Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Eskolara itzuli

2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Bi hilabete daramatzate haurrek eta gaztetxoek ikastetxera joan gabe. Hankaz gora dago haien irakaskuntza prozesua: Internet bidez ari dira irakasleak, zailtasun handiekin, eta zama latza geratu da familien bizkar. Luze doa itxialdia, eta ondorio makurrak ekarriko ditu hezkuntzan: ikasleen arteko arrakalak areagotzea, eskolan nabari diren desberdintasunak are gehiago sakontzen baitira handik kanpo. Euskararen irakaskuntzari ere kalte egingo dio: milaka ume eta gaztetxo geratu dira euskaraz aritzeko lekurik gabe.

Alde horretatik, desio izatekoa da eskolak ahalik eta lasterren zabaltzea, desoreka horiek txikitze aldera. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hasiak dira ikasleak itzultzen, baina nabarmena da ezinegona. Irakasleek ez dute sumatzen gutxieneko baldintzarik irakaskuntza prozesuarekin jarraitzeko. Eusko Jaurlaritzak datorren astean eman nahi zuen pausoa, Batxilergo amaierako eta Lanbide Heziketako ikasleak institutuetara itzulita, baina adierazgarria da nolako aurkakotasuna eragin duen: aho batez ia, aurka egin diote eragileek. Aldebakarrez aritu izana leporatu diote, behar adinako bermerik gabe planteatu izana eskolak berriz zabaltzeko aukera.

Koronabirusaren krisiak ezinbestean ekarriko ditu aldaketak hezkuntzara ere, eta, aste batzuetan gelara itzuli ala ez gorabehera, pisuzko erabakiak hartu beharko dira, batik bat datorren ikasturteari begira. Beste era bat eskatuko du horrek: adostasunak lotzeko jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.