Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Zas!

2016ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Arropa-dendatik irteterakoan, alarmak jo du. Irteerako segurtasun-arkuaren ondoan gauden hiru erosleak gelditu egin gara, eta elkarri begiratu diogu zalaparta nork eragin duen aurresan guran edo harrituta, segurtasun-zaindaria guregana datorren bitartean. Aurrena janzkera baldan samarreko mutil gaztearengana inguratu da, «ireki hori» esanez, haren txima luze eta piercing-ak erakarrita edo; ezer susmagarrik ez dagoela ikustean, «sigue» lehor batez agurtu-edo egin du. Azalaren kolore iluneko emakumearen txanda da jarraian, buruko zapiarekin sinesmena nabarmen erakusten duena, eta «las bolsas» aski adierazgarriaz zuzendu da harengana zaintzailea; emakumeak, ohituta dagoela pentsarazi didan neke-keinuaz, eskuetan daramatzan bi poltsak hustu egin ditu ordurako begira dagoen jende-saldoaren aurrean. Alderik alde miatu du guztia segurtasun-langileak, alferrik baina. Niregana zuzendu da azkenik; barkamena eskatu dit itxaronarazteagatik, begiratu bizkorra bota du nire eskuko poltsan, eta, egun ona opaz, joateko esan dit.

Banoa kanpora, alarma zerk askatu duen jakin gabe, eta are kezkagarriagoa zaidana, zer gertatzen zaigun ulertu ezinik.

Gizarte-taxonomia inplizitu bat datza eguneroko keinu ia guztietan, ia oharkabe pasatzen zaizkigun hamaika ustezko txikikeriatan. Espezieak sailkatzen diren bezala, beren ezaugarri edo balizko ezaugarrien arabera goian edo behean jartzen ditugu bizikide ditugun giza taldeak, multzokatuta edo banan-banan. Gugandik zenbat eta arrotzago, orduan eta beherago sailkapenean. Marko bat osatzen dugu horrela, albo banatan hesiak ipinita dauzkan errealitatea ikusteko molde bat, zeinak eguneroko bizitzako gertaerarik hutsalenak ere modu jakin batez hautematera eramaten gaituen. Gazte beltzaran talde bat inguratzen bazaizu semaforoan geldi zaudela, poltsa estutu egingo duzu zure gorputzaren kontra, babestuz edo. Hegoamerikar neska gaztea zure etxe ondoko ataritik ateratzen ikustean, bizilagun adinekoen zaintzaile izango dela pasatuko zaizu burutik, batere erreparatuko badiozu, behintzat. Gogoan dut alabak haurtzaindegira eraman genituen unean harritu egin gintuela gela txiki hartako kolore, kultura, hizkuntza eta janzkera aniztasunak, Bilboko San Frantzisko auzoko kaleetan usu izangatik ere, niri artean arrotza gertatzen zitzaidana. Eta ez dut ahaztu gureak bezain jatorri argikoa zirudien beste haur baten amak berehala lasaitu egin nahi izan ninduela, «hemen denak kontrolatuta daude» esanez. Niri dibertigarri eta aberasgarria iruditu zitzaidan nahasketa hark kezka eragin behar omen zidan, itxura zenez.

Ez dakit nola sortzen diren taxonomia horretako laukiak, baina badakit gotorlekuak sorrarazten dizkigutela sailkapenek, guri aplikatzen zaizkigunean arbuiagarri edo iraingarri gertatzen zaizkigunak, bidenabar esanda. Xenofobiaren alanbrearen gainetik dantza egiten dugu, ez erortzeko ahalegina eginez, baina edozein momentutan estropezu egiteko arrisku handiarekin. Nork ez du sekula laprast egin?

Politikoki zuzenegia irudi lezake orain artekoak, aitor dut. Hala balitz ere, ez zait horren txarra iruditzen, politikoki baldar eta arduragabe izatera ohituta baikaude auzi honi dagokionez, eta ez dago gaizki orekatu nahi izatea. Irratiko esatariak berehala argituko dizu Europako ekialdeko zein herritakoak diren kobrea lapurtzen harrapatu duten gazte hori, eta nabarmen erakutsiko dizkigute gatazka eragin duten gazteen irudiak albistegian, betiere gure azalaren koloretik erraz bereizteko modukoak badira.

ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sarea aste honetan aurkeztu dute, makina bat informazio, baliabide eta gomendiorekin, nork bere esparrutik lantzekoak, nork bere buruari aplikatzekoak. Gizarte-eraldaketaren zeregin honetan, izan ere, irtenbidearen parte ez dena, arazoaren parte izango da noizbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.