren ametsari hurbildu gatzaizkion.

Planteamendu utopikoa da noski —baina ez da txarra utopiak edukitzea, amestea, ezta?—, eta batez ere oso zaila uztartzen egungo gizartearekin: ikaslez betetako eskolak —eta gainera bezeroak lortzeko lehia etengabean!—, diru kontuak, kalifikazioak, curriculumak… LOMCE legea aztertu besterik ez dago: zein duten xedea aldaketek, eta zenbaterainoko kezka duten, hori egin dutenek, neska-mutikoen hezkuntzarekin.

Baina zer espero dezakegu, hezkuntzaren ardura dutenak mapekin korapilatzen badira, inkisizio-molde zaharrenarekin badihardute… Bere argudioa erabilita, zeina ez nukeen egin behar, Iribas jauna eta bere aginte-kideak ibili diren eskola eta materialak lirateke debekatu beharrekoak. Non ikasi du Iribas jaunak? Ba eskola hori itxi dezagun, jaun hori bai baita eskola-porrota, ez azterketak gainditzen ez dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.