Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Txapelketa, gure inurritegi hori

2017ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Makina bat ordu eman nituen umetan inurriei begira. Begiratzennuen nolakoak ziren, nola garraiatzen zuten jatekoa, nola sartzen zuten inurritegira, nola gurutzatzen ziren beltz txikiak, ñabar handiak eta gorri erraldoiak. Eta begiratu ez ezik esku hartu ere egiten nuen. Esaterako, bat atzamar puntaz zanpatuz eta ilara apurtuz, inurri gorri erraldoi bat beltz txikien inurritegiko zulotxoan sartuz... Sekulako plazera ematen zidan inurriekin jolasteak. Izan ere, mundu bat neure menpe izatearen bizipena nuen, behaketaren behaketaz inurrien jarduna aurreikusgarri izateraino. Mundu borobil bat begien aurrean: atzemangarria, ulergarria, eta, beraz, kontrolagarria. Jendeon etengabeko jainkozko ametsa.

Handitzean, zaletasun hark bestelako forma batzuk hartu ditu nigan. Mundua ahalik eta ulergarrien eta zentzudunen egiteko premiaz itzartzen naiz egunero, nahiz eta ia egunero derrotatuta hartzen dudan lo. Horregatik, bertsolaritza hutsak eragiten didanaz aparteko arretaz eta interesez segitu ditut Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ingurukoak,inurritegi horri begiratzeak hurbileko mundu txikiak bezala Mundua, larriz eta orokorrean, atzemangarriago eta ulergarriago egin diezadakeelakoan.

Guztiz bat bainator joan den igandeko final handiaren ostean Kattalin Minerrek Argia-n idatzitakoarekin: hau da, BECen, eta, oro har, txapelketan, erabaki dena ez dela soilik nork egiten duen bertsotan ondoen. Aitzitik, hori baino askoz gehiago dela: kontsentsu kultural bat ebatzi dela, hizkuntz estandarrak ezartzetik balio soziokulturalak finkatzerainokoa. Laburbilduz, komunitate baten autoidentifikazio eta autoerrekonozimendurako zumeak zeintzuk diren erabaki dela.

Jakina, komunitate hori zein den zehaztea ez da gauza erraza. Aipa nitzake BECera hurbildu ziren 14.600ak eta etxetik pantaila bidez segitu genuen 300.000k (gutxienez). Baina sarritan datuen ordez irudikapenek ematen duten zehaztasun zehazgabekoan askoz ere zehatzagoa iruditzen zait Maialen Lujanbio txapeldunak agurreko bertsoan egin zuen marrazkia: «(...) hain handi dirudien hau/ hain txiki hormaz bestalde/ hemen hizkuntza hain sendo/ hor kanpoan hain ahalge/ herria trinko egin nahiz/ trinko diot, ez artalde/gu ere hala baikara/bakarkako eta talde/ (...)». Maistraren hitzetan komunitate hori zein den ederki ulertzen delakoan nago.

Eta zer adostu da? Argiki, modu esplizituan, eta aho batez, arestian aipatutako Lujanbio dela kontsentsuaren muina. Eta ez da gauza hutsala egunotan behin eta berriro azpimarratu den bezala jendartearen bazterrak erdigunera ekartzen dituenaren ahotsa lehenestea; hots, Lujanbioren begirada, moldea eta ekarpena. Ertzak bilatzearen senetik, jarduera kritiko eta autokritikoz, autokonplazentziatik eta dogmatik urruntzen gaituen pentsamendu moldea jartzea ardatzean. Garai berriak. Beste nonbaitetik gatoz, dudarik gabe. Inurritegia Mundu laburtua dela kontuan izanik, ordea, autokonplazentziatik iheseginarazten didan galdera hau sortzen zait: kontsentsu horrek ez ote du baita ere Lujanbiok nahi lukeenaz oso bestera likidotik gaseosora doan Munduaren kutsurik? Hau da, kontraesana eredu eta erlatibizatzea dogma eginik hautua eta askatasuna norberaren buru eta gorputzera makurtzetik?

Baina bestalde, adostu denak adina esaten du lortu den kontsentsuari buruz adostu ez denak. Edo gutxienez, adostasunera iritsi aurretik izan den tentsioak. Alde batean, Twitterren hainbesteko arrakasta izan duen Patxi Bakallo trollaren eta, askoz esparru zabalagoan, haren ildoan dabiltzan asko eta askotarikoen inkorrekzio errebolta kokatuko nuke. Bestean, emakumezkoen kristalezko sabaiaren auzia. Eta zer diren gauzak, ezin ditut biak bereizita ikusi: hari fin eta lurpekoz bada ere, bata besteari tinko lotuta sumatzen ditut, soka beraren bi mutur. Patxibakallotarren erreboltak inkorrekzioarena bainoago autentizitatearen eta esentziaren lurrinak baitakarzkit, horrek esan nahi duen guztiarekin. Autentizitateak, bertsolaritzan bezala jardun publiko guztietan, gizona, maskulinoa baitu eredu bakar, ezinbestean. Non bilatuko du emakumezkoak benetakoa, naturala? Edo gure inurritegiaren ezaugarriei erreparatuta, non euskaldun berriak, edo ez eremu euskaldunekoak, edo hiri eremukoak?

Letra larriz idazten den Mundu horretan umoreari edo sormenari galga ei zaizkio feminismoaren begiradatik egindako ekarpenak. Halaxe esaten dute inkorrekzioaren banderariek. Letra larriz idazten den Mundu horretan kuotaz eta barkaberatasunaren ondorioz ari ei dira emakumezkoak bideak urratzen. Halaxe esaten dute diskurtso politikoki zuzenaren aurkako gerlariek. Halaxe geure inurritegian ere?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.