Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Ama, nora goaz?

2017ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Gogoratzen dut txikitan asko aztoratzen nintzela gurasoek seme-alabak autoan sartu eta «buelta bat egitera» eramaten gintuztenean. Ezusteko zerbait izaten zen eskuarki, planifikatu gabea, aitak lanetik etorrita edota asteburu buruzurian zeregin hoberik ezean, egiten genuena. Nik ez nuen ulertzen zer esan nahi zuen «buelta» hark, eta muturra okertzen nuen zenbat iraungo zuen, nora eramango gintuen eta zertarako galdetzean, guztiek ez entzuterena egiten zutelako. Kotxearen atzeko eserlekuetako leihatiletatik begira joaten nintzen, buelta noiz egingo zain, artega. Eta behin eta berriro galdetuko nuen «nora goaz?», batere lasaitzen ez ninduen erantzun ulergaitz bera jasotzeko: «buelta bat egitera».

Urduritu egiten ninduen, eta urduritu egiten nau, nora goazen ez jakiteak.

Aurten 80 urte dira milaka haurren bizia okertuko zuen Gerra Zibil hura gurera heldu zenetik, bueltarik gabeko bidea abian jarri zuena. Bere argi eta ilunekin, ordura artekoa bizimodu arrunta izango zen haur horientzat; ez zuten jakingo handik aurrerakoa bereiziko zuen marra gorria non kokatuko zen erabakitzen ari zirela auskalo nongo kuartel edo dependentzia politikotan. Ez zuten jakingo norbaitek erabakia hartua zuela, handik aurrera ez zirela berriro ume oso izango, gerrak bitan egindako umeak baizik. Joan den astean, Durangoko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldian sirena-hotsak entzun ziren berriro, eta oilo-ipurdia eragin zidan soinu hark, Azazetako fusilatuetako batek bere emazteari idatzitako gutuna irakurtzean sentitu nuen ikara berberaz, geure aitona zenak kontatzen ez zuenaren berri izan nuenean nozitu nuen sinesgaiztasun berberaz.

Apirilean Gernikaz oroituko gara, eta tupustean etorriko dira, bor-bor eginez, Otxandion, Elgetan edota toki zehatz baten lekutzerik ez dagoen izuaren geografietako beste edozein tokitan bizi izandakoak. Handik osorik bueltatzerik ez dagoela ikasi dugu jadanik.

Duela 80 urte Gipuzkoan milatik gora izan ziren deserrira kondenatutako emakumeak, bat-batean beren burua bide-bazterrean ikusi zutenak, seme-alabak eskutik hartuta, nora joan jakin gabe. Biktima isilduak, zein delituren biktima?, zergatik biktima?, zertarako biktima? beren buruari galdetuko ziotenak. Historiak esaten digu aita, senarra edo anaia matxinatuen aurrean errenditu ez izana izan zela haien kondenaren motiboa, ez ordea arrazoia,halakorik ez baita (beharrikere ez) basakeria nagusitzen denean.

Joan den astean, zine-aretoko argiak itzali eta «ama, nora goaz?» entzuten hasi nintzen, etxetik bota berri zuten emakumearen seme edo alabak galdetuta. Neure burua ikusi nuen auto zaharreko leihatilatik begira; alderik ez dela pentsatu nuen berehala, konparaziorako. Beste garai batekoak, beste egoera batekoak, beste haur urduritu batzuen oihartzuna baitzekarten hitz horiek, eta hala ere barruraino sartu zitzaizkidan ume horien itaunak. Eta pentsatu nuen, zine areto horren iluntasunean malkoetaraino hunkituta nengoen bitartean, milaka direla «ama, nora goaz?» oraintxe ere galdetzen ari diren haurrak, eta milaka direla halaber negarrari eutsi ezinik «lasai, buelta bat egitera» erantzuten ari diren amak.

André Maurois idazle frantziarrak esaten zuen zahartzeak ez lukeela berez txarra izan behar, giza gorputzaren aje guztiak eramateko modukoak direla urteak igaro arren itxaropenari eusteko gauza baldin bagara. Bada, ni neu behintzat, gaizki zahartzen ari naiz, 80 urteren ondoren ez baitakit zer esan ahal zaien nora goazen galdetzen diguten ume ikaratu horiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.