Txikitik handira, bestak beste modu batera bizitzeko

Egitarau oparoa prestatu du herri mugimenduak gaurtik igandea arte Baionako bestentzat. Hamar urte beteko dira Patxa plazan animazioak antolatzen hasi zirela

Lizarrako Bolbora taldearen kontzertua, iazko Gazte Egunean, Patxa plazan. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2017ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Dena prest dute Baionan, bestei hasiera emateko. Gaurtik igandera arte, ehunka mila pertsona bilduko dira Lapurdiko hiriburura. Herriko etxeak egitarau ofiziala antolatu du, baina herri mugimendutik ere dozenaka hitzordu prestatu dituzte, bestak «bestela» pasatzeko asmoarekin. Hamar urte beteko dituzte Patxa plazako animazioek.

Besta herrikoi, euskaldun eta parekideak antolatzea da Baionako Gazte Asanbladaren helburua. Hori azaldu du Lili Iriart asanbladako kideak: «Ideia nagusi orokorra besta irekiak antolatzea da: euskaldunak, euskara eta euskal kulturari leku handia ematen diegu; besta sanoa, edozein motatako erasoak ez ditugu onartuko; besta aniztunak, estilo eta gustu guziak biltzen dituen programazio zabala da». Hala, bost eguneko egitaraua atondu dute aurten ere, egunez eta gauez mota guzietako saioak proposatuta.

Gaur, 19:00etan eginen dute irekitze alternatiboa, San Andres plazan dagoen Xina ostatuko balkoitik, eta, ondoren, Xistor of a Down eta MG Banda taldeen kontzertuak izanen dira Patxa plazako txosnagunean. Bihar, aperitifa alaituko dute bertsotan Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek, eta, arratsaldean, haurrentzako jokoak ere izanen dira Gaia elkartearekin. Ostiralean, Kargak & Deskargak bertso emanaldia izanen da eguerdian; larunbatean, Gazte Eguna eta igandean presoen aldeko elkartasun eguna. Gauero kontzertuak izanen dira.

Orain dela hamar urte hasi ziren gazte asanbladakoak bestetarako animazioak antolatzen. Hasieratik parte hartu zuen Ibai Agirrebarrenak, eta gogoan ditu hasieran izan zituzten zailtasunak. «Ekainaren 21eko Musikaren Bestarentzat plaza okupatu eta kontzertuak antolatzen hasi ginen, eta, urte berean, Baionako bestetan zerbait egitea erabaki genuen».

Hiri guzian

Beren ideia Gazte Eguna antolatzea zen: zakarrontzi handietan izotza jarri, garagardoak sartu, eta horrela hasi ziren. «Zenbat izanen ginen, sei pertsona? Lehen aldia zen horrelako zerbait egiten genuena, ahal bezala aritu ginen». Irribarrez oroitu du hasierako prekaritatea: «Baimenik eskatu gabe antolatu genuen dena. Elektrizitatea lortzeko ondoko ostatu, okindegi eta partikularren etxeetatik tiratzen genuen, eta egurrezko eszena txiki bat jartzen genuen, soinu material kaxkarrarekin. Urte batez, hain zen txarra, plazaren alde batetik bestera kontzertua ez zen entzun ere egiten».

Hasieran, 22:00etarako dena bukatu eta biltzen zuten, eta pixkanaka joan ziren garatuz, aste barnean bertsolariekin eta elektrotxarangarekin poteoak antolatuta, besteak beste. Orain dela hiru urte gainditu zuten zinezko koxka, bi txosna eta agertokia jarrita; iaztik, bost eguneko egitaraua antolatzen dute. «Horrelako proiektuek garatzeko, borondateaz gain, denbora ere behar dute», Agirrebarrenaren iritziz. Pozik da, lortutakoaz. «Ekarri duena da bost egunez gune euskaldun, parekide eta herrikoi bat sortu dugula, eta hemen pasatzen ahal direla bestetako bost egunak giro bikainean. Orain arte, baziren gune eta ostatuak beste giro batekoak, euskara eta euskal kultura biziarazten duten guneak Karrikaldia bezala, baina gazte esparrua eta gau giroa ukitzen zituen proiektu herrikoirik, ez. Hutsune hori bete dugu».

Hemendik aitzina, elkarte gehiagoren artean elkarlana sustatu beharko litzatekeela uste du, orain arte egiten dutena modu «handiago eta zabalagoan» egin ahal izateko. «Jende gehiago biltzea, balio horien inguruan bestak antolatzeko».

Patxa plazako txosnaguneaz gain, beste elkarte eta eragileek ere antolatzen dituzte ekitaldi eta animazioak, Baionan giro euskalduna sustatzeko helburuarekin. Horien artean dira, Patxoki, Patxondo, Mamitxula eta Txalaparta elkarteak, besteak beste, eta baita Karrikaldia ere; egitarau oparoa prestatu dute bost egunetarako. Urte guziz programazio alternatiboa osatzen parte hartzen badute ere, bestak lan politikorako ere erabiltzen dituztela azaldu du Patxoki kudeatzen duen Bizi mugimenduko Mattin Ihidopek. «Kasik milioi bat pertsona ibiltzen da bost egunez Baionako karriketan. Gure mezuak horiengana iristen saiatuko gara». Patxokin, eguerdiro euskal kantuen ordua antolatu dute, bost euroan, arrautza eta xingar plater bat jateko aukerarekin. Lehen aldiz, plater begano bat ere proposatuko dute. Arratsetan kontzertuak izanen dira.

Herri mugimenduko elkarteen artean, eraso sexistei erantzuteko protokolo bat ezarri dute aurten ere. Iruñeko sanferminetan abiatu lana dute eredutzat, eta Baionako Herriko Etxea bide hori segitzera eraman nahiko lukete. Hala ere, baikorki baloratu dute, eraso bat gertatuz gero Herriko Etxeak ere bere aldetik salaketa jartzea; «azkenean iritsi da». Kolektibo feministek salatu dute herriko etxeak luzaz arazoa «ukatu» duela eta egin dituen aitzinapauso guziak, hainbat kolektiboren bultzadaz egin dituela. Horregatik, «eskuz esku» lanean aritzeko deia egin diote. Anartean, beren protokoloa jarri dute: eraso bat gertatuko balitz, biharamunean elkarretaratzera deituko dute, 18:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.