Patxi Zabaleta
ARKUPEAN

Hego Euskal Herriko itun fiskalak

2016ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Nafarroako foru edo eskubide historikoei arazo politikoak ugaritzen ari zaizkiela begi-bistakoa da. Hilabetero edo maizago ateratzen da han edo hemen politikari zeltiberoren bat Nafarroako Konbenioari eta EAEko kontzertuari erasotzen. Eraso horietan beti elkartu egiten dituzte bi itunak, eta beren defentsak ere bateratua beharko luke, baldin eta eraginkorra izatea nahi badugu, nahiz eta orain arte arlo honetan UPNren eta PNVren berekoikeriek traba anitz jarri izan duten.

Aurten gainera, hitzarmen hauek eguneratzen hasteko epeak beteko dira, eta erronka ez da erraza izanen. Oraindik ez da guztiz bukatu Estatuak Nafarroari Madrileko Epaitegi Gorenean 1.508 milioi euro aldarrikatuz jarri zion auzia Volkswageneko esportazioen BEZ zergaren itzulpena dela eta. Epaitegi Gorena delako auzi hori —469/2014-2 zenbakiduna alegia— oraintsu eskatu dute artxibatua izan dadin; 2015eko abenduaren 23an zehazki. Baina eraso honek hortxe utzi du bere ondorio larria, zera alegia, 2012ko maiatzaren 7an presaka eta tinkotasunik gabe sinaturiko Konbenioko batzorde koordinatzailearen akordioa, bertan Nafarroari urtean 25 milioirainoko zama gehitzen zitzaion.

Eskubide historikoen ikur ezaugarrienak itun fiskalak direla ez dago zalantzarik. Estatutu edo konstituzioa bera baino lehenagokoak direla konstituzioak berak aitortzen du, baina gabeziaz anitzeko zehaztapen legala emanez, eta horrek zaildu izan du orain arte bere defentsa. Ezinbestekoa bihurtu da eskubide historikoen gaurkotze demokratikoa, eta hori erabaki eskubidearen bidetik baizik ez daiteke lor. Nola egin lezake hitzarmen edo itun bat erabaki ahalmena ez daukanak? Hortxe dago Navarrismoa bezala ezagutzen dugun mugimenduaren gako edo erronka ideologiko nagusia. Beti mantendu izan dute, XIX. mendetik honantz zehazkiago, foruak edo eskubide historikoak paktuak direla, baina aldi berean erabaki eskubidea ukatuz, eta hori kontraesan sakona da.

Bestalde, ordea, egia gordina da estatuak bere jarrerak egokitzeko malgutasun nabaria erakutsi duela. Hara nola XIX. mendean foruen kontrako gerrateak antolatu zituen; gero XX. mendeko lehen herenean «foruak bai, estatutuak ez» leloaren arabera jokatu zuen; mende bereko azken herenean «estatutuak bai, erabaki eskubidea ez» ezarri du trintxera politiko moduan; eta orain XXI. mendeko hasiera honetan estatuko azkarrenek —edo demokratikoenek— «erabaki eskubidea bai, independentzia ez» leloa eraiki nahiko lukete harresi moduan. Guri berriz, abertzaleoi alegia, zaila egiten zaigu, ezinezkoa ez bada, gure aldarrikapenen adierazle amankomunak aurkitu eta eraikitzea. Agian Kataluniako eredutik ikasi beharko genuke eta Galiziako adibide kezkagarria sakonki eta astiro-astiro aztertu.

Betiere foruen eta eskubide historikoen gaurkotze demokratikoaren ahaleginean ezin da ahaztu frankismoaren aurka ikur ez izanaren zama ezkorra. Nola arraio bat etorri foruen baitako askatasun zentzuarekin, ez baldin baziren baliagarri izan frankismoaren kontra? Eta aldi berean nola zentzu demokratikoa aurkitu beraien defendatzaile sutsuenen erabilera —Barcina, Sanz, Del Burgo eta abar— demokraziaren kontra izan baldin bada, Nafarroako kutxaren auzian bezala?

Azken finean eskubide historikoen defentsa aurrerakoi, demokratiko eta eraginkor bakarra erabaki eskubidearen defentsan oinarritzen dena besterik ez daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.