Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Ez balitz bezala

2014ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Harlauza zaharretako izkinak biribilduta daude, ezin konta ahala baitira horien gainetik igaro diren pausoak. Elsak eraman ninduen Juduen Auzoan barrena, eta plaza txiki batean erakutsi zizkidan leiho inguruetan ageri diren zuloak, soldaduek gaueko sarekadetan egindako tiroketen emaitzak. Plaza harlauza handiz estalita dago, eta oharkabean pasatu izango zitzaidan nire gidariak balkoien azpialdetako bala-zuloei erreparatzeko eskatu izan ez balit. Haur txiki baten buruaren altueran daude zuloak, umeek bertatik zelatatzen baitituzten ghettora sartzen ziren naziak. Elsa zaharrak gogoratzen du harlauza horien gainetik korrika egitean oihartzun beldurgarria eragiten zutela soldatuek. Zarata hura ez zaiola sekula ahaztuko esan zidan, eta soldaduak etortzean etxe barruan sortzen zen isiltasun izugarria bezain ozen entzuten omen duela batzuetan. Ghettoa miatzera sartzen zirenean, soldadu naziak korrika imajinatzen zituen artean umetxoa zen Elsa zaharrak, balkoietatik urrun, betiere. Isiltasuna, alta, ez zuen zertan irudikaturik, eta oraindik bizi-bizi du bere buruan.

Gaur egun, ez dago horrelakorik: ez soldadurik, ez oihartzunik, ezta juduentzako ghettorik ere. Gaur egun, Berlingo gunerik zigortuenetakoa izan zen juduen auzoa leku lasaia da, isila, eta bere soilean, ederra. Inguruko kaletako algara bat-batean mututu egiten da bertara sartzean, Historiak irekitako karrajuren bat irudi, eta isiltasuna ia itogarria bihurtzen da.

Berlingo Harresia gaurko egun batez, duela 25 urte, eraisten hasi ziren. Askoz lehenagokoak dira Juduen Auzoan bizi izandako tragediak, jakina. Bortitzenak gaurko egun batez, 1938ko azaroaren 9ko Kristallnacht «Kristal hautsien gaua» izan zen. Historiak hari makurren bidez lotu ditu bi garaiok, gau berbera tarteko, bata bestearen ondorio edo segida hutsa izan ote zen ezin bereizteraino. Oroitzapen lausoak nituen Azaroaren 9ko gau horretaz, eta ia bat ere ez Harresia bota aurreko urteez, eta, hain zuzen ere, horregatik joan nintzen Berlinera, zerbait gehiago usaintzera. Turistentzako horma-puskak, turistentzako kartelak, turistentzat propio prestaturiko oroitarriak eta turistak baino ez nituen aurkitu mapari segika ibili nintzen tartean. Kale artean galdu nintzenean, ordea, bila ari nintzena aurkitu nuen: banku baten eserita nengoela, Elsa laguntzera inguratu zitzaidanean.

Oso edadetua da honezkero Elsa, judu-familiakoa. Berean, gisa bereko sendi ia guztietan bezala, hildakoak eta desagertutakoak ez ezik, galdutakoak ere kontatzen dira. Lehenen arrastoa gerraren garaian galdu zen, betiko, eta bigarrenak berriz, Harresiak hiria bitan banatu zuen unetik aurrera. Berari bizirautea egokitu zitzaion, Berlin Ekialdean, eta bertan bizi izan zen duela 25 urte paretatzarra bota eta hiriko bi aldeek bat egitea lortu zen arte. Itzultzeko aukera izan zuenean, ghettora itzuli zen, etxera. Paradoxa, esan zidan irribarre eginez.

Ez dakit zelan itzuli ingelesetik begi argiko emakume zahar horrek eman zidan bizitzako lezioa. «As If» omen zen Harresiaren garaian bizi ahal izateko zerabilten leloa. «Try to live in Berlin as if you were in a free country» (Saia zaitez Berlinen bizitzen herri aske batean biziko bazina bezala). Gogorra omen zen, oso. Gogorra bizitzea Harresiaren bestaldean maite zituenak bizi ez balira bezala bizi behar izatea. Gogorra Harresiaren bestaldekoak gaixotu diren, triste dauden edo gose diren jakin gabe osasuntsu bizitzea edo zoriontsua izatea. «As If» horretara ohitu omen ziren azkenik, eta bat-batean, Harresia pitzatu eta lurrera erori zen.

Gaur eta hurrengo egunetan, ospakizun entzutetsuak izango dira Berlinen. Harresia ez da jadanik existitzen, eta berarekin batera, laster desagertuko dira urte horietan guztietan gertatutakoaren oroitzapen txikiak, testu liburuetan orririk zikindu gabe.

Zbigniew Herbert Poloniako poetak esan zuen: «Ez ahaztu hemen gertatutakoa. Ezin da presentea gainditu iragana gertatu izan ez balitz bezala». As if.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.