Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Zaharren lekua

2017ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Lagunbatek jarri dit puntua: pentsatzeko zaharrek osatutako gobernu baten komenigarritasunaz, gobernantzarako hautagai izateko baldintza, demagun, 70 urtetan finkatzearen egokitasunaz; laburbilduz, sufragio unibertsalean oinarritutako gerontokrazia baten onuraz. Azaldu dit hurbileko zein urruneko munduen martxa eskasak, eta alde bateko zein besteko agintari, politikari, eta, oro har, jendeon katramilarako joerak gogaituta daukala, ozpintzeraino. Eta hortxe ikusi duela argia: mundu zoro honen giderrak bizi esperientziak aberastu dituen horiengan uztean. Izan ere, entzun eta ikusitako milaka egoera eder zein itsusiren argia etaemandako milaka urrats zuzen zein okerren sosegua izango dituztela bidelagun. Are, ariketa zehatza proposatu dit: pentsatzeko nire ustez Euskal Herrirako gobernu talde egokia osatuko luketen zaharren zerrenda.

Ez dut ukatuko hasieran proposamena bitxikeria dibertigarrien zakuan sartu dudanik, baina lagun hori bihotzez estimatzen dudanez —hain justu, beti ekartzen didalako ikuspuntu interesgarriren bat, beti ikasten dudalako harekin zerbait—, aintzat hartzea erabaki dut, eta horra non hasi naizen zerrenda pentsatzen.

Traba batekin egin dut, ordea, tupust segituan, feminista sinestun ez ezik ahal bezain praktikante autoikusten naizen honi gizon izenak hasi baitzaizkio etortzen bata bestearen atzetik. Errieta egin diot neure buruari. Jabearazi dut ohiko jakintza, autoritate etaerreferentzialitate logikarekin ari naizela, eta, horrela, nekez osatuko dudala lagunak iradokitako zaharren gobernu apurtzailerik. Eta hasi naiz pentsatzen gizon ilustre horiez gainerako jendean. Baina eremua zabalduta ere ez dira amaitu oztopoak: gogora jende miresgarri asko etorri zaidan arren —gizon iliustre horietako zenbaitbarne— zalantza sortu zait zahartzea kalterako izan ote duten. Izan ere, jarri naiz begira-begira, eta gehienei bizitzan aurrera egin ordez zahartzaroaren kontrako borrokan aritzearen zantzuak sumatu dizkiet: gazteekin loriatuta egotearenak, baina, era berean, haienganako inbidiak janda, errekonozimenduen eskale ibiltzearenak, norbere buruarengan konfiantzarik ez izateak ezina eta erretxina erantsi izanarenak... Eta, tira, ispiluari zintzo begira jarrita jada neure burua ere hasi naiz zahartzearen kontrako protesten abangoardia horretan ikusten… Jakinagatik borroka galdua dela, eta segundo batzuetako plazearen truke larritasun iraunkorra kobratuko didala.

Amona Tomasarekin akordatu naiz. Zahartu eta gero hasi zen ezpainak margotzen, gorri. Ez, ordea, gazteago emateko, baizik eta, esango nuke, zahartzaroak emandako estatusaren seinale: etxekooi zein kanpokooi esateko iritsi zitzaiola bere burua besteen aurretik jartzeko garaia, besteen begiradaren fokuan egotekoa, nabarmentzekoa, entzuna eta aintzat hartua izatekoa. Ez dut esango horrek, tarteka, belaunaldigatazkarik sortzen ez zuenik, dena zelai zenik. Baina, azken buruan, aitortzen zitzaion jakituria, emankortasuna, ereindakoa biltzeko eskumena. Leku bat. Amona ez zen zahartzearen kontra borrokatu, ez zen gazteago izaten edo ematen saiatu. Zahartzeak boteretu egin zuen. Zahartzeak eman zion erdiguneko lekua.

Amonaren garaitik gurera ez dira hainbeste urte pasa, baina mundua jiratu baino itzulikatu egin da mendebaldarron bizimoduetan. Nago, amonarentzat zahartzeak haztea eta indartzea esan nahi zuela; hala erakusten zioten esperientziak, inguruak, jardun sozialak. Aldiz, niretzat gaitasunak, ahalmena eta boterea ebatsiko didan prozesu bat da. Hala erakusten didate esperientziak, inguruak, jardun sozialak. Amona eta bion abiaburuak oso diferenteak dira zahartzearen espektatibekiko. Eta, noski, abiaburuak errotik baldintzatzen du helmugaren nolakotasuna.

Baietz esango diot lagunari. Interesgarria izan daitekeela bere ideia hori. Baina balekoa izan dadin zumeak jarri behar direla jendartean: hau da, zaharrei egiazko lekua egin behar zaiela erdigune sozialean. Ziurrenera, ez luke lagunaren demokrazia gerontokratiko utopiko hori ekarriko, baina, nago, denok hobeto bizitzeko, guztion mundu ikuskera emankorrago izateko, eta politikari benetan arnasa luze eta sakona itsasteko urrats handia litzatekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.