Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Egon badaude

2015eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Egunotako albisteen zorabioaren erdian, ia oharkabean pasa zait. Begi bat Katalunian jarria nuela, besteak Europara bidean diren errefuxiatuen drama handi eta egunerokoei adi-adi jarraitu die eta halakoan, bigarren edo hirugarren mailakotzat zirudien Volkswagen-en auzia. Alaba etorri zait laguntzera, begirada zorrotz nezan.

Arestian aipatutako zorabioa, nolanahi ere, ez da horrenbestekoa izan, zeren eta gutxienez jakin baitut zer den jazo dena. Goiburu nagusiak irakurrita erraz uler daiteke funtsezkoa, gutxitan gertatzen bada ere, oraingoan bat baitatoz azala eta mamia. Apurka-apurka jakin denaren arabera, hasieratik kiratsa zeriola ziotenak zuzen zeuden: dirudien bezain larria da.

Alemaniako fidagarritasunaren ikurra ei den automobil-enpresak iruzur egin digu, beren markako autoak erosi zituzten gidariei eta baita bat ere ez edo beste etxeren batekoren bat erosi dugunoi. Eragindako kaltea ez baita auto-jabearengan amaitzen, legez onartutakoaren gainetik gas kaltegarriak isurtzean guztiok jarri baikaitu bere trikimailuaren erdigunean. Handik abiatu da alabarekin izan dudan elkarrizketa argigarria.

Ongi planifikatutako gezur sistematikoa izan da, esan nahi baita, sistema osatzen duten katebegi guztiak zipriztindu egiten ditu. Gezur biribila izan da, ertzik gabea. Gasen emisioa manipulatzen duen gailua milaka eta milaka autotan txertatzea ezin da ulertu erabaki anker eta ongi diseinatu askoren emaitza modura ez bada. Fabrika erraldoiko presidenteak jakingo zuen (hark edo bere oso hurbileko norbaitek deliberatua), injineru-buruek jakingo zuten bezala. Urteetan horren arrastorik sumatu ez duten erakundeak ez ziren urruti ibiliko, gaitza baita imajinatzen horren arreta eskasarekin jardun izana urteak joan eta urteak etorri.

Natorren harira, desbideratzen ari bainaiz. Guztia erraz ulertzeko modukoa dela uste izan dut alabetako batek galdera egin didan arte. Autoan gindoazen eskolara, goizero bezala, irratiko albisteak elkarrekin komentatzen. Hona galdera: «Ama, ez al die lotsa ematen?». Horra gakoa.

Iruzur egiten duena ez da lotsatzen, eta herritarrok ez dugu lotsarazten. Iruzur egiteak ondorioak dituela erakusten diegu geure seme-alabei; denborarekin sententzia hori nola edo hala «egokitzen» ikasiko dutela dakigun arren, barruan zerbait geratuko zaiela uste nahi izaten dugu. Uste ustela, nolanahi ere. Izan ere, halako batean barruko har hori isildu egiten zaigula iradokitzen baitu ustelkeria sistematikoaren aurrean erakusten dugun erresistentzia moral urriak.

Gaitzetsi egiten dugu delitua delako, baina gutxitan, oso gutxitan, etikaren ikuspuntutik lotsagarria delako. Halabeharrezkoa dela iruditzen zaigulako, beharbada. Besterik ez dela posible sinisteraino sartu zaigulako ustelkeria. Beraz, «ez» erantzun diot alabari, «ez dira lotsatzen, harrapatu izanaz damutuko dira gehienez, baina lotsaren arrastorik gabe».

Albiste-zorabioaren erdian, ia oharkabean pasa da joan den ostegunean Alboan gobernuz kanpoko erakundeak antolatutako elkarrizketa-saioa, non enpresak bere jarduera garatzen den gizartearekiko duen erantzukizunaz hitz egin baitzen. Bertan ziren enpresak garapen-bide orekatu, eramangarri eta bidezkoa aurrera eramateko elementu giltzarri direla defenditzen dutenak, enpresaburuak gehienak. Enpresa-erabakiak komunitatearekiko arduratik zuzentzen dutenak, onura pertsonalak eta sozialak lehenesten dituztenak. Etikarik gabeko enpresak lotsatzen ez ditugun bitartean, etikatik zuzendutakoak ez ditugu goretsiko. Eta egon badaude, albisteen zorabioaren erdian jaramonik egiten ez badiegu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.