ARKUPEAN

Harrizko herri hau

Mikel Elorza -

2016ko ekainak 7
Menpekoaren bizkar barre egiteko baliatu izan du umorea boteretsuak —gizon/emakume; aberats/txiro; kolonizatzaile/kolonizatu—, egoera soziala ez aldatu eta are gutxiago iraul dadin baina graziaz, txisteak konpartituz, denok elkarrekin barre egin dezagun, liberti gaitezen. Berriki zuzen asko erakutsi digu Iñigo Aranbarrik Txanton Garrote liburu guztiz gomendagarrian.

Euskaldun gaizki erromanizatuaren lepotik barre egitea jarduera oso komuna izan da, haren gaztelania (edo frantses) baldarra nabarmenaraziz, txiste oso graziosoak eginez horren kontura, euskal herritar ez euskaldunek maiz. Aspaldi ikasi nuen hooligan hitza, jatorrian, ingelesek irlandarrei deitzeko erabiltzen zutela, mespretxuz. Hortik kirolera. Berrikitan aurkitu dut «baserritar gixarajo» esateko frantsesez baliatzen den hitza, plouc, gaitzespenezkoa noski, jatorrian bretoiei ezartzen zitzaiela, frantsestu gabeko barbaro haiei... Afera honetan, gure herren guztien ikur, «indioz hitz egitea» baino esapide argigarriagorik!

Umore tipo bat da hori. Gure artean arriskutsuki hedatzen sumatu izan dudana, telebistan-eta, hizkera oso lokal eta itxiak goraipatuz, larrekoa landuz, hor ezarriz grazia. Bestelakoa baita nik maite dudan umorea, niretzat umorea dena, boterearen kontrakoa, azpildurak bilatzen dituena, ironia duena lanabes eta ez errazkeria. Absurduaren mundua arakatzen duena, surrealismoarekin lehian ibiltzen dena... Umore grafikoa dugu erakusgarri, gure kazeta honetan adibide ederrak dauzkagu, eta eduki izan ditugu. Umore inteligentea pleonasmoa dela uste dutenetakoa naizela, alegia, errealitateak kontra egiten didan arren.

Txiste deitutakoetan denetarik aurki daiteke, jakina, onetik bezala txarretik, eta txarraren artean menpekoaren menpekoagotzea erakustea oinarri duena asko. Estilo honetakoa bazen garai batean txiste bat, gaztelaniaz eskuarki kontatua, non batek esaten duen «hi, aldameneko herrikoak listoagoak omen direla», eta erantzuna: «Zenbatekoak altxatzen ditiztek harriak ba?».

Txiste txarra, barkatu, baina gaurkotasun handikoa. Libertimendua egun harriak altxatzetik ere badatorkigulako, esan nahi dut. Bestearen lepotik barre egitea ez dakit kirol nazionala den, baina nazioa kirola dela, ez da dudarik. Urtean zehar ereindakoak orain dakartza fruituak eta azken egunotan ospakizunetik ospakizunera gabiltza, eromen betean. Futbolariak, eskubaloilariak, pilotariak, txirrindulariak, errugbilariak, denek dituzte balentriak, denak behar ditugu omendu eta txalotu...! Zer ez gara lortzen ari euskal herritarrok egunotan! Denok pozik behar dugu. Zer esanik ez haietako batek, Espainiaren izenean jokatzera behartuta, ikurrina aireratu badu, orduan negar tantaren bat ere bai (bandera atera baina inorekin haserretu nahi ezaren adibide gorena, ene ustez kontu hau paroxismora eraman zuena, futbolari euskal herritar batek egindakoa da, munduko koparen ospakizunean Aiegiko bandera atera zuenean). Gutarrak gladiadore goren dabiltza kirolaren zirkuan, eta gu haiekin bat eginda, komunio berdingabean, baita batek euskal herritarra amonaren izebaren koinataren aitaginarreba badu ere (izan ere ETB genealogistek emango baitiote euskal kategoria berandu baino lehen).

Pentsa zenbat pozten garen, emakumezkoen kirolarekin edo Baionako anaiekin ere akordatzen garela halakoetan. Baina pasatu gabe, jakina. Gabarra buztandunekin baino ez dugu uretaratzen, listoenetan listoenak garelako, hankartekoa delako gure benetako Gernikako arbola (edo adaxka).

Aldameneko herrietakoak baino listoagoak izaten jarraitzen dugula, alegia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna