ARKUPEAN

Kometaren buztana

Mikel Elorza -

2014ko azaroak 15
Askori ebatsi digu arreta aste honetan Rosetta zundak eta Philae moduluaren kometaratzeak. Albiste zientifikoek tiratzen dute, ez baita iazko haizea misio-aren inguruan esan zaiguna, aspektu teknologikoen goi maila. Kometa aztertuz unibertsoaren jatorria eta halakoak ikertuko omen ditugu, eta unibertsoa nola eta zerez osatua dagoen, nondik gatozen. Diru horrek beste erabilera batzuk izan zitzakeela zalantzarik ez dut, baina ez noa ikerketa espazialaren kontra egitera.

Aprobetxatuko dut kometa gure informazio eremutik pasatu dela komentatzeko unibertsoaren eta bizitzaren jatorriari baino, nondik gatozenari baino, nora goazenari begiratzea estimatuko nukeela nik. Eta ez diezadala inork erantzun nora goazen jakiteko nondik gatozen jakin behar dugula. Historia ezagutzea beharrezkoa dela. Batez ere, ez esatea bere historia ezagutzen ez duen herri bat kondenatuta dagoela historia errepikatzera, pitokeria bat iruditzen baitzait hori, sententzia bezala ongi ematen duena baina edukiz hutsala, eta gezurra. Esan baitaiteke, fidagarritasun berberaz, bere etorkizuna bilatzera ez doan herri bat kondenatuta dagoela beti bere historian bizitzera.

Kataluniako biztanle asko aurrera begira izan dira joan den asteburuan, eta hala daramatzate hilabeteak. Etorkizun bat eraiki nahian ari dira, eta arerio oso txarra egokitu bazaie ere, ari dira. Espainiako hainbat tokitatik eta bereziki medioetatik jasotzen dituzten erantzunak aztertuta, gainera, ez dirudi gaizki ari direnik. Badut nik eszeptizismo zama bat mugimendua gidatzen duten agintariekiko errezeloagatik, kontserbadore asko dago hor, daukatena kontserbatzea larregi maite dutenak, baina behintzat aurrera begira ari dira.

Historia asko gustatzen zait, gainera. Bereziki gurean, non hainbeste poz une ematen digun, eta hala, tarteka deskubritzen dugu Erdi Aroko dokumentu bat errege eta Aitoren semeen tratuei buruzkoa (alabak etxean egoten baitziren, lanean, gu matrilineal marraztu nahi bagaituzte ere), zeinaren tintarekin gure herriaren marrak birmarrazten diren; eta inoizka patua benetan aldeko suertatzen zaigu eta duela 14.000 urteko bi hagarekin topo egiten dugu. Eureka! Han geunden gu, bueno han ez, hemen geunden gu, duela 14.000 urte! Hagagileek protoeuskararen sintagma batzuk ahoskatzen zituztela esaterik bagenu, arraioa, orduan bai festa erraldoia.

Eta ondo dago hori dena, ni ere joango naiz seme-alabekin museoren batera hagak eta kometa-harriak ikustera, baina nahiago 14.000 izan gabe, hemendik urte gutxi batzuetara hemen jarraituko dugun jakitea, Ezkuztako koba tren edo errepideren batek eraisten ez badu. Eta hemen bainoago, jakitea duintasunez izango garela. Ziburun duela 14.000 urte zein atzizki sistema baliatzen zuten baino, hemendik urte batzuetara euskaraz normal mintzatu ahalko diren jakiteak arranguratzen nau, argindar generadore bat erabili behar izan gabe. Gure egunkari hau —eta beste medioak— zeinengana iritsi ahal izango diren, izan ahalko diren, irismenak gorabehera. Eternamente Yolanda ez dela jakin dugularik, eguzki sistematik ateratzeko ez baina egitura batzuk eraikitzeko gai izatea nahiko nuke, eternamente navarra izan ez dadin. Eta abar.

Aurrekoa izan ez balitz bezala joan nahi dudala? Ez, noski. Ni ere ez nago ahanzteko Martin Villaren emaitza-politikak. Nik ere memoria aldarrikatuko dut eta kereila sinatuko. Baina aurrera begira.

Eta behingoagatik gure esaera zaharren kateak hautsi. Atzeak ez du erakutsi behar aurrea nola dantzatu. Dantzatu behar da norberari irteten zaion moduan, unean, tokian, lagunekin, eta ez bakarrik aurreskua (eta dantza gehixeago eta footing gutxiago ere aldarrikatuko nuke gure kaleak milaka herri zapatillek zapaldu dituzten honetan, baina hori beste artikulu baterako da).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna