Joxerra Garzia.
ARKUPEAN

Sasiak laino, lainoak sasi

2015eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Erratza hankartean hartuta joaten ziren sorginak akelarrera, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik, hegan. Era guztietako inkisizioak etorri ziren gero, eta su-meten errea dastarazi sorginei.

Behialako sorgin haiek erratza nola, nik bizikleta hartzen dut ahal bezain sarri hankartean, bizi naizen hirian, Donostian, batetik bestera ibiltzeko. Neure buruari ez ezik, herkideei, hiriari, ingurugiroari eta are planeta osoari ere mesede egiten niolakoan nengoen orain arte.

Gure (h)agintariek onartu berri duten araudiak ireki dizkit begiak: izurrite beldurgarria da bizikleta, trafikoan dugun arazorik larrienenetakoa. Horregatik erabaki dute eskura dituzten arma guztiak haren kontra erabiltzea.

Originaltasun erakustaldi ikusgarrian, isuna hautatu dute arma nagusitzat: espaloian bizikleta gainean doanari, isuna; bidegorrian ibili arren kasko bidez musika entzuten ari denari, isuna; lastertasun muga ezinago ezinezkoak (orduko 5 kilometro!) gainditzen dituenari, isuna. Urriaren 12an (ederra eguna!) ekin, eta lehen hilabete honetan egunean 8,7 isun jarri omen dituzte, batez beste, Donostian: ez dira beti hain sutsu aritzen, ez.

Bidegorri kilometro mordoa daukagu aukeran, Donostian, Gipuzkoan, Euskadin eta Euskal Herri osoan; lehen baino askoz hobeto gaude, dudarik gabe. Donostian, kanpotarrei inbiria eragiteko moduko bidegorri puskak dauzkagu: Aietekoa, munduko zabalena, hor nonbait; Kontxakoa, ikuskizun paregabea eta guzti, eta, oroz gain, Amara eta Antigua lotzen dituen tunela, koroaren harri bitxi distiratsua...

Koxka, ordea, zera da: bidegorrira iristea (edo bidegorri zati batetik bestera igarotzea) odisea dela sarri. Guk, esaterako, Antiguan bizi garenez, Kontxako bidegorria baliatzen dugu hiribarrenera joateko. Horra heltzeko, baina, kilometro erdi inguru daukagu ahal den bezala pasatu beharra.

Nola, ordea? Aukera bat, bidegorrira bide gorritik joatea da, errepidetik. Isun festa antolatu dutenek probatu ote dute inoiz Donostian errepidetik ibiltzea zer den? Nahi dutenean, gonbidatuta daude, nirekin inkognito etorri eta osteratxo bat egitera: autozaleen aldetik dozena erdi bat irain eta beste hainbeste eraso jasan gabe ordu bete egiten badugu, nire kontu tragoak eta pintxoak.

Bigarren aukera, bizikletaz bai, baina ahal den lekutik joatea da, baita espaloian barrena ere noski (orain, 50-90 euroko isuna). Hirugarren aukera: bizikleta eskutan hartuta joatea bidegorrian sartu arte (bizpahiru umerekin joanez gero, plan bikaina). Azkenik, etsi-etsian bizikletak autoan sartu eta bidegorriraino autoz joatea ere badago (baina bizikletaz ibiltzeko autoa hartzea ez da parte oneko kontua).

Politikoki polita denez, boladan dago bizikleta goraipatzea, baina hirian bizikletaz ibili zaleok aurki lurpean ibiltzen hasi beharko dugu martxa honetan, eta han ere larri ibili metroak izatea lehentasuna. Erratz gaineko sorginak su-metan erretzen zituzten; bizikleta gainekook, berriz, sasi guztien azpitik eta laino guztien gainetik ibiltzera kondenatu nahi bide gaituzte, Jesus Mari Mendizabal adiskide bizar-gorri ohiari zor diodan esapidea erabiltzearren.

Isunka-lizunka aritu partez, Zurich-eko parke batean aspaldi ikusi genuen oharra izan liteke irizpide egokia, bidegorrirako ez ezik baita bide gorrirako ere: «Hemen, traba egiten ez duen guztia da zilegi».

Elkarrekin bizi da Donostia 2016ko lelo nagusia. Ez dago noski bidegorrietarako pentsatua, baina, horrelako kontu txikietan aplikatzen asmatu ezean, nekez asmatuko dugu gatazka gaitzetan aplikatzen, eta hori da hiriburutzaren funtsa eta xede nagusia, ala?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.